Deustuko Jai Batzordean beto politikorik ez!

Erabiltzailearen aurpegia Jone Sarrionandia-Ibarra 2023ko urt. 31a, 23:58

Idazleak: Jone Sarrionandia-Ibarra eta Josu Lagos.

Deustuko jaiak gerturatzen doaz eta Ezker Abertzaleak gure parte hartzea debekatzen jarraitzen du Deustuko Jai Batzordean. Guk, beste behin, gatazka alde batera uzteko borondatea bide ezberdinetatik helarazi dugun arren, beto politikoa inposatzeko erabakia berretsi dute, auziaz hitz egiteko espaziorik ez zaigu onartu. Ezker Abertzalearen estrategia politikoarekin bat ez egitea da beto politikoa inposatzeko arrazoia. Hortaz, arrazoi politiko eta ideologiko hutsek bultzatuta betoa ezarri digu Ezker Abertzaleak. Jardun politiko propioa planteatzen duen edozein eragilek izan dezake parte hartzea ukatua.

 

Deustuko jaiak ez dira kasu isolatua. Hernanin Ezker Abertzaleak Mugimendu Sozialista Jai Batzordetik betatu du lehenik, eta EH Bildu Udaletxean egonda, txosna ezartzeko aukera oro ukatu dio, ondoren. Hori gutxi ez eta txosna jartzeagatik errepresio ekonomikoa aplikatzea erabaki du EH Bilduk, 3000€-tik gorako isuna ezartzearen bitartez. Finean, betoen izaera erabat politikoa da, ez diote konbibentzia arazoei erantzuten, eta kasu horretan administrazio publikoaren baliabideak erabili dituzte beto politikoa indartu eta erreprimitzeko ondoren.

 

Deustuko Gazte Koordinadora Sozialista auzoan lan politiko eta soziala egiten dugun gazte eragilea gara eta gazte langileon parte hartze politikoa sustatzeko eta zapalkuntzarik gabeko gizarte baten alde egiteko helburuarekin antolatzen gara. Helburu horren baitan kokatzen dugu lekuan lekuko jaietan parte hartzea sustatzea, soldatapeko lanean eta aisialdi industrien irabazi pribatuetan oinarritzen den jai eredutik urrun, gazteok aisialdirako eta sozializaziorako espazio seguru eta parte hartzaileak antolatzeko.

 

Jardun jarraikorra daramagu aurrera auzoan, gutako batzuk auzoko beste hainbat espazio zabaletan parte hartu dugu. Esaterako, urteak dira Deustuko Gazte Lokalean antolatzen garela. Bestetik, Deustuko jai egun ezberdinetan parte hartu dugu: jaietako montajeetan, barra txandetan, baita urteko bestelako jai egunetako lan banaketan ere. Gure borondatea auzoko jaietan ekarpena egitea izan da hasieratik.

 

Iazko otsailean egin genuen parte hartzeko proposamena, korreo elektronikoz zein ahoz helarazitako mezuen bitartez. Hurrengo hilabetetan ez genuen erantzunik jaso, nahiz eta hainbatetan idatzi, eta Jai Batzordearekin harremanetan jartzeko zailtasun ugari jarri zizkiguten. Eztabaidarako aukera uneoro ukatu dute, gure proposamena bileretan aurrez aurre adierazteko oztopoak baino ez baititugu jaso bueltan, eta sarbidea egiteko prozeduraren inguruko informaziorik ere ez zaigu helarazi. Bitartean, Ezker Abertzaleak gure aurkako difamazio kanpaina politiko zein pertsonala areagotu du Deustun. Hori gutxi balitz, lau hilabete luzeren ostean idatziz ez eta ahoz jaso genuen ezezko erantzuna, Ezker Abertzaleko eragileek bultzatuta, beste eragile eta hainbat auzokideren borondatearen aurka. Ordutik, Ezker Abertzalea erabakia ezkutatzen ibili da, honen inguruko azalpenik edo adierazpenik ez baitute egin, erabakiaren izaera injustua agerian utziz.

 

Gure parte hartzearen ukapena bultzatu duten eragileek zabaldutako argudioak gezurretan oinarritzen dira. Batetik, uneoro errespetuzko harremanak eta jokaerak izan ditugu parte hartutako espazio irekietan. Bestetik, Bilboko beste hainbat auzotako jaietan parte hartzen dugu GKSko kideok: San Inazion, Errekalden eta Iralan, zehazki. Horietan guztietan eta Deustuko jaietan ere, lan konprometituaz gure ekarpena egin dugu jaietan, inongo oztoporik eragin gabe. Hori horrela, gu Jai Batzordetik kanpo uzteko erabakia erabat arbitrarioa da.

 

Honek espazio publikoaren erabilera pribatibo argia suposatzen du, arrazoi politiko eta ideologikoak direla medio. Azken finean, espazio publikoaren aldeko erretorika hutsa darabilten horiek dira berau pribatizatzea bultzatzen ari direnak. Gainera, euren burua aniztasunaren ordezkari gisa aurkezten  duten horiek arrazoi erabat baztertzaileetan oinarritutako betoa ezarri digute, erabakia arrazoi politikoetan soilik oinarriturik.

 

Gatazka egoera alde batera uzteko helburuarekin Jai Batzordean parte hartzeko proposamena egin dugu berriro ere azken hilabeteetan. Gure proposamena argudiatzeko eta eztabaidatzeko aukera ukatu digute beste behin eta betoa ezartzeko erabakian berretsi da Ezker Abertzalea.

 

Auzoko jaietan parte hartzeko eskubidea defendatzen jarraituko dugu, independenteki antolatutako aisialdi eta jaien alde. Ez dugu beto politikorik ezta espazio publikoaren pribatizaziorik onartuko. Hortaz,  beto politikoa baztertzeko exijitzen diogu Ezker Abertzaleari.