50 urte beranduago, Debako Euskal Jaian parte hartuko du Bihotz Alaik irailaren 27an

Erabiltzailearen aurpegia Jabi Ortega 2014ko ira. 28a, 02:50

1964 eta 1965 urteetan, Franco diktadorearen zentsura gogorra gainditu ostean, Oargi elkarteak Euskal Jaiak antolatu zituen Gipuzkoako Deba herrian. Euskal Herri osotik joandako 22 dantza talde ta 50000 lagun elkartu ziren hartan, oraindik herrian gogoratzen delarik. Hara goaz 50 urte beranduago, nola ez, euskara ta euskal kultura bultzatzen jarraitzeko.

1965. Euskal Herria. Garai hartan Franco diktadore basatiaren menpe bizi ziren, Gabriel Arestik Harri eta Herri lanarekin euskal liburuaren mundua irauli zuen, eta euskara eta euskal kultura debekatuta zeuden Euskal Herrian eta, are gehiago hirigunea izanik, Deustuan, elizaren besapean ez bazen. Bihotz Alai dantza taldea la Salle ikastetxean sortua zen bost urte lehenago, Julian Agirreren zuzendaritzapean. Gutun bat heldu zen ikastetxera, Devatik heldu zitzaien gutuna. Bertan, erderaz, Euskal Jai bat antolatu behar zutela eta, dantza talde asko elkartu nahi zituzten. Nola ez, hara joan zen taldea. Ta belaunaldi batek gogoratuko zuen egun horretan bizitakoa.

Aurreko urtean, 1964ko maiatzaren 17an, Debako Oargi elkarteak lehenengo euskal jaia antolatua zuen, espero ez zuten arrakastarekin. Euskal kultura, euskara gosea zegoen gurean, ta itzela izan omen zen erantzuna.

Beraz, 1965rako erronka handiagoa zen. Beraz Euskal Herri osotik ekarri nahi izan zituzten dantza taldeak. Deialdia egin, ta erantzuna itzela izan zen. Urte horretako kartelean ikus daitekeenez, Deustutik Bihotz Alai ta Ur Artea taldea joan ginen. Ta Bilbotik Gaztedi, Arraizpeko Lorak, Oñaztarri ta Dindirri taldeak. Guztira 22 talde Euskal Herri osotik.

Ta erronka handiagoa izan bazen, jendearen erantzuna ikaragarria. 50000 lagun inguru bertaratu ziren, autobusak, autoak, etb. ez zirelarik kabitu, Itziarko errepidea betez. Jaia, euskara, euskal giroa, lo zegoela ematen zuen herri oso bat esnatu zen egun horretan!

Arrakasta horren handia izan zen ze hurrengo urtean, 1966an, Gobernadore Zibilak debekatu egin zuen ta antolatzaileak “Casa Cuartel”era deitu. Goardia Zibilez josita esnatu zen herria, ta eguna zapuztu zuten. Ez zuten erabateko arrakasta izan ordea debekuarekin, ze jendea Lekeitio, Ondarru ta Markinan eman zuen eguna manifestazioak egiten.

Hala dago jasota garaiotako kroniketan, Debako Udalak http://www.deba.net/eu/EUSKALJAIAIPUINA.pdf liburuxkan argitaratu duenez.

Franco hil arte ez zen berreskuratu Euskal Jaia. Ta aurten lehenengo urte hartatik 50. urtemuga betetzen denez, garai hartan joan ginen taldeekin harremanetan jarri dira antolatzaileak, tartean Bihotz Alai. Hara goaz, noski, 2014ko irailaren 27a beste egun zoragarri bat izango delako guretzat eta gure kulturarako. Euskara ta euskal kultura kalean egoteko baliatuko dugu eguna, Oargi elkarteko aitzindari horiek hasi zutena jarraitzeko guk egun.

Informazio gehiago:

http://www.dantzan.com/albisteak/deba-euskal-jaia-1964-2014-50-urte