Agerian geratu da euskararen (eta, hortaz, euskaldunon) lekua zein den komunikabideetan, administrazioan, osasungintzan eta abarretan. Gogoratu besterik ez dago, esate baterako, Hego EHko Santos Indurain Orduna eta Miren Nekane Murga Eizagaechevarria Osasun Sailburuek itxialdian zer garrantzi eman zioten euskarari beren agerraldi publikoetan (Ipar EHko Herri Elkargoak eduki ere ez dauka osasun-eskumenik), edo EUDELen «Presazko izaera duelako, dokumentazio hori bakarrik gaztelaniaz aurreratzen da. Euskarazko bertsioa datorren astean bidaliko da», edo ETB1en «Lehentasuna informazioak du» (hizkuntzaren aurrean), edo joan den astean Elena Perez Barredok, EAEko Lan eta Gizarte Segurantzako Sailbururodeak, esandako «Primero voy a decir unas frases en euskera para quitarme esa parte de encima y luego empiezo con la rueda de presna». Kolektibo zaurgarria da euskaldunona.
Euskal Herriaz Euskaraz (EHE) elkarteak hori dena gogorarazi nahi izan du asteburuan Usurbilen egindako prentsa aurreko agerraldian. Aurten 42 urte beteko dira EHEk bere sorrera-agiria plazaratu zuenetik (EAEko Autonomia Estatutua onartu eta bi astera), eta oraindik bizi-bizirik dago orduko kezka nagusia, hots, «gure hizkuntzaren gero iluna». Gaur egungo munduaren errealitatera moldaturik, oinarrien ikusmira berria aurkeztu du EHEk (hemen, ikusgai: www.labur.eus/ikusmira), eta euskara erdigunean jartzeko unea dela aldarrikatu du.
EHEk intersekzionalitatetik begiratuko dio munduari; alegia, sistema patriarkal kapitalista linguizidak sortzen dituen zapalketa guztiak geure eginez eta batera jarduteko bideak bilatuz. Feminismoak erakutsi digun kontzeptu aberats eta indartsua da interskezionalitatea, bizi dugun gizartean pribilegioak eta zapalketak nola eratzen diren azaltzen duena, eta borroka-molde horretan kokatzen du EHEk bere burua, euskaltzaleon borroka ere zapalduon borrokan integratuz.
Euskal Herriaren independentzia ere aldarrikatu du EHEk hizkuntza-asimilazioari aurre egiteko bitarteko gisa. Euskal Herriak bere buruaren jabe izan behar du euskararen estatusean eragiteko, hizkuntza-politika beregainak sortuz eta merezi duen normalizazio-prozesua abian jarriz. Independentziaren aldarriaz gainera, «deskolonizazioaren» ideia ere landuko du, euskaldunek menpeko hizkuntza-praktikak gainditu eta euskaraz bizitzearen aldeko hautua egin dezaten.
Ideia horiek ardatz, 2021. urtea euskara erdigunean jartzeko urtea izan dadila aldarrikatzen du EHEk, ilusioa berreskuratu eta euskalduntzearen aldeko borroka berrindartuko dugun urtea. Euskal Herriaren berreuskalduntzean gauzak aldatzen hastea tokatzen zaigu, eta, horretarako, ahaldundu beharra dugu euskaltzaleok, gure hizkuntza-eskubideak aldarrikatuz, erasoak salatuz eta konplexuak gaindituz. EHEren 1979ko jendaurreko aurkezpenean aldarrikatu zena gogoan: “Euskararik gabe, Euskal herririk ez!”.
Orain, euskaltzaleon txanda da.