Errez koka ditzakegu literatura eta antzerkigintzaren historian James Joyce eta Samuel Beckett bezalako izenak, baita haien esaldi eta hitzak ere. Baztertuaren hitzak jasotzeak bestelako lana eskatzen du ordea, alboratua izanda, izana ere galdu baitu.
Eskolan Homeroren Odisea ezagutu nuen; duela hiru urte James Joyce-n Ulisesen euskarazko bertsioa jarri zidaten opari artean; orain urtebete baino gutxiago Barakaldoko antzokian Dublindarraklana ikusteko aukera izan nuen, euskal aktore sorta itzelak Joyce-n iruditerian bete-betean barneratzen gaituen muntaia; Lucia Joyce dantzari eta idazleaz, aldiz, ez dut txintik ere entzun, ez dut istorio eleberri edo bestelako euskarri bitartez ezer ere jaso. Mundu mailako ikur ospetsuak alaba "ezezagun" bat du antza. Desoreka. Kuriositatea.
Duela hilabete batzuk Lucia Joyce-n pertsonaia taularatzea egokitu zitzaidan antzezlan labur batean. Proposamenaren beste protagonistak gizonezkoak dira: Samuel Beckett “XX. mendeko esperimentalismo literarioaren ordezkari garrantzitsuenetakoa” eta antzezlanean agertzen den amets-egoera gidatzen duen pertsonaia. Aldez edo moldez agertzen dira baita James Joyce –eta alabarenganako zuen erakarpen sexuala– eta Carl Jung psikoanalista –Lucia talenturik gabeko Joyce mota bat zela azalduz–. Neure kaxa ikerketa egiten hasi, eta ez nuen Luciaren inguruko taxuzko idazkirik topatu.
Orain arte Annabel Abbs-ena da (The Joyce Girl, 2017) Lucia Joyce-n inguruan idatzitako biografiarik osotuena, eta halere egileak ezin izan ditu pertsonaren bizitzaren pasarte gehienak eraiki, bere gutunak (berak idatzitakoak, berari bidalitakoak, berau erdigune dutenak) nahita suntsituak izan zirelako. Haren mediku erregistroak erreak. Lau hilabete eman zituen Carl Jung psikoanalista entzutetsuarekin Suitzan. Honek ere garai hartako bere ohar guztiak suntsitu zituen. Luciak idatzitako poema eta eleberri bat ere galdua edo hondatua. Bere bizitza Parisen Beckett, neba eta aitarekin izandako pasarte arin batzuek eta 20. hamarkadan dantzarako zuen talentua miresten zuten egunkarietako aipamenek betetzen dute. James Ulisesedo Dublindarraketa Samuel Godoten esperoanobren bitartez ezagutzeko aukera izan genuen. Luciari buruz idatzitako azken eleberri horrek, aldiz, protagonistaren izena ere faltan du izenburuan.
Lucia Joyce. To Dance in the Wake (Carol Loeb Shloss, 2005) da argitaratutako beste lanetako bat, eta hemen Luciari buruzko aipamen zuzena Carl Jung psikoanalistaren hitzen bitartez baino ez da agertzen, aita eta alabarekin tratu estua izan zuen Jung-ek. Biek eskizofrenia pairatzen zutela idatzi zuen geroago, eta askotan pentsamenduaren noraezak itsaso sakonean urperatzen zituela; “baina aita urpean igeri egiteko gai zen bitartean, alaba ito egiten zen” idatzi.
Taularatu dugun antzerki laburrean, Gorka Gardek idatzitako Rendezvous 1938antzezlari esker, ikono modernistarenganako hurbiltasunak kaltetutako emakumearen irudia agertzen zaigu, James Joyce-en ikuspegiaren menpe bizi den pertsonaia; gartsua, erakargarria eta, nola ez, ezegonkortasun mentalen atxilo. Aitaren ohorezko idazkaria den Samuel Beckettekin dago maitemindua. Beckett intelektual adeitsuak errukiz tratatzen du, bere ezkontza fantasiekin jokatuz; elkar ezagutu eta bi urtetara argi idazten dio bien artean aita duela interesa sortzen dion bakarra. Literatura eta artean zokoratutako pertsonaia lehenengo lerrora ekartzen digu, etengabe bere ahotsaren bila dabilen emakume ausart eta kementsuarena. Amarentzat zaratatsuegia, aitarentzat ume artista; Lucia ur azpian arnasari eusteko lanetan ari da.
The Joyce Girl(2017) liburuaren egileak, garai berean Lucia bezalatsu eroetxeetan giltzapetuak izan ziren emakumeen zerrenda argiratzen du: Luciaren koinatu Helen Fleischman; Dublindarraklanaren lehenengo itzulpena egin zuen bere lehenengo mutil lagunaren arreba frantsesa; Luciarekin batera balleta ikasitako eta Francis ScottFitzgeraldidazlearen emazte izandako Zelda. Ikaragarria izan daitekeen datua, eskizofrenia diagnostikatu zieten guztiei. Dantzari profesionalak izatea zuten amets Luciak eta Zeldak, baina irrikaz beteriko bizitza horrek erietxea izan zuen azkeneko geltoki, eurena baino arrakastatsuagoa izandako gizonezkoen bizitzen itzaletan. Gizonezkoek, alabaina, gizarte egitura oso baten oxigeno-botila eskura zuten.
Gure antzezlanean agertzen diren Beckett, Jung eta aitaren pertsonaiaren eta euren antzezleen gizonen begiradan eraikitzen zen Lucia Joyce. Orain, bere ahotsa urpetik atera eta ikus-entzulearen esperientziaren erdigune bihurtu da. Arrakasta igeri egitea bezalakoa da.
Rendezvous1938 azaroaren 24an Bilbon, 21:00etan Icaza aretoan.