Argazkiak kaleei eta gaueko pertsona bakartiei

Erabiltzailearen aurpegia Lur Mallea 2017ko uzt. 11a, 10:30

Argazkia: Laura Freijo Iglesia

Ohitura handia daukate Laura Freijo Iglesiaren senideen artean “edozein momentutan eta egunero” argazkiak ateratzeko. Canon argazki-kamera eta telefono mugikorra erabiltzen ditu berak. 

Gaua maite du, eta “gauak sortzen dituen gauza polit guztiak; dela argi-itzal bat, dela pertsona ezezagun batek sortzen duen misterioa, dela etxe bateko leihotik ateratzen den argia…” Kaleei eta gaueko pertsona bakartiei argazkiak ateratzea gustuko du. Bere ustez, argazkiek “ez dute zertan ondo eginak egon behar, kalitatea baino, argazkiak sortzen duen emozio edo misterio txikia” beharrezkoagoak dira. Munduko denbora guztia izatea nahiko luke Laurak “gauean lasai paseoak emateko eta argazkiak ateratzeko, logurerik gabe eta ‘bihar zer egin behar dut’ edo ‘zein ordutan esnatu behar dut’ pentsatu gabe. Non? Edozein lekutan, baina gehienbat elurtuta dagoen herriren batean, mendian, hondartzan”. 

Plazer hutsa da Laura Freijo Iglesiarentzat argazkiak egitea, ez baita profesionalki egin nahi duen zeozer; “denbora modu polit eta lasai batean pasatzeko modua baizik. “Ez dut argazkilaria izan nahi, badakidalako horrek lan izugarria eskatzen duela, pazientzia eta argiarekiko izugarrizko kontrola. Gustatzen zaidan zeozer da, lasaitzen nauena. “Zintzoa izateko”, dio, modeloekin lan egiteko aukera izan duen arren, nahiago du “argazkigintza ez hain prestatua, espontaneoagoa”. Horregatik “espero ez ditudan argazkiak azpimarratuko nituzke, prestatu gabe daudenak, nonbaitetik ateratzen direnak eta nire atentzioa pizten dutenak”.

 

facebook.com/laura.freijo

instagram.com/laurafreijo