Ez dut gogoratzen ze urtetan hasi nintzen Bilboko erraldoiak dantzatzen, baina badira batzuk. Bihotz Alaiko beste dantzari batek animatu ninduen (milesker lagun!) ta ordutik goizero Alde Zaharra ta ingurunetik ibiltzen gara animatzen duten Bilboko dantza taldeetako kide erraldoizaleokin, dantza taldeetako gaiteroek alaiturik.
Horren osteko Deustuko Gaitero eta lagunekin poteoa itzela da ere, txosnetako arratsaldeko programazioa, Plaza Berria... ta hara, bapatean ilundu da! Afaldu, ta txosnetara gorputzak kitto! esan arte, ze bihar ere programa luzea da!
Baina momenturik kuttunena, azken igandea, Euskal Herri osotik etorritako 40 erraldoi elkarturik ikustean, itzela benetan! Egun horretan Deustuko Ondalan Konpartsarekin joaten naiz, 10:30etatik plaza zirkularrean 14:30ak arte Arenalean, dantza ta dantza, jira ta jira, kalejira ta balsen doinuekin. Aste Nagusia, hamar gauekoa, baina 9 egun zoragarriena ere!