Bilbollywood: Zinema eta dirua

Erabiltzailearen aurpegia Joseba Gorordo Jauregi 2022ko mai. 17a, 10:20
Esteban (ezkerrean) eta Javi (eskuinean) Ibarretxe anaiak

“Wonderful!” whatsapp-a jaso nuen mugikorrean, urtarrilaren erdialdera edo. Esteban Ibarretxek bidali zidan azkenekoa. Bi aste geroago 66 urte zituela hil egin zen. Bere fisikoagatik ez ezik bere izate eta dimentsio artistikoagatik ere handia izan zen Esteban Ibarretxe. Wonderful indeed. Aurretik joan zitzaizkigun bere bi anai Javi eta Josemi bezalaxe. Artistak, on puskak, umoretsuak eta jakituria handikoak. Batez ere hori. Nik ez nizkien ezaugarri guzti horiek berehala igerri Ibarretxetarrei, zeren eta nik Esteban ezagutu nuen garaian nire burua nahi nuen nabarmendu, besterik ez. Eta damu naiz. Geroxeago itzuliko naiz kontu honetara.

Ibarretxe brothers bezala ezagunak ziren Javi, Josemi eta Esteban. Produktore, gidoilari eta zuzendari, hurrenez hurren. Estebanek and sisters gaineratzen zion apelatiboari. Hastapeneko film laburretatik hasita, Susana, Tere eta Inés arrebak ere han izan zirelako; eta geroago, Marina, Ander eta Iñigo De La Fuente, Irune eta Guillermo Llaguno ilobak eta Jone Ibarretxe Josemiren alaba ere hor izan eta izango direlako. Baita beste hainbat lehengusu-lehengusin artegatsu eta lagun mordoa ere. Horiek gehienak Golem zinemetako areto nagusian batu ginen aurreko igandean, Ibarretxe brothers and sisters.

Bilboko FANT jaialdiak programatuta Malditas sean las suegras film laburraren eta Sólo se muere dos veces anaien opera primaren emanaldiak. Marabilla bi. Eta zenbat izen eta izan handi kredituetan: Alex Angulo, Jon Inciarte, Rosana Pastor, Jon Arretxe, Esti Markiegi, Kiko De La Rica, Santi Ibarretxe bera, anai musikaria… 35 milimetroko formatuan proiektatu zuten gainera, mundu osoan den filmeko zeluloidezko ale bakarra, Edu Carneros produktoreak (familiaren abizenik ez daraman Ibarretxetarra) aurkezpen gozagarrian esana.

2010ean, euren Un mundo casi perfecto filmerako ibili nintzen produkzio auxiliar gisa. Lokalizazioetan, produkzio buru zen Sara Bergasaren esanetara; zeregin nagusien artean, baimenak eskatu; bai grabatzeko, bai furgoak aparkatzeko; aktoreen aldageletarako eta makillajerako toki aproposak bilatu; prezioak negoziatu, etabar. Boroako segurtasun-enpresa batek errodajerako furgoi blindatu bat musutruk lagatzea lortu genuen. Esteban oroitzen dut enpresa hartako pabilioiaren goiko solairuan, behean aparkatuta zeuden bospasei furgoi blindaturi begira: “Afrikako elefanteak dirudite, atseden hartzen”.

Baina noan harira. Edo dirura, hobeki esanda. Un mundo casi perfecto-k Eitbren, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Kultur Ministeritzaren dirulaguntzak jaso zituen baina ez zen sekula ere egin ahal izango Bilboko udaletxeko bi erakunderen laguntzarengatik izan ez balitz. Batetik, Udal Etxebizitzak-ek San Ignazio auzoko bi eraikin handi errodajean erabiltzeko debalde uzteagatik. Bestetik, Lan Ekintza-k ekipoko partaide batzuen soldatak bere gain hartzeagatik.

Orduko hartan, ez zegoen ez Bilbao Ekintza-rik, ez Bilbao Bizkaia Film Commission-ik; are gutxiago gaur egun dagoen bertoko eta kanpoko errodajeak erakartzeko egiturarik ezta estrategiarik ere. Burura datozkit urte beretsuan Pagafantas eta La máquina de pintar nubes ere egin zirela. Film luze bakarra edo gehienez jota bi grabatzen ziren urtero; orain, aldiz, zenbat izango dira, lau, bost bider gehiago?

2010ean, Game of Thrones bezalako arrakasta planetario bat Gaztelugatxera ekartzea pentsaezina zen. Bada, Ibarretxetarrak horretan ere bisionarioak izan ziren. Jakin bazekiten, Javik bereziki, zinema eta dirua bateragarri direla. Box-officeko emaitzetatik kanpoko intangibleak ere badituztelako ikus-entzunezkoek: turismoan onura eta ofizio artistikoetako enpleguan eragina, besteak beste.

Bilbollywood Ibarretxetarren ametsa izan zen. Eta San Ignazioko eraikin haietan amets horren gauzapenaren hasiera. Zoritxarrez Un mundo casi perfecto-ren grabaketa bukatu eta gero, jarraian pelikularik egiterik izan ez zutenez, lokal haien giltzak itzuli behar izan zituzten/genituen. Ametsa ez zen konplitu.

Bilbollywood izan zenatik pasatu nintzen orain dela gutxi. Bi eraikinetatik batek hutsik jarraitzen du; bestean haurtzaindegi bat ireki dute. Nahiz eta 3 anaiak desagertu diren ez da haririk eten. Jone Ibarretxe, Nere Flanaganen, Alvaro Ordoñezen, Maria Maestreren eta Edu Carnerosen laguntzarekin batera, bere aita eta osaben inguruko dokumental bat prestatzen ari baita: Esto no es Hollywood.

Esteban Ibarretxe ezagutu nuen egunean, Atxuriko enparantzako monasteriora joan ginen berarekin lokalizatzera. Guztira bost minutu eman genituen lokalizatzen eta ordu eta erdi pintxo-poterako tartean alboko Botxo tabernan. Askok flipatu egiten genuen gauza hauekin garai hartan. Eta disimuluan (askotan ezta disimuluan ere) trufa egiten genien anaiei. A ze frikiak. Bost minutuko lana eta ordu eta erdiko aisia. Ze seriotasun gutxi. Urteak pasata, ulertu nuen irakaspena: aurrena bizi eta lana geroko. Ordena horretan.