Argazkigintza modu gardenean

Erabiltzailearen aurpegia Lur Mallea 2017ko abu. 17a, 08:00

Argazkia: Iñigo Calleja Lopez de Sabando

Mondragon Unibertsitatean Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasten ari zela konturatu zen Iñigo Calleja Lopez de Sabando argazkigintza oso gustuko zuela. Karrera amaitu ostean, lehen soldatarekin kamera erostea erabaki zuen. Canon kamera bat. Aurrerantzean bere aisialdian, eta batez ere bidaiatzean, “aitzakia ona da kamera hartzea eta argazkiak egitea”. 

Bidaia argazkiak egiten ditu batik bat. Gustuko du ezagutzen dituen herrialdeetako ikuspegia azaltzea. Jendea hurbiletik erretratatzea. “Errealitate gordina argazkietan barnebiltzea, hori baita gizartea ondo deskribatzea argazkigintza modu gardenean”. Bere lanen artean, Marokoko argazkien bilduma azpimarratzen du. Marokoko argiarekin txundituta geratu da Iñigo. “Beste herrialde batzutan aurkitu ez dudan kolore eta indarra du han argiak. Oso argazki politak egiteko aukera ematen du”. Flickr kontuan ikusgai dauzka Marokoko eta beste hainbat bidaietako argazkiak. Sare sozialetan bakan batzuk baino ez, bere intimitatearen oso maitale delako. Etorkizunean, animaliei argazkiak egitea nahi du, baina horretarako ekipo hobea beharko du, “objektibo berri bat hegaztiak ondo harrapatzeko”. 

flickr.com/photos/inigocalleja