Ahots-uneak

Erabiltzailearen aurpegia Irati Agirreazkuenaga 2018ko urt. 15a, 11:08

“[…] Eta denbora luzeegian emakumeek esandakoari entzungor egin zaio, denbora luzeegian inork ere ez dio sinesgarritasunik eman gizon boteretsuen aurka hitz egiteko ausardia izan zuten emakumeei. Baina gizon horien denbora iraungi da. Euren denbora, bukatu da”.

Hitzek indartsu ekiten diote hasieratik Ophra Winfrey-ren ahotik publikoarengana iritsi arte egiten duten ibilbideari. Hizlariaren prosodian azentu nagusien luzatzea, lau hitzetik behin intonazioan egiten dituen etengabeko bariazioak eta esaldi tarteetako erritmo aldaketak sumatzen ditugu batez ere. 

Ahotsak psikearekin du lotura zuzena. 

Emozioak transmititzen ditu, eta eduki osotuarekin batera hori da iristen zaiguna, eta emozio eztanda horretan Ophra-k emakumeen aurkako indarkeria erdigunean kokatu du dirdiraz osotutako festan. Mississippin jaiotako emakumeak publikoan emozioak sortzeko duen gaitasunak lanketa latza du atzetik forma aldetik -edukiarekin batera, jakina.

Aktore eta antzerki zuzendari batzuen iritziz, norbera emozionatzea ez da publikoa hunkiarazteko ezinbesteko baldintza; hau da, esaterako, antzerkira publiko edo ikus-entzule soil bezala noanean, nik ni neu zirraratzea eskatzen diet aktoreei, ez besterik gabe aktore bat oholtza gainean erabat hunkituta ikustea.

Baina, hunkituta al dago aktorea bera? Baliteke ezetz, baina oholtza gainekoak ondo ditu prestatuak hitzak, sonoritateak, ahoskera, intonazioa, erritmoa, isiltasunak, barne-dardara hurkoan eragiteko dena du neurtua eta naturaltasun fabrikatuan jasoa. Baina barnetik  hunkituta egon ala ez, ez dugu gai nagusiena; hitza, ahotsa eta edukiarekin sortu du dardara, eta une horretan emozioa atzean geratzen da hitzari bide emateko. 

2017 urte bukaeran erantzundako elkarrizketa batean, kapak kentzen eta gorputzetik, barrutik bertsotan egin nahiko lukeela abenduko finalean adierazi zuen Beñat Gaztelumendi bertsolariak; “oso barrutik kantatu nuen; barrutik kantatu nahi dut eta barrutik kantatzen dudanean sentitzen naiz ondo” Oihane Perearen duela urtebeteko hitzak; egia ateratzeari buruz ari dira, eta prozesu horretan egi horrek ageriko emozioa atzean utzi eta hitzari paso emateko duten trebezia azpimarratu dezakegu horretan. Hunkitzea atzean utzi barik, hitza dardaraz, etenda aterako litzateke, edo besterik gabe, ez luke plaza joko.

Hitzetatik pentsamenduak sortzen ditugu, pentsamendu horiek geroko jarreretan eragin izango duten emozio edo interpretazioak eragiten dizkigutelarik. Eta praktikan jartzen al dugu gure egunerokotasunean gure hitzen forma, alegia, ahotsa bera? Edo emozioen sareetan erortzen gara modu esklusibo eta bakarrean gaur eta bihar? Egunero praktikan jartzen dugun horretan bihurtzen baikara aditu.