Ibarrekolandako jaiak hasten dira gaur, ostirala 30, ta auzoa prest dago jaietan murgiltzeko, auzoko Jai Batzordeak egindako lan handia eta ixilari esker. Eta azken urteetan bezelaxe, plazan egongo da Bihotz Alai Dantza Taldea euskal dantzen ekitaldia egiten igandean, 12etatik aurrera.
Baina aurtengoa ez da nolanahiko ekitaldia izango, Ibarrekolandako ekitaldia guretzat eta auzoarentzat berezia izango da oso. Egun horretan, ekitaldia aprobetxatuz, Urretxindorrak Dantza Taldeko sortzaile eta bultzatzaile izan ziren Iñaki Allue eta Mertxe Hermosillari omenaldi xume baina ederra prestatu dugu Bihotz Alai eta auzokoen artean.
1977ko amaieran sortu zen Ibarrekolandako dantza taldea, Urretxindorrak izenarekin. Azaroa ta abendu bitartean martxan jarri zuten Iñaki Allue eta Mertxe Hermosillak, Fernando Zubizarreta eta Paco Castroren ezinbesteko laguntzarekin. Umeekin hasi zen taldea, 6 urteetatik aurrera, baina laster hedatu zen dantza taldearen berria auzoan ta nagusiak hasi ziren animatzen, 50/80 pertsona inguru izatera heldu arte.
Hurrengo urtean, 1978an, Ibarrekolandako jaietan hartu zuten parte, baita Bilboko lehenengo Aste Nagusiko konpartsen jaitsieran ere. Neguan, Olentzero antolatu zuten ere auzoan, mantendu den tradizioa bultzatuz. Jendearen parte hartzea handituz joan zen, Iñaki mutilen taldeez ta Mertxe neskeenaz arduratu zirelarik, San Jose eskolako patioan (orain institutoa) entsaiatuz.
Hiru urtez luzatu zen taldearen bizitza, 1980ra arte, taldekideen denbora faltak eta beste zenbait arazok beharturik. Baina hiru urte horietan ez ziren faltatu auzoko jaietan, Olentzero edo Aste Nagusiko jaitsieran. Inguruan zeuden dantza taldeetara joan ziren dantzariak, Bihotz Alaira ere.
Omenaldi hau prestatu du ere Ivan Allue Hermosilla semeak (bera izan da gugana jo duena ta nire iturria, milesker!), ta gurasoek Super8n grabatutako irudiak ta argazki batzuk digitalizatu ta bideo eder hau igo du youtubera, bertan ikusi ahal da primeran Urretxindorrak taldea zuzenean eta kolorez:
http://www.youtube.com/watch?v=Nns2e2L3U30
Igande honetan, beraz, ekainak 1, eguerdiko 12etan, Urretxindorrak taldekideak izan zirenak Arrantzalez (mahoiz) jantzita etortzera gonbidatuta daude, ta amaierako sorpresatxoan parte hartzera. Dantzariok, dantzazaleok, Bihotz Alaiko taldekideok eta auzoak omenaldi beroa egingo diegu deneri!