Euskara badago Bilbon, baina non? Eta zertarako? Nork sortzen du euskarazko kultura, eta nork sostengatzen? Galdera horien aurrean, Udalaren azken urteetako erabakiei begira, argiago ikusten da euskara eta kultura bizirik nahi ditugunontzat kezkagarriak diren erabakiak hartu dituztela.
Azkenaldian, Bilboko Udalak hartutako neurriak eztabaidagai bihurtu dira hiriko euskaltzaleon artean: euskaraz idatzitako auzo aldizkarien egoera, auzoetako jaietako laguntzen murrizketa, Azkuna Zentroaren pribatizazioaren norabidea, 2024ko azaroan Euskararen Ordenantza berri baten proposamenari ezezkoa, epe laburrean gertatutakoak dira guztiak, baina norabide berean doazenak: kultur ondarearen merkantilizazioa, euskarazko eta herritik sortutako kulturaren ahultzea, 4 urteko Planaz harago, estrategia bateratu falta… Udal Gobernu honek badaki zer itxura eman nahi dion euskarari: Basque Fest. Postaletan agertzen den euskara, show bihurtutako euskara. Erakusteko, baina ez bizitzeko. Egiten ari den folklorizazio horrek, ordea, ez du elikatzen euskararen benetako erabilera. Horrek ez du laguntzen gazte batek bere lehen poesia bilduma euskaraz argitaratzeko bidea aurkitu dezan. Ezta auzoko plaza batean euskarazko sormena aderazpenak antolatzeko aukera eduki dezan edo ekimen herritarretik jaiotako guneen sustapena.
Horren adibide garbia da Bira kulturgunea. Herritik sortutako proiektua, komunitate baten ahaleginarekin eraikia. 2016tik hona, 285.000 euroko ekarpena egin dute birakideek, eta urte bakoitzean 45.000 euro inguruko aurrekontu xumearekin aritu dira. Iaz, 303 egunetan 290 kultur ekitaldi antolatu zituzten: literatura, filosofia, bertsolaritza, musika, gazteentzako programazioa, eta beste hainbat. Eta guzti hori euskaraz, herrigintzatik eta profesionaltasunez. Baina 2024ko eta 2025eko Udalaren diru-laguntzak nabarmen jaitsi dira. Horrek esan nahi du datorren ikasturtean ezin izango dutela ordura arteko programazioari eutsi. Egitura profesionala desagertu egingo da, eta militantziatik soilik jardun beharko dute. Bira, de facto, desagertzera doa gaur egun ezagutzen dugun moduan, aditzera eman dutenez. Uda hasierarako notizi latza.
Bitartean, Bilboko Udalak Azkuna Zentroaren kudeaketa are gehiago pribatizatzen jarraituko du, tokiko sortzaileentzat gero eta zailagoa den bitartean hirian bertan lekua aurkitzea. Euskara eta auzoetako kultur adierazpenak baztertuta geratzen ari dira, espazio horiek ez direlako errentagarriak. Euskara, gero eta gehiago bultzatzen da ekitaldi puntualetako minimoetan baina gero eta gutxiago egunerokoan. Soilik etekin ekonomikoari begira hartzen diren erabakietan.
Aspaldiko kontua da. Bilbok ez du Euskara Ordenantza eguneraturik 1997az geroztik. Kasualitatez Guggenheim inauguratu zenetik. 28 urte dira. Izan ere, ordenantza sendo bat gabe, ezinezkoa da paisaia linguistikoa arautu eta euskalduntzea, ezta euskarazko kultur sorkuntza sustatzeko atzera ezinezko bihurtu daitezkeen neurriak bermatzea, kultur bekak, auzoetan lehiaketak, euskaltegien sareen sostengurako plan bat marraztea, kirola, lana, aisialdia, merkataritza…erdalduntze makinariari aurre egiteko oinarri bat jartzea azken finean.
Beraz, galdera honakoa da: nola eraiki nahi dugu Bilbo euskalduna, baldin eta euskarazko kultura sortzeko egiturak desagertzen badira? Ez da nahikoa “euskaraz bizi nahi dugu” esaldia lelo bihurtzea, erabakietan islatu behar da. Eta gaur egun, erabaki horiek ez doaz bide horretatik. Euskarak ez du ezta berezko sailik, ez du Euskara zinegotzirik Bilbon; Euskara, Herritarren Arreta eta Partaidetza, 2030 Agenda eta Nazioarteko Gaiak aterpe berean estalia agertzen da gure hizkuntza. Hor ere zokoratua.
Euskararen presentzia eta prestigioa auzoetan, gazteen artean, sorkuntzan eta plazetan bermatu nahi badugu, ezinbestekoa udal aurrekontuetan euskarazko kulturari lehentasunezko lekua ematea. Ezin dugu onartu herritik sortutako egitasmoak itotzen diren bitartean, erakusleihoetarako “Basque experience” ikusgarriak lehenestea.
Udalak ez baina euskaltzaleok batipat, kultur sormena eta euskarazko programazio itzela dituen Bira kulturguneak aurrera egin dezan, Euskaltzale bat, euro bat kanpainatxo bat arnasgune bat babesteko?