I
Irakaslea isildu da eta argiak piztu oholtzan. Hiru hizlari eta moderatzaile bat mahai luzearen atzealdean jesarrita, 200 ikaslez osotutako publikoari begira. Ziberkazetaritzaren Nazioarteko IX. Kongresu honetan bigarren eguna dute 18-21 urte bitarteko kazetaritza, ikus-entzunezko eta publizitatea eta harreman publikoetako gazteek, eta azkeneko mahai-ingurua Publikoarekin konektatu: markaren sorrera edukien eta imaginario kolektiboen zabalpenerako giltzarri gisa.
“Zu, oraingoan apunteak eure esku, ni aurrekoan ibili naiz-eta adi”, “bai lasai, eta nik bideoa egingo diat, zuk konpondu asteburuko afariana”- ikasle talde baten elkarrizketa izan zitekeena, mahai-ingurua hasi eta minutu bi lehenago. Nekatuta, gosetuta eta Mitxelena gela horretatik alde egiteko desiatzen, aldarte horretan. Eta hasi dira gure hizlariak hitz eta pitz; eta horietako bat altxatu da (Xabi Paya), lehenago komunikabide honetan bertan azaldutako pausa dramatikoa egin, eta ikasle bakoitzari hasi zaio berbetan. Publikoan zegoen pertsona oro mantendu du 50 minutuz adi, mugikorraren pantailari behin ere ez begiratu gabe.
II
Argi teknikariak prest ditu ikuskizunaren hasierarako foko urdin-zuri-gorriak. Piztuta, aretoa 1.800 pertsonaz beteta, eta Ara Malikian biolin-jotzailea erdian. Beste 6 musikarik laguntzen badute ere, biolinarekin eskaintzen dizkizun pirueta fisiko eta musikalek hartzen dute protagonismoa 2 ordu laburretan zehar, bukaeran Kepa Junkera ere lagun duela. Libanon jaiotako jatorri armeniardun musikariaren komunikatzeko gaitasuna maila gorenekoa da, musikaren bidez eragiten dizkigun zirrarak, hitzak tartekatuz konpartitzen dituen istorioak; barrea, negarra eta hunkidura, Save the Children Gobernuz Kanpoko Erakundeak Serbiara iritsitako ume errefuxiatuen esku, oin eta bihotz izoztuetarako berotasuna biltzeko egindako kontzertua, besteak beste. Emanaldi transformatzailea iruditu zitzaidan Malikian-ena, bertan sortutako bibrazioak barrura sartu eta denbora guztiak hari baten pentsuan mantentzen zaituzten horietakoak, behin askatuta, aretotik desberdin, diferente irtenarazten zaituzten horietakoa.
III
Pantailari “on” sakatu eta lehenengo planoa prest: emakume ginearra eta gizon zuria ohean. Palmondoak Elurretan film espainiarraren hasiera dugu, Ginean 50. hamarkadan kolono burgesen gizarte-bizitza arina eta bubi herriaren esklabotza gordina erakusten duena, besteak beste. Pelikula luzea da baina interesgarria suerta daiteke, nahiz eta zerbaitek arreta eman zidan: ez nuen gizonezko aktore nagusienetakoa dugunarekin konektatu. Bai, ados, denek dute pantailari so eta begirada ez aldentzeko bezalako itxura fisiko ederra, eta halere, behin baino gehiagotan eten nuen haria burua beste zerbaitetan kokatuz. Lehen planoetan, seguraski emozioa eragiteko errazenetan, aktoreak ez du testurik eta ez da –nire uste apalean beti ere jakina– planoa eusteko gai, hitzik esan gabe ere ikuslearen barne-zirrara-hunkidura-hariari heltzeko gai; ikus-entzulearen barnean sartu eta oratzeko.
Zerk bideratzen du konexio hori eragitera? Zergatik lortzen dute hain errez Malikian eta Paya-k bere publikoarekin konektatzen eta ez hainbeste aktore horrek? Entzuten jakiteak.
Gure publikoaren behar, nahi, desio, grina eta irrikak aktiboki entzuteko gai bagara, halako erantzuna emateko gai izango gara. Entzun ulertzeko, ez erantzuteko. Entzun kanpotik une horretan datorkiguna, ez soilik gure pentsamenduek esaten digutena. Gero ere une gehienetan gure buruak esaten dizkigunak entzuteari ekingo diogu.
Baina, zer egin behar dut horretarako? Nire esperientziatik hasiko naiz, ez baitut besterik, eta horrek diost praktikatzean dagoela gakoa, praktikan. Glovo edo Amazon online shop-ean erosi beharrean auzoko dendan kontua kobratzen dizunari ama Artxandako zahar-etxean duela entzun; pozik omen dago, eta bikotekideak ortua duenez zahar-etzearen ondoan, bion haurrekin joaten dira bisitan eta ortu zainketa eta umeekin amaginari bisita egiten dute bide batez. Fruta dendako gizonari irribarre egin, Japonen igaro berri duen bidaiaren nostalgia biguntzeko asmoz. Gozokia lurrera jausi eta mila zatitan puskatu zaion haurra negarrez dagoenean, gertatutako lelokeria hutsa dela oihukatu beharrean, umearen azalean une batez kokatu eta kezka puntu bat agertu, mundu osoan gozoki horrek ez baitu garrantziarik, baina une horretan haur horrentzat gozokia mundua da-eta, bere mundu hori zartakoz puskatzen ari gara ulermenetik baino, gure erantzuteko premia horretatik jokatzen dugunean.
Aktiboki entzuteko jarrera martxan jartzen ez dugun bakoitzean, gure egoak esateko duena baino ez gaude errepikatzen, eta gure egoak publiko bakarra da entzungai.