Karmela: elkartasun oasi bat Santutxuko bihotzean

Erabiltzailearen aurpegia Jone Arruabarrena 2019ko mar. 18a, 11:47

Santutxuko auzotarrek biziberritu dute Karmelo Ikastola izan zena.

Ortzadarrak bezainbeste kolore, edo gehiago dauzka Karmelak. Bere hormetan kolore guztietako marrazkiak antzeman daitezke, baina ez dira hormak koloretsuenak, barruan daukan altxorra baino. Autogestioz eraiki den altxorra, auzotik eta auzoarentzat eraiki dena, eta bertako karraju zein gela ugaritan aurkitu daitekeena; bertan gora eta behera, goiz arratsalde zein gau, astean zehar zein asteburuetan dabiltzan pertsonak dira benetan baliotsuena Karmelan. Beraiek dira sortu duten espazioaren oinarri, arnasten den aniztasunaren arrazoi, eta sentitzen den askatasunaren erantzule. Karmelara sartzen den edonork, edonondik etorrita ere, bere sentitzen du behin Bilboko Santutxu auzoko Karmelo Ikastola izan zen eraikina.

Santutxuko Gazte Asanblada aisialdi eredu alternatibo bat eskaintzeko helburuarekin sortu zen. Hainbat gazte mugitzen hasi ziren, eta gerora Santutxuko lehenengo gaztetxea izango zena okupatu zuten, Mina del Morro. 25 urte pasa dira orduz geroztik, eta Apirilean ospatu zuten urteurrena, Mende laurden auzo grisa koloreztatuz dokumentala aurkeztuz.

Dokumentalak dioen bezala, asanbladak Karmela okupatzea planteatu zenetik zekien berak bakarrik ezin zuela bere gain hartu horrelako espazio bat okupatzeko ardura, eraikina oso handia baitzen. Hau horrela izanik, “jende ezberdinarekin batzartzen” hasi zirela dio Leire Diez santutxuarrak. Diez Karmelako okupazioaren parte izan zen, Santutxuko Gazte Asanbladako kide baitzen okupatu zuten momentuan. “Santutxu beti izan da erreferente bat okupazioaren arloan eta urte askoan geldi egon zen”, azaltzen du. Santutxuko Gazte Asanbladak hainbat espazio okupatu zituen Karmelan sartu aurretik, baina behin eta berriz irtenarazi zituzten. Gauzak horrela, urte batzuk eman zituzten kalean edo Santutxuko familien elkarteko lokalean batzartzen. Baina horrekin nahikoa ez zela ikusita, Karmela bezalako proiektu batean pentsatzen hasi ziren, “auzoak espazio propio eta autogestionatu bat izateko helburuarekin”. 

Hala ere, prozesua astiro joan zen; asanbladan berehala eraikinean sartzeko gogoa bazegoen ere, indar handia behar zen Karmela bezalako espazio handi bat okupatzeko. “Hasieran patioan sartu eta bertan egoten ginen, baina ez genuen espazio osoa okupatu; han egon ginen asanbladak egiten; apur bat sinbolikoa zen. Gero auzo osoari zabaldu genion”, kontatzen du Diezek.

Biziberritutako eraikinak izen berri bat behar zuen, eta hasiera batean KRML deitu bazioten ere, azkenean Karmelo ikastola izatetik, Karmela izatera pasa zen, bozketa bidez. Gerra Zibilean emakumeen presentzia sinbolizatzen duen Ay Carmela! kantu herrikoitik datorkio izena.

Karmela behin okupatu ondoren hasi ziren pentsatzen nola eman forma proiektuari. Apurka apurka eragile ezberdinak, lagun taldeak, jende ezberdina...hurbiltzen hasi zen eta bertan parte hartzen, gauzak eskatuz eta aldi berean eskainiz. Horrela sortu zen adibidez hain ezaguna den Sei Izar gimnasio herrikoia. Bertan egunero hainbat tailer eta ekintza eskaintzen dira, besteak beste yoga, asiar dantza, crossfit, akroyoga eta boxeo tailerrak, eta baita euskal dantzak eta dantza latindarrak ere. Hala ere, gimnasioaz gain beste hainbat talde eta eragilek ematen diote bizia Karmelari: euskara klaseak, antzerki taldeak, talde feministak...

Beste askoren artean, Zirko tailerra antolatu dute Karmelan, baina tailerreko parte hartzaile den Ursua Gamindek adierazi duenez, ez da ohiko tailer bat: “Hau ez da zerbitzu bat, hau guk sortzen dugu guretzako eta auzoarentzako edo partekatu nahi duenarentzako. Hau beste gauza oso desberdin bat da; gimnasio pribatu batean, dirua tartean dagoen momentutik espazioaren izaera bera oso ezberdina da”.

Izan ere, ohituta gauden arren ekintza ludikoen ordainetan diruaz baliatzera, Karmelan borondatez egiten da dena, ezer kobratu gabe. “Karmelak daukan diru iturria autogestionatua da, barran lortzen da dirua, eta gero diru hori mantenimenduan gastatzen da edo Sei Izarrek adibidez materiala erosten du bertako talderen batek behar izanez gero”, dio Gamindek. Hala ere, Leire Diezek argi uzten du diruarekin ordaintzera ohituta gauden arren, beste mota batera ordaintzen direla Karmelako ekintzak: “Batzuk agian galdetzen dute ia zenbat balio duen tailer batek eta erantzuten diote dohainik dela, baina ez da hala; ez duzu diruarekin ordaindu behar baina beste modu batean ordaintzen da, zure denbora eskainiz eta Karmela garbituz edo barra turno bat eginez, talde iraunkorrean parte hartuz…”.

Izan ere, Diezen hitzetan, tarte handi bat dago parte hartzaile izatearen eta erabiltzaile izatearen artean; Karmela espazio parte hartzailea izatea nahi dute, eta guztion artean eraiki duten hori guztiona sentitzea, bai egoera onetan eta txarretan ere: “parte hartzaile bezala zeozer gertatzen bada edo adibidez irtenarazi nahi bagaituzte parte hartzaileak Karmelaren aurrean egon behar dira”.

Gaminde, zirko tailerrean egoteaz gain, asanblada iraunkorraren eta koordinazio asanbladaren parte da. Izan ere, kudeaketa egitura konplexu batek osatzen du Karmela, “sareen sare bat bezalakoa da funtzionamendua gutxi gora behera”.

Tirabirak Udalarekin

Hala ere, ez dira gutxi izan Karmelak aurrera egiteko izan dituen trabak. Karmela okupatu eta gutxira, batzar bat egitea proposatu zuen Bilboko udaletxeak, eraikinaren jabetzaz hitz egiteko. Gazte Asanbladako kideak batzarra hasteko itxaroten zeudela, ordea, udaltzainak agertu ziren, eta asanbladakoak kanpora bota ondoren, eraikineko zerrailak aldatu zituzten. “Guztiz kaleratze ilegala izan zen, ez genuen espero horrela jokatuko zutenik”, azaltzen du Diezek. Hala ere, arratsalde horretan bertan lortu zuten auzokoek Karmela berriz okupatzea. Eraikin erdia udaletxearen eskuetan uzteko proposamenak ere jaso dituzte, baina Diezek argi dauka: “negoziatu eta hitz egin bai, baina beti argi utziz hau auzoarena eta auzoak kudeatuko duela”.

Ugariak izan dira udaletxeak proiektua deuseztatzeko egin dituen ahaleginak, Ursua Gaminderen hitzetan: “Karmela okupatu ondoren udaletxeak enpresa bat kontratatu zuen, hemen gizarte-etxe antzeko bat sortzeko, jada hemen herri mugimendu bat martxan zegoenean; udaletxeak ez zuen kontuan hartzen hemen herritar askok sortutako proiektu bat martxan zegoela”.

Azken urteotan lagapen hitzarmen bat sinatzeko prozesu bat abiatu dute, Karmelako kideen eta udaletxeko ordezkarien artean. “Hau asko kostatu da, talde espezifiko bat sortu da diskurtsoak egiteko; izan ere, komunean jarri behar ziren eta denon artean adostu gure mugak bai goitik eta bai behetik, mundu guztiaren ahotsa entzun eta guzti hori idatzi... akordio bat egin behar genuen lehenengo gure artean eta gero horri formatu juridikoa eman behar zitzaion; kriston lana izan da”, ziurtatzen du Gamindek. Hala ere, azkenean udaletxeak atzera bota du hitzarmena, eta badirudi berriro hasi beharko direlanegoziaketekin.

 

Karmela...gaztetxea?

Okupazioa Gazte Asanbladak hasi zuen arren, gaur egun Karmelan parte hartzen duen beste eragile baten funtzioa betetzen du, “egia da asanblada ez dela bereziki parte aktiboena Karmelan”, dio Gazte Asanbladako kidea den Enara Iglesiasek. Hala ere, Gazte Asanbladak gela propioa dauka eraikinean, eta ekimenak prestatzerako orduan Karmela beti presente egoten dela gaineratzen du: “Gazte Asanblada bezala ekimenak prestatzerako orduan bai saiatzen garela Karmelatik pasatzen, ba nahiz eta trikipoteo bat izan, Karmelan hasten edo Karmelan bukatzen”. 

Egun, iritzi ezberdinak daude Karmelaren izaeraren inguruan. Iglesiasen arabera, “Karmela ez da ohiko gaztetxe bat, auzoaren ekimen moduko bat da, zeinaren parte den gazte asanblada. Beraz Karmela eta Gazte Asanbladaren harremana zentzu horretan aldatu da, ez horrenbeste Karmelan gaudenetik, hasieratik hona, baizik eta aurreko espazioetatik Karmelara; hau ez baitugu guk kudeatzen, baizik eta auzoko zenbait eragilek”. Diezek ere bat egiten du Gazte Asanbladako kidearekin: “Nik uste dut Karmela alternatiben alternatiba dela. Ez da soilik gaztetxe bat”. Besteak beste, festa ereduak eta bertan egiten diren ekintzek desberdintzen dutela uste du: “Agian jai giro hori badaukagu baina nahiko sinbolikoa da, eta horrelako gauzak antolatzen ditugu zerbait ospatzeko eta ez dirua ateratzeko”.

Karmelo Ikastola urte luzez egon zen orain Karmela dagoen eraikinean, eta bere hormen artean hainbat ume hezi eta hazi ziren; haur horiek izan ziren gerora eraikina biziberritu zutenak, eta ume horiek dira orain bertako txoko bakoitzari kolorea ematen diotenak. Karmelako paretek begiak balituzte, gogoratuko lukete Santutxuko auzoaren istorioa; bertan koskortu ziren ume horiena, ume horiek hazi zituzten irakasleena, bere ateetara haurron bila etortzen zirenena; Santutxukoak ez diren baina etxetzat duten guzti horiena. Karmelak ahoa balu, kontatuko luke auzo baten nahiak nola bihurtu ziren errealitate elkarlanean eta inori baimenik eskatu beharrik gabe. Eta agian, bere leihoren batetik kantu zahar bat entzungo litzateke: Ay Carmela…!