Ez Dok Hiru bikotearen Euskal musikaren benetako istorioarekin hasi nintzen, itzela; bertatik irteten da ikuslea aurpegia alde batetik bestera tinko mantentzen duen irribarrez, arima puztuta, eta Iparragirre, Laboa, de Felipe, Iriondo, Lete edota beste hainbesteren kantuak gogorarazten dituen kantu txistukariarekin ezpain artean. Batez ere, jai giroan jarraitzeko gogoa pizten duena, alegia, sortzen jarraitzeko gogoa. Atzo berriz, Arriagan ikusitako Striptease ikuskizun original eta erakargarrian, Gabi Losadak zuzendutako istorioak zutabe honen lehenengo esaldi hori zuen izenburu.
Ikustea: zerbait ikustarazteko lehenengo hitza jarri. Zerbait garrantzitsua izaten hasten da, hitzez azaltzen denean. Hitzik ez duena, ez al da? Hitzik ez duena ere bada, gorputza da, emozioa da, baina hitzaren bitartez emozio horrek proiekzioa har dezake. Haratago begiratzeko gaitasuna, eboluzioa lortzekoa. Ikusteko gaitasuna lantzean, norbanakoaren ilusioa pizten ari gara. Gizarte gero eta indibidualista, bakartiagoan, erreza izan daiteke goizero, edota gauero, norberaren inguruko baieztapen ilun, negatibo, pesimistak isurtzen dituen uraz bustitzea eskuak, bularra, begiak, garuna. Norbanako horren ilusioa itzali egiten da egunetik egunera; egunetik egunera itzali egiten da bere burua proiektatzeko duen gaitasuna. Eta orainaren bilakaera, eboluzioa, gure burua proiektatzeko dugun gaitasunean dago hein handi batean. Hori barik ezin iraganari buelta eman, ezin aurrera joan. Iraganari nozio eta bizitza berriak gehitu.
Baina zaila da norberarengan sinestea. Sinesten al duzu zeure buruan? Egunero? Erabaki bat hartzen duzun bakoitzean edota baieztapen irmoak botatzen dituzun bakoitzean? Erreza da barne-segurtasuna galdu eta lurrera plaust erortzea; ez da erreza airean dir-dir eta bihotzetan zirrara egiten duen energia une oro mantentzea. Horregatik da beharrezkoa taldea; norbera bakarrik dago munduan hein handi batean, baina taldean dago baita, eta taldean gaudenean norbanakoa sustengatzea posiblea da. Unibertsitatean ikasleek lanak bikote edo taldeetan aurkeztean, badirudi isilik dauden ikasleak metaforikoki hilik daudela eta hitza partekatu behar dutenean besterik ez zaiela bizia bueltatzen; baina hitza hartzean, bakarrik daude. Eszenatokian fisikoki lagunduta, baina afektiboki eta emozionalki bakartuta. Non dago energia ematea, enpatia eta emozio eraikitzaile mutua, mutu baina bizirik begiradan, eskuetan, oinetako atzamarretan, belarrietatik usaindu eta sudurretik entzun. Hemen gaudelako, eta orain.
Ekitea: Eta zer da, dena? Jarraikortasuna ematen duena, eragiten duena, sortzailea dena, eraikitzailea dena. Atzoko ikuskizunaren atal baten izenburuak zutabe hau duen bezalaxe ondorioetako bat.
Eguna bukatu da. Zer egin dut gaur eraikitzaile izan dena? Deseraikitzaile ez den beste guztia. Lagun bati nire aholku zintzoa eskaini, familia kide batekin afaldu, bikoteari kalitatezko denbora oparitu, abesti bat konposatu, edo pentagrama bat, abesti bat kantatu, ispilu aurrean dantzatu, ogi pusketa bat dastatu, amodioa egin.