Hiru lagun ginen. Presaka. Gutako gihartsuena ohituta zegoen Marijaia dantzaraztera. Baina orduko hartan, bizkorregi genbiltzalako edo, zeozerekin estropezu egin eta jausi egin zen. Jausi egin ziren biak, bai Marijaia bai bere eramailea. Zorionez, Areatza nahiko hutsik zegoen. Bateren batek adi-adi begiratzen zigun. Harrituta. Gu ere oso harrituta geunden.
Eramaileak susto ederra baino ez zuen. Marijaiak, kolpearen ondorioz, aurpegia urratuta eta burua aske, solte zuen. Bat-bateko ebakuntza egin behar izan genion. Makila batekin eta prezinto salbatzaileari esker eutsi zion buruari gauera arte Marijaiak. Konpartsakide lagunei baino ez genien kontatu gertatua. Hurrengo egunean profesionalek egin zioten ebakuntza.
Ez da Marijaiak ezbeharren bat izan duen lehen aldia. Beste behin Arriagako plazan dauden eskaileretatik behera jausi zen. Jausi ziren. Uste baino eskailera-maila gehiago daude. Laguntzen (edo) genbiltzanoi barre txikiak ihes egin zigun harriduraren harriduraz. Orduan ere saltoaren eta lurreratzearen lekuko. Baina eramaileak oraindik sentitzen duen atsekabe konponezina dela eta ez dut gehiago kontatuko. Damu apur bat sentitzen dut barre egin izanagatik.
Pasa dituenak eta pasatzeke dituenak Marijaiak. Berak eta bere eramaileek. Hortaz, hona gomendioa. Adi ibili Marijaia gerturatzean, ez trabarik egin, bidea egiten lagundu eta, beharrezkoa balitz, barre txikiari eutsi eta ebakuntza egin.