URIOLA Laguntzaileak

Modu asko daude URIOLAn parte hartzeko eta laguntzeko

Erabiltzailearen aurpegia Lur Mallea 2017ko mar. 23a, 12:00

Tokiko hedabideek auzotar eta herritarren beharra daukate. Beharra, zentzurik zabalenean. Euskarazko tokiko hedabideek are gehiago. Eta hori horrela da oraindik ere. Eta horrela izan behar du, hein handi batean. Inguruko bizilagunen parte hartzerik gabe ez baitu zentzurik, ez baitu funtzionatuko komunikazio horrek. 

Izan dira eta badira euskarazko komunikabideak Bilbon, gehientsuenak herri-ekimenetik sortuak, euskalgintzatik gehienbat. Hiri handia izanik gurea, nork bere etxea, etxetarrak eta etxe ingurua zaintzearekin nahikoa lan izan du. 

Komunikazio digitalaren aroan, eta denok krisiaren eraginak jota geundela, gure inguru hurbileko informazio eta komunikazio eremuko eragile eta norbanako askok bat egitea erabaki dugu. URIOLA plataforma digitalean parte hartzea. Sarean. Auzolanean. Bilbon barreiatuta dauden euskaldunei ahots askoko informazio gune bat eskaini asmoz.

Euskara batua eta bizkaiera batua nahastu dira URIOLAn. Otxarkoagakoak eta Elorrieta muturrekoak. IFK duten erakundeak, eta ez dutenak. Norbanako ezagunak eta ezezagunak. Denek euren berri, inguruaren berri, besteen berri emateko xedea dute, euskara hutsez. Testu, argazki, audio edota bideo formatuan. 

Modu asko daude URIOLAn parte hartzeko eta laguntzeko. Izan zaitezke kide eta edukiak zabaldu: informazioa, iritzia... Izan zaitezke jasotzaile eta edukiak kontsumitu. Izan zaitezke iragarle eta nahi duzuna iragarri. Izan zaitezke laguntzaile eta urtean 25 euroko harpidetza kuotarekin plataforma indartu.

Horretan ari da URIOLA une honetan, bere oinarriak sendotzeko babes bila. Bilbotarren ekarpenak jasotzen. Auzotar eta herritarren babesa delako komunikabie batek aurrera egiteko duen laguntza baliotsuena.

Aupa zuek!

 

[Saretu, babestu, indartu! Izan zaitez URIOA Laguntzaile!]