Eskolan erdara hautatzeko «eskubidea»

Ez da oraingo kontua euskarafoboek, Euskal Herrian, eskola-hizkuntza gisa erdara hautatzeko askatasuna edo «eskubidea» aldarrikatzea. 

Sare sozialetan, aldian-aldian azaltzen dira kexu ea haien seme-alabek zer dela-eta ikasi behar duten haien iritziz ezertarako balio ez duen hizkuntza bat. Gainera, haien aldarrikapenaren oinarrian «askatasuna» edo «eskubidea» ezartzen dute, zilegitasuna eman nahian. Baina eskubidea al dute, haiek dioten bezala, Euskal Herrian euren seme-alaben eskola-hizkuntzatzat gaztelania edo frantsesa hautatzeko? Edo, bestela esanda, eskubidea al da lurralde bateko berezko hizkuntza alboratu eta hizkuntza kolonizatzailea hautatzea?

Urriaren 10ean (larunbata) mila lagun inguru batu ziren Baionan, Anne Bisagni-Faure Bordeleko akademia-errektoreak ez baitzuen euskarazko murgiltze-eredua baimendu handik oso hurbil dagoen Hiriburuko Baste-Quieta eskola publikoan. Akademia-errektoreak adierazi zuen derrigorrezko irakaskuntza frantsesez egin behar dela, «Errepublikako hizkuntzan». Euskalgintzako eragileak eta Ipar Euskal Herriko hiru eskola-sailak (publiko elebiduna, pribatu elebiduna eta Seaska) izan ziren Baionako giza katearen antolatzaileak, baina mobilizazioak bat egin zuen Estatu Frantses osoan hizkuntza gutxituen alde antolatu ziren mobilizazioekin: 30 ekimen antolatu ziren, orobat, Bretainian, Alsazian, Korsikan, Flandrian, Savoian eta Okzitanian, Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen mugimendua osatzen duten eragileek deituta.

Antolatzaileek garbi azaldu zuten euskaraz ikasteko eskubidearen kontrako beste eraso bat izan zela eta Estatu Frantsesa euskararen garapenaren kontra dagoela. Oro har, Estatu Frantsesean mintzatzen diren hizkuntza gutxituen murgiltze-ereduak zapuztu nahi dituzte. Estatu Frantsesa aspaldi konturatu zen estatu-hizkuntza bakarra edukitzearen garrantziaz, eta, Frantses Iraultzaren ostean, frantsesa inposatu eta hizkuntza bakar bilakatzeko planari ekin zitzaion Estatu Frantses osoan (harrigarria badirudi ere, Estatu Frantseseko biztanleen laurdenak baino ez zuen frantsesez egiten Frantses Iraultzaren aurretik). Bretoiera, okzitanoa, katalana, euskara, korsikera eta abar mintzatzen ziren eremuetan, ez zitzaien hain erraz gertatu frantsesa inposatzea, eta metodo bortitzak erabili behar izan zituzten horretarako (umiliazio fisikoak eskoletako haurrei, besteak beste).

Gaur egun, 200 urteren ondoren, Estatu Frantses osoan dago frantsesa «normalizatuta» (ezin ukatu hizkuntza-politika eraginkorra izan zela), eta gaurko agintari frantsesek ere ondo dakite hizkuntza bakarra edukitzea zer garrantzitsua den estatu batentzat; izan ere, Estatu Frantsesak ez die eskubide kolektiborik aitortzen estatuko hiztun-komunitateei, eta frantsesa jotzen du Frantziako Administrazioaren hizkuntza bakar gisa.

Baionako giza katea Rene Cassin legegizon baionarraren etxetik atera zen, Nazio Batuen Erakundeak 1948an onartutako Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren (GEDU) egileetariko bat izan baitzen (euskal herritar bakarra). GEDUko zenbait pasarte erabili ziren protestaldian; besteak beste, 26. ataleko 3.puntua: «Gurasoek lehentasunezko eskubidea izango dute seme-alabei emango zaien hezkuntza mota aukeratzeko». GEDUn, berez, azaltzen da ez dela inor baztertu behar, besteak beste, bere hizkuntzarengatik, baina ez dira hizkuntza-eskubideak esplizituki bere horretan aldarrikatzen.

Hutsune hori bete nahian, hizkuntza-komunitateen eta hiztunen eskubideak ere idatziz jasoak izan zitezen, hain zuzen, sortu zen Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala (HEDU) (1996, Munduko Hizkuntza Eskubideen Konferentzia). Eta HEDUren 29. artikuluak dio: «1. Gizaki orok eskubidea du bera bizi den lurraldeko hizkuntza propioan hezkuntza jasotzeko». Gakoa «hizkuntza propio» edo berezko hizkuntzan dago, beraz.

Horrenbestez, eskubideak hizkuntza guztiei atxikirik doaz, ala desoreka-egoeretako hizkuntza gutxituak (lurralde kolonizatuetako berezko hizkuntzak) babesteko aitortzen dira? Eskubidea al da Euskal Herriko eskoletan euskara alboratu eta hezkuntza erdalduna eskatzea? Erdara hutsa hautatu nahi izateak ez al du, oinarrian, euskara alboratzeko nahia? Norberaren eskubideak gauzatzeak beste batenak zapaltzea badakar, eskubide horiek izan daitezke eskubide...? ala, eskubidea baino, pribilejio dira? Gaur egun, Euskal Herrian erdaraz ikastea eskubidea dela esatea, euskararen egoerari eta hura suspertzeko hizkuntza-politikei jaramonik egin gabe, jarrera euskarafoboa eta supremazista ez ezik, guztiz neoliberala ere bada.

Iparraldean, protestaldiaren ondorengo egunetan, Frantziako Gobernuaren jarrera-aldaketa etorri da; azkenean, baimendu egingo dute Hiriburuko Baste Quieta eskola publikoan euskara hutsezko esperimentazioa. Baina hori ez da eskertu beharreko gauza bat, gizartea mobilizatu egin behar izan baita hori lortzeko. Horra, emaitza.