Betiko Mugatik Muga berrira

Erabiltzailearen aurpegia Lur Mallea 2017ko eka. 16a, 08:00

Urtetan pilatutako trastez inguratuta, esku artean liburu bat duela, negarrez aurkitu dugu Juankar Bilbao, urtetan kudeatu duen Muga tabernan. Gizonek ere negar egiten dutelako. Eta berak asko, betidanik. Diogenesetik apurren bat baduela konturatu da garbiketa egiteari ekin dionean. Duela hiru urte beste garbiketa bat egin zuen arren. Oraingoa, baina, sakona da taberna saldu baitu. Ondo saldu ere, dena "ondo lotuta" utzi duela dio, eta horrek lasaitzen du. 

Hunkitu egiten da tabernan gordeta izan dituen liburu, fanzine, kartel, kontzertuetako sarrera, kamiseta eta abar berriro ere bere esku artera itzuli direnean. Horiekin zer egin erabaki behar du. Denak dakarkio emozio ugari, oroitzapen asko. Eta horrek garbiketa eta txukuntze-lanak geldotu egiten ditu. Asteazken gauean pertsiana jaitsi zuenetik, publikoari itxita dago Muga. Jabe berriak ailegatu bitartean astiro ari da Juankar, urtetako bere etxea arineketan ezin duelako utzi.

Ez du dena eramango. Bi horma nagusietako apaingarriek bere horretan jarraituko dute. Langile ia denek bertan jarraituko dute –batek lanbidez aldatzea erabaki du–. Jatekoak ere berezi eta gozo jarraituko du, –begetariano eta begano eskaintzari eutsiko diote– eta musika mota, orain arte bezala mantentzen ahaleginduko dira kudeatzaile berriak. "Muga taberna aurrerantzean aldatuko da? Bai, 33 urtetan aldatu den bezala", dio Juankarrek. 

Taberna saltzea erabaki zuenean erosteko lau proposamen egin zizkioten. Azkenean espekulatzaile bati baino "ostalari bati" saltzea erabaki du, eta "Francok bezala dena lotuta utzi dut, ondo lotuta". Pozik dago horregatik. 
 
Pena batzuk ere badaramatza barruan gordeta, Udalak "lapurtu" zion musika jaialdi baten ideia, esaterako. Orduan dirutza galdu zuen. Sobratu ziren jaialdiko kamisetak Haitira bidali zituen. 2.000 bat. 
 
Aurrerantzean Mugako barratik kanpo egongo da, baina ez da guztiz desagertuko. Inguruan ibiliko da. Ilobekin bazkari handi bat egin nahi du eta liburuak irakurri. Garai batean astean bi, hiru liburu irakurtzen zituen, eta zaletasuna berreskuratzeko desiatzen dago.
 
Bilbo Zaharreko Xake Espazioan ere jardungo da, bere auzoan. "Hipsterrek bere ez egiteko auzotarrok auzoarentzat hartu genuen espazioa", dio erdi broma erdi serio. 
 
Eskualdatze ospakizuna
Irailaren 30erako "festa handi bat", kontzertu eta guzti, antolatzen ari da Juankar. Ez du zehaztu non egin oraindik. Muga tabernaren kalean, Maria Muñoz kalean egin nahi du, uzten baldin badiote "kale osoaren jai bihurtzeko". Tabernaren eskualdatzea ospatu nahi du, eta ondo irteten bada "urtero errepikatuko dugu".