Tretatxu, bandolero soziala

Erabiltzailearen aurpegia Lur Mallea 2018ko mai. 7a, 09:49
Hektor Ortega

Erronka handia izan da Hektor Ortega historialari, kazetari eta Prest! aldizkariko taldekidearentzat Bautista Landa Tretatxu lapurraren biografia eta bandolero soziala izan zela frogatzeko tesia idaztea. 

Xabier Amurizaren Bizkaiko bertsogintzari buruzko liburu bat irakurtzen ari zela erabaki zuen Hektor Ortega historialari eta kazetariak Larrauriko Bautista Landa Tretatxu-ren (1716-1761) inguruan sakontzea. Kopla zahar batzutan Tretatxu lapurraren berri irakurri zuen. “Tretatxu Larrauriko / Landako semie / Bizkaiko lapur danen gobernadorie”, dio kopletako batek. Arreta deitu zioten koplek. Berarentzat ezohikoak ziren, eta astia zuenean agiritegietan Tretatxu izeneko lapurra benetan existitu zen ziurtatzea pentsatu zuen. 2002an beren-beregi jo zuen Tretatxuren zantzuen bila, eta informazio asko aurkitu zuen. “Asko egotea oso ona da ikertzailearentzat”, Hektorren esanetan, eta era berean oso nekeza, “horrek denbora asko eta dokumentazio asko prozesatzea eskatzen duelako. Baina benetako pagotxa da; horri esker berregin ahal izan baitugu Tretatxuren bizitza modu zehatzean”. 

XIX. mendeko lehen erdialdean kokatzen dute historialariek euskal bandolerismoaren aro loriatsuena. Tretatxu tarte horretan kokatzen da eta, hortaz, baditu euskal bandoleroen ezaugarri oso klasikoak –lapurretak egiteko moduagatik eta kuadrillak osatzeko moduagatik–, baita berezitasun propioak ere. Etxejabea izan zen Tretatxu, eta horrek egiten du desberdin. Izan ere, “oso, oso gutxitan gertatzen da baserri jabe batek bere etxea, andrea eta seme-alabak utzi eta bidelapurretara joatea”. Zeozer “oso larria” gertatu den seinale da, eta badu bere azalpena, hiru faktoretan oinarritzen dena. “Batetik, testuinguru sozioekonomikoan. XVIII. mendea hazkunde beteko aroa izan arren, hazkundearen etekinak gutxi batzurentzat baino ez ziren izan, eta nekazariak bereziki oso kaltetuta atera ziren mende horretan. Baserritar errenteroen bizitza kalitateak nabarmen egin zuen behera eta baserritar etxejabeen egoera ere kaskartu zen. Horien artean zegoen Tretatxu bera. Bigarren faktorea Mungialdeko jauntxo familia batekin izan zuen talka oso latzarekin lotuta dago. Talka horren ondorioz jauntxo horiek Tretatxu nondik galdu ibili ziren, eta bizitza ia-ia eragotzi zioten. Eta hirugarren faktoreak bere nortasun handia du oinarri. Listo zegoen hozka egiteko egoerak hala eskatuz gero eta, kontrara, ez zegoen prest bere bizitza emateko modu errrukigarri batean lanean ogi zati baten truke”. Argi zuen Tretatxuk bizimodu tristea ez zela berarentzat, eta bere kontra agertu ziren indarren aurrean, aterabidea aurkitu zuen; lapur ibilbidea izan zen aterabide hori. 

Horrelako pertsonaia harrigarriarekin anekdota piloa bildu ditu Hektorrek. “Batzutan, espero ez dituzunak”. Eta hala ere, Tretatxuren bizitza estereotipoetatik hurbil egoteak harritu du gehien. “Bandolero sozialaren estereotipoa betetzen du. Bere bizitza zelakoa izan zen kontutan hartuz gero, bizitza hori pelikula askotan ikusi dugula ohartzen gara, wester askotan. Pertsona zintzoak dena utzi behar du, eta legez kanpo jartzen du bere burua jauntxoek nahieran erabiltzen duten sheriff-ari aurre egiteko. Horrelako historia bat da hau ere, baina AEBetan XIX. mendean gertatu beharrean, XVIII. mendean Mungialdean gertatzen da”. 

Bizkaian eta Gipuzkoan dokumentazioa aurkitu duen arren, Tretatxuren aurkako auzi atal gehien Euskal Herritik kanpo aurkitu ditu Hektorrek, Valladolideko artxiboan, hain zuzen ere. Hori izan du zailtasun handiena: eskura izan ez duen artxibategiko dokumentazio-lana. “Hori egin gabe ikuspegi murritza izango genukeen”. Eta hori gertatu zaie historialari batzuei, bertako dokumentazioarekin bakarrik Tretatxuren gainean atera duten inpresioa eta irudia ez da Hektorrek atera duena.  

Aurretiaz beste batzuk baztertu duten arren, Hektorren tesiaren arabera Tretatxu bandolero soziala izan zen. Eric Hobsbawm historialariak sortu zuen bandolero sozialaren kontzeptuarekin bat datorrelako. Orain arteko ikerketek baserritarrek mito bihurtutako euskal lapur eskuzabal bakarra atera dute argitara: Manuel Antonio Madariaga Patakon. Gainerako kasuak baztertuak izan dira, besteak beste, Tretatxuren kasua. Hektorren ustez historiografiak “euskal bandolero sozialaren auzia errazegi baztertu du”. Patakon baino ez du onartu, baina Hektorren esanetan, “Patakon dago, Tretatxu dago eta gehiago daude”. 

Hori frogatzeko Tretatxuren bizitza bandolero sozialarentzat ezarritako parametroetan sartzen den aztertu du. Ahozko tradizioan, baserritarren gomutan iraun izana oso adierazgarria da. “Ez da bakarrik rollo erromantikoa, garrantzitsua da subertsio ekintza zelako”. Laurri, Meñaka eta inguruko baserritarrek heroitzat hartu zuten Tretatxu, inguruko jauntxoentzat, Bizkaiko korrejidorearentzat eta Bizkaiko egitura politiko guztientzat “gaiztoenetan gaiztoena” zenean. “Herriko gorotza” ere esan zioten. Tretatxuren bertsoak “botereari erronka argi eta garbia dira”, egileren hitzetan. Beheko eta goiko klaseen arteko aurkakotasun zuzena agertzen dute eta “baserritar horiek euren justizia zentzu propioa bazutela, eta euren heroiak eta diskurtsoak garatzeko indarra eta gogoa bazutela erakusten dute, nahiz mitifikatuta egin”. Matxinadetan erakutsi zuten bezala ekonomiaren eta foruen ikuspegi propioa zutela. Askotan pentsatu bada ere goian zeudenek agintzen zutela behean zeudenak ez zirelako ezertaz ohartzen, ez da horrela Hektorren iritziz, “behekoak ez baitziren hain otzanak”. 

Bere aurreko historia lanak ez dira Tretatxuren biografia liburua bezain sakonak izan. Horregatik izan da azken hau “erronka handia” Hektorrentzat. Alde horretatik, “aurrepausoa” izan dela dio, eta oso pozik dago emaitzarekin, “interes handia” piztu duelako, eta “harrera goxoa” izan duelako. 

Euskal bandolerismoari buruz hainbat liburu eta artikulu idatzi dira, baina ez da idatzi euskal bandolero baten biografia libururik aurretik. Bigarrena uste baino lehenago hel daiteke. Hektor Ortegak barre artean dio bandolero gehiago dauzkala itxaron zerrendan.