Afaria ordainetan. Horixe izan zen aurreko ikasturteko saioetan parte zuten bertsolariek jaso zuten ordaina Deustuko jaietan. Ekimenaren antolatzaile diren Deustuko Herriko tabernako eta Elorri bertso-eskolako lagunek “eskerrak emateko” modu horixe hautatu zuten. Izan ere, iaz lehen aldiz abian jarri zen Aferak egitasmoaren balorazioa oso baikorra da. “Ez guk diogulako bakarrik”, Gorka Contreras lantaldeko kidearen esanetan, “bertsozaleengandik eta hain bertsozale ez zirenengandik jaso dugun iritzia da”. Bertsozaletasuna egon badago Deustun, eta, hortaz, “ez da Gipuzkoara soilik mugatzen den zerbait”. Hori nabarmena da, eta Aferak bertso-dinamika da horren froga.
Bigarren aldi honetan, antolatzaileek ez dute zoratzerik nahi, eta ez dute erronka puztuko. Aldaketa batzuk egin eta nahikoa. Esaterako, bost bertsolariko saiorik ez da egongo, lauk abestuko dute aldiro. “Laurekin saio dezenteak eta potoloak” ateratzen direla konturatu baitira.
Taberna giroko saioek formaletik gutxi dute eta, zalantzarik gabe, deustuarrek ikutu propioa ematen asmatu dute. “Publikoak parte-hartze handia du, gai-jartzaileak ere paper garrantzitsua jokatzen du, eta mozorrotzeak bertsolariak beste parametro batzutan jartzen ditu”, Contrerasen hitzetan. “Bertsolariak ez datoz hiru kopla botatzera. Ariketak egin behar dituzte, ariketa mamitsuak”. Eta emaitza ez da edonolakoa, “saio dibertigarriak” bai kantuan dabilenarentzat bai entzutera hurbiltzen denarentzat. Horregatik formularekin asmatu dutelakoan daude deustuarrak: “Hau da gure saltsa, eskaini behar den zerbait eta, gainera, jendearen gustukoa”.
Lehena urriaren 4an
Urriaren 4an izango da lehen saioa. Mikel Aiartzaguena deustuarrak, Malen Amenabar, Aissa Intxausti eta Unai Mendibururekin batera abestuko du. “Aferen mundua” izango dute bertsotarako gaia.
Hurrengo saioak: urriak 25, azaroak 29, abenduak 20 eta otsailak 7. Betiere, ostegunetan, 20:00etatik aurrera, Herriko tabernan. Deustuko bertso-eskolako kide bat egongo da saio guztietan.
Udazkenean hastekoa da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren fasea, eta partaide batzuek Deustuko plaza entrenamendu gisa erabiliko dute.
Aferak ekimenari martxoaren 2an emango diote amaiera bertso-bazkariarekin.