Josebari lagun italiar batek eman zion blog italiarraren berri. 'Erromak nazka ematen du' izan daiteke blogaren izenburu librea. Jarraitzaile asko omen diru Italiako hiriburuan. Kritikoa da hango zikinkeria, utzikeria eta kaosarekin orohar.
Bertan abuztuaren 30ean argitaratutako erreportajean uda honetan Bilbo bisitatu duen pertsona batek hiriaren kronika egin du hirigintza eta zerbitzuak aipatuz. Artikulua baikorra da. Hiriak izandako eraldaketa goraipatzen du, industria hiri izatetik zerbitzu hiri izatera. Baikorkeria dario, akaso. Testu laburren artean hainbat argazki txertatu ditu, bakar bat izan ezik, gainerakoak Abando eta Indautxukoak. Bestelako auzorik ez du zapaldu, antza. Hiri asko daude Bilboren baitan, eta horiek ezagutu gabe alde egin du. Pena. Pena da erdigune txiki batera mugatu izana. Erakundeek, operadoreek eta turismo bulegoek saltzen duten postal huts hori baino ez ezagutzea. Asko galdu duzu lagun!
Erreportajeak iruzkin asko izan ditu. 80 bat. Batzuk Bilbo Erromarekin alderatzen duten bitartean beste batzuk tamainagatik Erromarekin alderaketa egiterik ez dagoela azpimarratzen dute. Erroma bezalako hiri handi bateko plangintzak eta jardunak eragiten duen eztabaidaren isla dira iruzkinak. Hiritarrak kritiko dira euren bizitokia kudeatzeko moduarekin. Tamainak tamaina, hiritarrek eta herritarrek ondo baino hobeto ezagutzen dituzte norbere bizitokiaren beharrizanak. Euren eskaerak modu indibidualean edo kolektiboan plazaratzen dituzte. Eta oso beharrezkoa da eskatzen, exijitzen eta kritikatzen jarraitzea. Sanoa delako. Gure erakundeek ere eskertuko dute. Beharrezkoa dute, gainera, herritarrei entzutea eta euren iritzia kontutan izatea. Baita parte-hartze prozesu eta kontsulta organoetatik haratago ere.