Umeak eta matematikak: zer landu daiteke etxean?

Matematikarekin zerikusia duten jolas asko egin daitezke etxean. Matematiketan jardutea esaten diot nik horri.

Hasteko, oinarrizko kondizio batzuk aipatu nahi nituzke, umearen momentua eta aldartea errespetatzearekin zerikusia dutenak:

  • Etxean matematiken inguruan sortu dezakegun giroaz, giro erlajatuaz, naturalaz eta ludikoaz ari naiz.
  • Guk jolasen bat proposatu genezake, baina haurrak jolasterik nahi ez badu, lasai uztea da onena eta beste baterako utzi, haserretu gabe eta ezer aurpegiratu gabe.
  • Umeak esku artean darabilen jolasetik abiatzen garenetan lortuko dugu bere arreta hobeto piztea. Begiratu dezagun zertan ari den eta pentsa dezagun jolas hori nola zukutu dezakegun matematikoki.

7 momentu, hamaika proposamen

Beste asko egongo dira, baina gaurkoan ia egunero ematen diren 7 momentu ekartzen ditut. 

   1.- Erosketetan: Joko haundia ematen duen ekintza bada ere, kontuz erabiltzekoa ere bada, haurraren izaeraren arabera. Oso ekintza "publikoa" da, albokoei atentzioa ematen diena eta horrek zenbait ume agerian utzi ditzake.

Presak ere sartu daitezke tartean, lerrokoak itxoiten daudelako... Joasa edo plazerra behar lukeena, tentsio eta hasarregune bilakatu daiteke azkar asko. Beraz, umeak ez badu dendan kalkuluak egiten hasterik nahi hobeto hurrengo baterako uztea. Bestela, hasieran aipatu dudan moduan ekintzak denerako ematen du. Etxetik ekarritako zerrendaren sekuentzia jarraitzeko, dendako sailkapen sistema ezagutzeko, aleak kontatzeko, prezioak ikusteko, neurriekin jarduteko (1kg, kilo erdi, 1 litro...), antzerako produktuak alderatzeko, merkeena, garestiena, haundiena, txikiena , ertaina terminotan aritzeko, dirua erabiltzeko, kanbioen gaiari heltzeko...

   2.- Janariak prestatzen eta banatzen: Jarduera honek bost zentzumenak jartzen ditu martxan. Oso aberatsa da  haurrekin batera sukaldatzea. Elkarlana eta lanaren bukaeran lortzen den produktua ere ezin dira gutxietsi, eta gainera matematikaren atal asko ukitzen ditu; hala nola, neurria, (bolumen eta pisua, balantzak...), kopuruak eta eragiketak, banaketak eta zatikiak eta, nola ez, errezeta bat aplikatzeak suposatzen duen ekintzen sekuentziazio logikoa. 

   3.- Mahaiaren bueltan: Hau ere momentu bikaina da besterik gabe elkarrekin egoteko, baina matematikari lekua egin nahi badiogu sukaldeko mahaian aukera asko dauzkagu: bakoitzak jan dituen kopuruak kontatu, zenbat ale sobratu diren, mahai gainean dauden objektuekin segidak eta serieak egin, jakien banaketa eta partiketak egin, eta aste osoko kontsumoak aztertuz gero, ikerketa estatistikoak ere egin ahal izango ditugu; zenbat fruta ale jan ditugun etxean, noiz gehiago, noiz gutxiago…

   4.- Kotxean goazela: Bidaien gaiak, etxeko lanen gaiak bezala, luzerako emango luke. Bidaiok laburrak badira gaitzerdi, baina, luze xamarrak badira...zenbat aspertura, haserre eta zorabio elkartu daitezkeen denbora tarte berean. Ai ama!

Nik uste dut ondo planifikatu beharrekoak direla bidaiak. Jolas eta ekintza sorta on bat aldez aurretik pentsatuta eraman daitezkeela eta gogo txarrez egingo genukeena berriz ere jolasgune bihurtu. Eta, bide batez, ezinbestekoa dirudien DVDaren dinamikatik irten. Entzuteko edo asmatzeko ipuinak eta abestiak eta ikusi-makusi bezalako jolasak hor daude, baina matematikari bere txokoa erraz egin diezaiokegu: trafikoko seinaleekin geometria aztertu ahal izango dugu, matrikulen zenbakiekin zifrak identifikatu, eragiketak egin, 10en deskonposaketak bilatu, milako zenbakiak identifikatu, zifrekin eragiketak egin, erlojuaren erabilera, distantziaren neurketa...

Kotxean doan partaide bakoitzak  forma geometriko bat edo matrikuletako zifra bat,  edo 10en deskonposaketa bat  (1-9, 2-8, 3-7, 6-4 eta 5-5) aukeratu eta identifikatzeaz arduratu daiteke, zeinek gehiago identifikatu apuntatzen joan daiteke eta berriz ere estatistikarekin lotu...

   5.- Haurra bere jostailuekin ari denean: Piezadun jostailuak badira bikotekaketak, kriterio ezberdinen araberako sailkapen eta ordenazioak, kontaketak egin, konparazioak egin, piezak gorde eta pistak emanaz aurkitzera jolastu daiteke. Eta umea zaharragoa bada zatiketa eran jarri daitezke kopuruak, kopuruen dekonposaketak egin daitezke, forma geometrikoak eratu, biderketa egoerak  probokatu edo aztertu... 

   6.- Etxea betaurreko matematikoak jantzita deskubritzen: Hau etxeko guztiek egiteko modukoa da. Jantzi “betaurreko matematikoak” eta hasi deskubritzen zuen etxeetan lehendik ikusi gabe zenuezkaten kontzeptu matematikoak. Biderketak, batuketak, forma geometriko bitxiak…denetarik deskubrituko duzue.

   7.- Etxera apropos ekarritako jolasak: Mundu oso bat zabaltzen da atal honekin; betikoak aipatzearren, domino, bikote jolasak, antzarraren jolasa eta partxisa, 3-en-raya, karta jolasak eta xakea aipatuko ditut, baina benetan mundu bat dagoela esparru horretan. Partxisean edo antzarraren jolasean 2 edo 3 dadorekin jardunda eragiketak egin eta egin arituko gara, eta kartekin “karta-gudak”, eskoba, briska eta beste jolas asko kontzeptu matematikoz joasita daude.

Etxean umearekin matematikean aritzeko, ez pentsa  4-5 urte izan arte itxaron beharra dagoenik. Beti ere haur bakoitza mundu bat da, baina txiki txikitatik jarri diezaizkiekegu zentzumenak aktibatu ahala deskubrituko dituzten jolasak.

Ukitzekoak, ahoan sartzeko modukoak, bata bestearen barruan sartu eta gordetzekoak... ia edozerrekin ari gara matematiketan; 18 hilabeterekin jostailuak kutxatan sailkatuta jasotzen ari garenean matematiketan ari gara; eta gauza bera koloreka edo formaka antolatzen ditugunean jolasen bateko piezak; edo obkekturen bat ezkutatu eta  pistak ematen dizkiogunean bilatu ditzan... urrunago, atzean edo gainean esanda, matematiketan ari gara. Proposamen konkretuak ikusi nahi badituzu, segi adi gure matematiketan.eus webgunearen jarduna, halako batean emango ditugu-eta proposamenok.