MTV musikaren asteko kontzertuak zeintzuk izango ziren iragarri zutenean, euskal taldeen presentzia txiki hori ez zitzaidan batere gustatu. Ez etxeko taldeek bertan jo behar dutelako, baizik eta gurean maila horretako taldeak ditugula uste dudalako. Hurrengo egunean, talde horien kontrako erasoak hasi zirenean gauza bat etorri zitzaidan burura, eta Berri Txarrak izango balitz, zer?
Bizitzak horrelako bitxikeriak ditu. Handik gutxira, San Mameseko ekitaldian egongo direla esan zuten. Zur eta lur gelditu nintzen eraso berdinak jasan zituztenean. Zorionez, bazekiten zetorkiena. Argi eta garbi utzi dute beraien sare sozialetan: “Haters gonna hate”, mundu honetan ibiltzeko lehenengo ikasgaia zein den aspalditik dakite.
Euskal talderik gabeko jaialdia bada, kritikatuko dugu. Euskal taldeek parte hartzen badute, kritikatuko ditugu. Euskal kultura betiko eremuetatik kanpo zabaltzen saiatzen direnak kritikatzen ditugu. Esandakoa, “Haters gonna hate”, eta kritikatzea da hemen batzuek gehien maite dutena.
Benetako arazoa alde batera utzi dugula deritzot. Hemen garrantzitsua ez da zirkoan parte hartzea, baizik eta zirkoa ekartzea. Artisten kontra jotzea ez dut bidezkoa ikusten, han egotea beraien lana da eta guztiek errespetu osoa merezi dute. Hemen gakoa gure agintarietan dago, ez artistetan. Makrofestibalak tentuz hartu behar ditugu, eta saldu nahi dizkiguten gezurrak ez dira irentsi behar. Auzoak bultzatu beharrean errugbi finalak, MTV-a eta BBK Live-a ekarri dituzte, eta kontuak ez zaizkit ateratzen.
Zirkoa hemen dagoenean, zer? Bertan parte hartu eta zeurea bilakatu. Ni MTV World Stage Bilbao jaialdian jotzearen alde nago eta igandean izango balitz, hobe. Gonbidapena onartu, zure lana mundu osora zabaldu eta Euskal Herria nolakoa den erakutsi, eta gainera euskaraz! Azkenean heldu da talde euskaldun bat San Mames bezalako Katedral bat! bete dezakeena, beraien mailara heldu dena. Euskaldunen musikak besteenak bezainbeste balio du, hausnarketa hori atera dezakegu.
Berri Txarrak Euskal Herriko herri, auzo eta gaztetxeetan jotzen ibili da, taldea sortu zenetik, euskal kultura sortzen eta zabaltzen. Ez dakit zenbatetan ikusi dudan zuzenean. Hatortxu Rocken, Ikastolen festetan, gaztetxeetan Beude! (Astrako kontzertua) eta txikitatik jarraitzen dudan Lekunberriko laukote hura BEC betetzen duenean edo San Mamesen betetzeko aukera duenean hunkitu egiten nau, ez dira herriko plazan gelditu, mundura irten dira eta nazioarteko mailara heltzea lortu dute, gaztetxeak, auzoak eta etxeko zaleak alde batera utzi gabe.
Niretzat horrek zera esan nahi du, Euskal Herriko kulturan gauzak oso ondo egiten direla. Hemen maila dago, Bernat Etxeparek idatzi zuen modura, Euskara jalgi hadi plazara, eta ez soilik irten, euskara plaza handiak betetzeko gai dela erakutsi du. Berri Txarrak San Mames betetzen edo Handia Goyetan nagusi, Euskara jalgi hadi mundura.
BECen egon nintzen, taldearen kontzertu bikain horretan eta ez naiz San Mamesera joango, egun horretan Koma ikustera joatea erabaki dudalako, Kafe Antzokira. Baina, Berri Txarrak San Mamesen ikustea itzela izango da, kriston taldea delako, zuzenean izugarriak direlako eta euskal kultura bihotzean eta euren musikan daramatelako.