Omenaldi beroa Urretxindorrak dantza taldekoei Ibarrekolandan

Erabiltzailearen aurpegia Jabi Ortega 2014ko eka. 2a, 09:33

Ibarrekolandako dantza taldea izan zen Urretxindorrak taldeko dantzariek eta Bihotz Alaikoek elkarrekin egin dute dantzan joan den igandean.

Ibarrekolandako jaiak joan den ostiralean hasi ziren. Auzoa jaietan murgildu da, Jai Batzordeak egindako lan handi eta isilari esker. Eta azken urteetan bezelaxe, plazan egon da Bihotz Alai Dantza Taldea euskal dantzen ekitaldia eskaintzen. Igande eguerdian.

Baina aurtengoa ez da nolanahiko ekitaldia izan, Ibarrekolandako ekitaldia guretzat eta auzoarentzat berezia izan da oso. Egun horretan, ekitaldia aprobetxatuz, Urretxindorrak Dantza Taldeko sortzaile eta bultzatzaile izan ziren Iñaki Allue eta Mertxe Hermosillari omenaldi xume baina ederra prestatu genien Bihotz Alai eta auzokoen artean.

1977ko amaieran sortu zen Ibarrekolandako dantza taldea, Urretxindorrak izenarekin. Azaroa eta abendua bitartean martxan jarri zuten Iñaki Allue eta Mertxe Hermosillak, Fernando Zubizarreta eta Paco Castroren ezinbesteko laguntzarekin. Umeekin hasi zen taldea, 6 urtetatik aurrera, baina laster hedatu zen dantza taldearen berria auzoan eta nagusiak hasi ziren animatzen, 50/80 pertsona inguru izatera heldu arte.

Hurrengo urtean, 1978an, Ibarrekolandako jaietan hartu zuten parte, baita Bilboko lehenengo Aste Nagusiko konpartsen jaitsieran ere. Neguan, Olentzero ere antolatu zuten, auzoan mantendu den tradizioa bultzatuz. Jendearen parte-hartzea handituz joan zen, Iñaki mutilen taldeez eta Mertxe neskenez arduratu zirelarik, San Jose eskolako patioan (orain institutua) entseatuz.  

Hiru urtez luzatu zen taldearen bizitza, 1980ra arte, taldekideen denbora faltak eta beste zenbait arazok beharturik itzali zen. Baina hiru urte horietan ez ziren faltatu auzoko jaietan, Olentzero edota Aste Nagusiko jaitsieran. Inguruan zeuden dantza taldeetara joan ziren dantzariak, Bihotz Alaira ere.

Omenaldi hau prestatu du Ivan Allue Hermosilla semeak (bera izan da gugana jo duena eta nire iturria, mila esker!), eta gurasoek Super8n grabatutako irudiak eta argazki batzuk digitalizatu eta bideo eder hau igo du youtubera, bertan ikusi ahal da primeran Urretxindorrak taldea zuzenean eta kolorez.

http://www.youtube.com/watch?v=Nns2e2L3U30

Joan den igandean, ekainak 1, eguerdiko 12etan, Urretxindorrak taldekideak izan zirenak arrantzalez (mahoiz) jantzita etortzera gonbidatu zituzten, eta amaierako sorpresatxoan parte hartzera. Dantzariok, dantzazaleok, Bihotz Alaiko taldekideok eta auzoak omenaldi beroa egin genien denei.