Karmele Goñiren heriotzaren oharra gaztelera hutsean. Informazioa azkar, euskaraz baino lehen.

Erabiltzailearen aurpegia Lur Mallea 2017ko eka. 8a, 12:50

Karmele Goñi hil da. Bilboko Udaleko prentsa-bulegoak atzoko 20:49ean oharra bidali zien komunikabideei Goñiren heriotzaren berri emanez. Mezuaren izenburua honako hau: El Ayuntamiento de Bilbao muestra sus condolencias por el fallecimiento de la historiadora, etnógrafa y euskaltzale Karmele Goñi. Sei lerroko testua du mezuak, prentsa-oharrak hamalau lerrokoa. Denak gaztelaniaz idatziak. 

Gaur goizeko 10:00etan deitu dut Udaleko prentsa-bulegora Karmele Goñi euskaltzalearen heriotzari buruzko euskarazko prentsa-oharra falta dela esanez. Telefonoa hartu didan kabineteko langileak azaldu dit itzulpenak egiten dituen enpresak ez duela gauez lan egiten eta Udalean ere ez dutela 24 orduz lan egiten.

Nik orduan esan diot gaztelaniazko prentsa-oharra idatzi eta bidaltzeko aparteko lana egin duten moduan euskarazko oharra ere presta zezaketela eta aldi berean hedabideei bidali. Orduan, kazetari lankideen izenean hitz egin dit esanez gainerako lankideek nahiago dutela informazioa azkar jasotzea.

Une batean mediku on bat edo mediku euskaldunaren artean hautatu beharrean aurkitu dut nire burua. Asko ernegatu nau egoerak. 

Tentsiodun elkarrizketa hobetzeko, "ez haserretu" bota dit. Bai, arrazoi zuen, haserre nengoen. Batez ere ez delako ulertzeko gai izan kazetaritza expressaren izenean ezin daitekeela edozelan lan egin. Erdizka. Ez du ulertu Bilbon euskaraz lanean dihardugun kazetariok azkar informatzeko gaztelania hutsezko prentsa oharrak ez digula laguntzen. 

Ez diot hizkuntza eskubideetaz hitz egin. Nahiago izan dut kazetaritzaren arlora mugatu. 

Kexatzeko deitu dut, gauzak aldatzeko, hobetzeko, eta horrela esan diot Udaleko langileari. Jasotako erantzunak mindu egin nau. Alperrik deitu dudala konturatu naiz. Kexati moduan geratu naiz gainera. Horrek baino gehiago mindu nau telefonoaren beste aldean zegoen pertsonaren enpatia ezak. 

Eztabaidak hainbat galdera sortu dizkit. Zergatik prentsa-bulegoak ez zuen ohar labur eta elebiduna azkar bidali atzo gauean eta zergatik gaur goizean zehar ez du bidali informazio osatuagoa? Ahalik eta ondoen lan egitea da denon helburua ezta? Bai, baina horretarako funtsezkoa da jatorritik, Udaletik, informazio sortzaile handia den erakundetik, lan eredugarria egitea. 

Badakit sistema onenak ere huts egiten duela eta ondotxo dakit zer gertatzen den arratsaldeko azken orduko eta gaueko albisteekin. Bide batez, aitortzen dut batere arazo gabe Bilboko Udalak lan handia egin duela euskararen normalkuntzan eta aurrerapenak nabarmenak direla informazio eta komunikazio arloan. Egia da, ohikoak ziren gaztelania hutsezko prentsa oharrak gaur egun noizbehinkakoak direla. Baina Karmele Goñi 'euskaltzalearen' kasuan azkar egindako lana mingarriegia iruditu zait. Horregatik deitu dut. Normalean, euskarazko informaziorik bidaltzen ez dutenean, e-posta bidez baino ez diet eskatzen euskarazkoa. 

Kontua da prentsa-bulegoak huts egiten jarraituko duela, oharkabean edo nabarmen, itzulpenak egiten dizkion enpresa baten menpekoa den bitartean. Kabineteko kideak euskaldunak ez diren bitartean. Eta irizpideak eta lehentasunak azkartasunaren izenean alboratzen diren bitartean. 

Gaurkoa bezalako gertaerak ekiditeko, besteak beste, sortu da Hedabideak izeneko azpibatzordea, Bilboko Udalaren Euskararen Aholku Batzordearen ekimenez. Bertan ari gara aurrera egiteko neurri zehatz batzuk definitu nahian. 

Astelehenean Segurtasun Saileko Prentsa-Kabinetera deitu nuen aurreko egunean Bilbon bi emakumek jasandako erasoen harira galdezka. Emandako datu batzuk ziurtatu nahi nituen. Zalantza argitu eta gero, deiaren amaieran, bi erasoen ondorioz Ertzaintzak burutu zituen atxiloketen oharrak gaztelaniaz bakarrik zeudela aipatu nion kabineteko langileari. Berari ere esan nion euskaraz lan egiten dugun kazetariontzat zein garrantzitsua den informazioa euskaraz jasotzea. Berak arrazoia eman zidan, baita bere esku ez zegoela argitu ere. Aipatu zidan batzutan prentsa-oharra web gunean gaztelaniaz argitaratu eta hurrengo egunean kaleratzen dutela euskaraz. Segurtasun Saileko Prentsa-Kabineteak ere azpikontratatuta dauka itzulpen zerbitzua, eta sail bat baino gehiagorentzat egiten du lan enpresa berak testuak euskaratzen. Beraz, lanari azkar erantzun ezinik, euskarazko prentsa oharrek egun bateko atzerapena izaten dute. 

Egun berean Behatokiak Hizkuntza-eskubideen egoera Euskal Herrian 2016 txostena aurkeztu zuen. Behatokiaren ondorioa da langileak euskara jakin ezean nekez bermatuko direla euskal hiztunen eskubideak. Ildo horretan, neurriak eskatu ditu langile publikoen belaunaldi aldaketari begira.