Saizarbitoriaren kezkak arrazoizkoak dira. Dio «euskaldunon artean gaztelaniaz aritzeko tabua erortzen ari dela», «kontzientzia linguistikoa galtzen ari garelako, geure burua erreprimitzeaz nekatuta gaudelako». Eta bete-betean asmatzen du esatean bere euskalduntasuna nola bizi ezin jakinik dabilela euskalduna, euskararen normaltasun ezak eragiten duen estres linguistikoak eraginda. Euskararen estatusean ere aldaketak egon direla dio idazle donostiarrak: «euskara jada ez da euskaldun egiten gaituena, ez euskaldun guztientzat behintzat. Askorentzat, oposizioetan puntuak ematen dituen ikasi beharreko hizkuntza da». Halaxe da, bai.
Beste gauza batek eman dit atentzioa, baina, Saizarbitoriaren diskurtsoan. Saizarbitoriak, euskara batuaren defentsa sutsua egin asmotan, esaten du ezen, bere ustetan, euskara salbatzekotan, bikaintasunari eta prestigioari lotuta bakarrik izan daitekeela, «ez baserritarkeriaren eta jatorkeriaren bidetik», eta dio: «zin dagizuet hobeto ulertzen ditudala besterik gabe nagikeriaz euskara abandonatzen dutenak, jatorkeriaz, harrokeriaz beren bailarako edo mendi puntako “euskerie” aldarrikatzen dutenak baino». Motzean esanda, enpatia gehiago sortzen diola utzikeriaz erdaraz egiten duenak, etxean (edo beste nonbait) ikasitako euskalkia aldarrikatzen duenak baino. Erdaraz hobe, euskalkian baino. Baina euskalkiei buruz ari da, oro har? Ala bati buruz...?
Ez da kasualitatea Saizarbitoriak, «bailarako edo mendi puntako» deabruzko hizkera horien adibide gisa, mendebaldeko ezaugarriak dituen hitz-aldaera bat hautatu izana: «euskerie» (-a + a > -ie, mendebaldeko artikulu-egokitzapena). Jar zezakeen donostiarren hizkerako «dezute» edo «artzaia», adibidez, baina ez. Aukera zezakeen lapurterako «euskala» edo nafarrerako «eskara», baina ez. Seguruenik, horiek ez zaizkio mendebaldeko aldaerak bezain «bailarako edo mendi puntako» irudituko, eta ez diote mendebaldeko aldaerek besteko azkura sortuko.
Mendebaldeko hizkerak, euskal herritar askorentzat, berbeta itsusi, trakets eta zakarrak izan dira eta dira. Hala sinetsarazi digu epizentro donostiarrak euskara batua sortu denetik. Hamaika adibide jar nitzake, baina EITBren kasua aipatuko dut hemen, mendebaldeko hizkerak zeharo baztertuak izan baitira han, sortu zenetik herenegun arte. Horren erakusgarri, Ramon Labaien zenak, lehendabiziko Kultura Sailburu, EITBren sortzaile eta Donostiako alkate izandakoak, web-atari ezagun batean EITBko hizkuntza-irizpideei buruz ari dela (azpian, esteka), azaltzen du ETBn hasieran erabiltzen zuten euskara ez zela batua, baizik eta «gipuzkoar osatu bat», eta barre egiten du kontatzean Oporrak itsasoan telesaila (jatorrizko izenburuz: The love boat) bikoiztu zutenean, itsasontziko pertsonaia beltz bakarra, barmana, bizkaieraz berbetan jarri zutela (haren imitazio bat ere egiten du “Zelan zagoz?” keinu komikoz esanez). «Gauza da beltzak bizkaieraz, eta beste guztiak gipuzkeraz. Eleganteak gipuzkoarrak, eta barmana... ba...». Horra, donostiarren ikuskera soziolinguistikoa zein izan den orain gutxi arte, eta, antza, batzuen buruan bizirik dirauena.
Ez dakit mendebaldeko hiztunen artean euskalkia aldarrikatzeko inoiz baino joera gogorragoa dagoen orain. Baina ausartuko nintzateke esaten mendebaldeko oraingo hiztun gazteek ez dauzkatela garai batean euskal kulturaren erdigune izan ziren donostiarrek mendebaldeko hiztunengan sortu zituzten konplexuak, eta beldur gabe aldarrikatzen dutela haiei baliagarri zaien hizketa-kodea. Mendebaldean baturanzko joera ez baldin bada Donostia aldean espero dena, beharbada, satanizatu beharrean, aztertu egin beharko litzateke zergatik gertatzen den hori, hegemoniatik jaitsita eta enpatia pixka batez, gauzak (eta garaiak) asko aldatu baitira euskara batua sortu zenetik. Garai bateko inertzia ozpinek ezin dute bere horretan segi. Lasta botatzeko garaia da, ez dugu inor behar Donostiatik Bilbora etorriko dena errieta egitera. Jarrera paternalistak beste garai batekoak dira.