Bai, badakit, izenburua ez dala labetik atera berria. Aspaldikoa da, berau posible egiteko lana bezelaxe. Ikusten, arakatzen ari zaren plaza hau, ordea, berri berria da, bai. Bilboaldekook badugu plaza berri bat, sarean honakoan, Uriola horixe izateko asmoarekin jaio baita.
Plaza honetan euskaldunok elkartu, elkar ezagutu, elkarri ezagutzera eman, elkarrekin bizi, elkarrengana hurbildu, elkarrengandik ikasi, elkartasuna landu... ahal izango dugu, eta euskeraz.
Lehen lerro hauek, beraz, bultzatzaileei eskerrak emateko balio dezatela, bihotzez. Halako proiektuak pentsatu, landu, proposatu, hasi, hazi, ta sareratzeko esfortzuek jada merezi dituzte gure eskerrak, noski baietz!
Eta milesker, nola ez, bazter txiki hau niri uzteagatik, batzutan handiegia egingo zaidala jakin arren, ez bainago ohituta idazten nire esperientziak, nire usteak, nire ikuspegia, eta halako plaza batean gutxiago. Baina Uriola bezelako ahalegin orokor baten partaide izateak animatuko nauelakoan nago, ta esfortzua behintzat egingo dut.
Eta zertaz idatziko dut nik? Nire mundu txikiaz, besterik ez baitut. Euskal dantzak, erraldoiak, euskal folklorea... beti esperientzi pertsonalak, gizarte proiektu baten parte badira behintzat.
Uriolan, beraz, elkartuko gara!