Arangoitiko I. Euskal Jaia sortu zen orduan, maiatzean ospatzeko, eskolaren Euskal Astearen ondorengo larunbatean. Euskal kultura, kantak, folklorea eta euskal hiztunak kalera atera zitezen prestatu genuen egun bateko programa, eta egun horretan Arangoitik bizi izan zuenari, gaurtik begiratuta, LURRIKARA dei geniezaioke.
Arrakasta, giro ederra, jendearen inplikazioa, merkatariena, elkarteena, Udalarena, parte hartzea, dena ondo atera zen! Eta hortik hamar urtera, hemen gaude, zortzi egunetako egitarauarekin, Arangoitin euskaraz egin ahal dela baieztatuz, euskaraz egin ahal direla tailerrak, hitzaldiak, zine forumak, bazkariak, kalejirak...
ETA ZER EGINGO DUGU OSPATZEKO? “Euskararen aldeko jarrera kalera ateratzea, euskaraz jakinda edo ez, eta hau gertatu dela sinistu dezagun, grabatuko dugu bideo batean, dena jarraian, LIP DUB batean alegia”. Hori pentsatu genuen, eta lanean hasi. Esne Beltzaren Euskaraz bizi nahi dut kanta ardatz hartuta, ibilbidea finkatuta, elkarte, peña, kolektibo, koadrila, norbanako... denen parte-hartzea eskatu genuen, eta beste behin, baiezkoa jaso!
Maiatzaren 4an, igandearekin, goizeko 10etan hasita, mirari txiki bat gertatuko da Arangoitin, berriro ere. 10 urtez landutako miraria, Euskal Jaia denak elkartzeko ahalegin kolektiboa izan baita helburu baten alde, euskara eta euskal kultura kalera bultzatzearena, ondo pasatuz, alegia.
Ni neu, hor egongo naiz, eta zu? Ez galdu aukera, aparta izango baita!
Arangoitin ere, euskaraz bizi nahi dugu!