Nork eman diezaioke min ume bati?

Bi hilabete barru martxoaren 8an, Irati Etxebarria Zapirainek 3 urte bete eta Aranjuezko espetxea uztera derrigortua izango da, gurasoengandik banandua. Hamarnaka ume dira azken urteotan egoera bera bizi behar izan dutenak. Hilabeteak daramatzagu egoera honi aterabideak proposatuz, hain zuzen ere, Zaballako espetxean familientzako modulua prestatu dezaten eskatuz, bertan, gurasoak preso dituzten umeek ehundaka kilometro egitera kondenatuak izan gabe beraien ama eta aitarengandik gertuago egon ahal izateko.

3564 lagun gara Katixa Agirrek egindako manifestu honi gure atxikimendua eman eta Irati Gurasoekin EHra dinamikatik proposatu diren eskaerekin bat egin dugunok. Zuk ere zure aletxoa jar dezakezu iratigurasoekin.eus webgunean. 

“Esaten digute haurrak sakratuak direla, babesgabeak, denok, tribuan, zaindu beharrekoak. Eta ideia polita iruditzen zaigu. Horregatik ematen du inor ez dela ume bati mina emateko gauza.

Jakin badakigu batzuek mina ematen dietela, baina pentsatzen dugu munstroren bat izango dela, psikopata zoro bat akaso… baina orokorrean? Ez, inolaz ere ez, denok umeak zaintzeko, babesteko prest omen gaude. Ideia polita.

Baina esan ditzagun gauzak argi. Umeei mina egiteko modu ugari dago egun. Eta modurik zabalduena, orokortuena eta oharkabeen pasatzen zaiguna hurrengo pentsamendutik dator: umeak bigarren mailako pertsona gisa kontsideratzetik. Oraindik egin gabeko izakiak dira, kontatzen ez dutenak, entzun nahi ez ditugunak, gogaikarriak. Gurasoen ardura soila edo gurasoen ondasunak edo gurasoen luzapen hutsak izan daitezke. Edozein kasutan ez dira kexatuko, ez dira gai, ahotsa altxatuta ere ez ditu inork entzungo. Umeek sufritzen duten diskriminazioaren aurrean erraza da begiak ixtea.

Feminismoak ideia iraultzaile hau zabaldu zuen: emakumeak ere pertsonak dira. Antzeko lelo iraultzailea bota beharra dago: umeak ere pertsonak dira.

Txikiak izateagatik, kexatuko ez direlako, ahotsa altxatu ezin dutelako ez dute eskubide gutxiago. Aitzitik, horregatik hain zuzen ere eskubide gehiago dituzte, edo izan beharko lituzkete. Horregatik gizarte aurreratu batek ahalegin guztiak egin beharko lituzke bere txikiak, denak, zaintzeko. Horregatik behar dute gure ahotsa, behar dute gure kemena, behar dute gure babesa.

Umea bizi daiteke txirrindularik gabe, piszinarik gabe, marrazki bizidunik ikusi gabe, musika eskolarik gabe. Gauza gutxi behar ditu ume batek benetan, baina badago bat guztiz beharrezkoa zaiona: gurasoen babesa, maitasuna eta gertutasuna. Iratik bere gurasoekin egoteko beharra dauka. Iratik bere gurasoekin egoteko eskubidea dauka. Eta berak ezin duenez ahotsa altxatu, hemen dauka gurea”.

Otsailaren 6an, Bilboko Arriaga plazatik hasita arratsaldeko 17:30etan burutuko dugun “Jira eta Bira, Irati Gurasoekin Euskal Herrira” ekimenean parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu, garaia baita umeen eskubideak oinarri hartuta familientzako aterabide bat eman eta espetxe politika humanoago bati ateak zabaltzen joateko.