Telebistan urte asko daramazu lanean zeregin desberdinetan, zelako lana da telebistakoa?
Ia 20 urte daramat telebistan lanean, urte gehien-gehienak EITBn, nahiz eta Cuatro katetik eta TVEtik ere pasa nintzen duela urte batzuk. Saio batetik bestera asko aldatzen den lana da. Ez daukate zerikusirik albistegiek, entretenimenduak edo fikzioak. Formatu bakoitzak ekoizpen-plan eta modu propioak markatzen ditu. Orokorrean, ni ibili naizen saioetan sormena oso presente dago, eta egokitzapen-maila altua eskatzen du. Lantalde batetik bestera ibiltzen gara behin eta berriz, horrek suposatzen duenarekin. Gerta daiteke ikasturte batean saio baten baino gehiagotan tokatzea; jende berria, lantoki berria… telebistako langileok egokitzeko gaitasun handia dugula esango nuke, aldaketa guzti horiek ondo kudeatu ahal izateko.
Asko aldatu da telebista ikusteko modua, eta egitekoa?
Aldatu da, eta une oro aldatzen ari da. Egun oso ikusle gutxi esertzen da telebista aurrean zer dagoen ikustera. Askoz subiranoagoak garela esango nuke, nahieran kontsumitzen dugu. Badakit atzo saio hau ala bestea emititu zutela, eta horren bila noa, nik aukeratzen dudan ordutegi eta euskarrian. Zatika begiradak botatzen ditugu interesatzen zaigun honi edo beste horri. Telefonoan edo tabletean, metroan gaudela… erabat aldatu da kontsumoa. Edukiei dagokienez, berrasmatze prozesuan gaude behin eta berriro.
Egun, ETB1eko Ur handitan saioa zuzentzen duzu audientzia eta kritika onarekin. Zein da sekretua?
Azken hiru ikasturteak Ur handitan zuzentzen eman ditut. Guztira 96 programa ekoiztu ditugu, astero-astero, eta asko ikasi dut formatu honetan eta lantalde honekin. Profesional handiak izan ditut inguruan. Denboraldi hau ekainaren 25ean bukatuko dugu. Erronka potoloa izan zen niretzat saioa zuzentzea eskaini zidatenean. Gogoratzen dut EITBko zuzendaritzakoekin lehen bilera eduki nuenean Ur handitan zer izango zer definitzeko. Nik, orduan, ez neukan oso argi nola gauzatuko genuen. “Gai unibertsalak, baina beste era batera kontatuta”, hori izan zen EITBren enkargua. Hamabost eguneko epea eman zidaten bi gai lantzeko eta beraiei berriz ere aurkezteko. Nerabe transexualak eta Altsasuko gazteen gaia prestatu nituen hurrengo bilerara eraman eta sakontzeko. Handik gutxira Xabier Madariaga aurkeztu zidaten eta lantaldea osatu genuen. Sekretua zein den esaten ez dakit. Konbinazioak ondo funtzionatu duela esango nuke. Historio pertsonalen lekukotasunen indarra, aurkezlearen presentzia, galdetzen bai baina entzuten ere badakiena, musikaren aukeraketa, gaien ikuspuntua, irudi oso zaindua, edozein pertsona anonimo astero-astero protagonista bihurtzea... eta norberak bere etxeko euskara erabilita, gainera. Beintza Labaineko, Azkoitiako edota Ondarroako euskara, bakoitzak berea, gordin. Euskararen festa horrek plus handia eskaintzen dio saioari.
Gai gordinak lantzen dituzue Ur handitan. Zelan eragin dizu horrek?
Oso biziak izan dira tarteka landu ditugun gaiak. Horrek eragin zuzena izan du batzutan lantaldearen animoan, eta lotura emozionala sarri askotan oso fuertea izan da. Heriotza duina, haurren minbizia, ludopatia, adopzioa, kartzela ume eta nerabeen ikuspegitik, alzheimerra, gazte musulmanak, memoria historikoa, suizidioa, dolua, abortua, haurren kontrako sexu abusuak… hainbat eta hainbat. Zaila da distantzia mantendu eta gaia zurea ez egitea. Nik sarritan ametsetara ere eramaten ditut lantzen ari garen gaiak eta petsonaiak. Lotara datoz nirekin. Deskonexioa batzutan ez da erraza.
3txulo saioan aritu zinen aurretik. Umeentzako eguneroko saioak zer suposatzen du?
3txulo festa bat izan zen niretzat. Asko jolasten genuen eta irrifarrez gogoratzen dut bertan emandako urte hura. Fikzioa egitea niretzat guztiz berria zen, eta nire antzerkilari garaietara eraman ninduen. Txetxu Altolagirre izan nuen maisu eta gidoilari, eta bere ondoan eta aktoreekin batera asko ikasi nuen. Zerotik horrelako proiektu bat martxan jartzea oso dibertigarria da. Umeen mundu magiko horri forma emateak berriz ere umea izatera eramaten zaitu, bai ala bai. Nire semeek orduan sei eta bederatzi urte zituzten, eta frontoi polita neukan etxean edukiak testatu eta kontrastatzeko.
ETBk bere euskarazko kateekin duen politika oso kritikatua da. Zer behar du ETB1ek?
Estrategia eta aurrekontua. Desoreka handia dago euskaraz eta gaztelaniaz ekoizten diren edukien artean. ETB1 oraindik ere ahizpa txikia da, eta baliabide askoz murritzagoekin lan egin behar badugu ere, aurtengo prime time-an badira oso ondo funtzionatu duten euskarazko saioak: Herri txiki infernu handi, Gure doinuak, Euskalonski, Ur handitan edota berriki hasi den Autentikoak, esaterako. Kirolen aldeko apustua euskaraz izatea ondo iruditzen zait, txirrindularitza, pelota edota arrauna ETB1en eskaintzeari ondo deritzot, baina fikziozko serie erreferente bat euskaraz adibidez faltan dut. Eta zergatik ez tarteka euskarazko edukiak ETB2n eta azpitituluekin? Hori euskararen normalizazioaren bidean landu beharreko leihoa iruditzen zait. Guri, Ur handitan-eko erredakziora, hasieratik heltzen zaigun eskaria da. Euskara menperatzen ez dutenentzat zergatik ez den saioa azpititulatzen.
El conquistador del fin del mundo saioan ere jardun zara, ETBk duen saio arrakastatsuenean.
Bi ediziotan kastinak egiten ibili naiz, partaideen aukeraketan, baina ez dut inoiz lantalde horretan era egonkor batean parte hartu. Errefortzu modura, kastinetarako, deitu izan didate. Eta gozatu ditut kastinak. Telebistako nire lehen urratsak ekoiztetxe horretan izan ziren, lehengo Globomedian. Basetxea saioan hasi nintzen 2002an, reality formatua zen hura, eta hori izan zen nire eskolarik onena, distantziarekin begiratuta. Txema Montoya eta Joxan Goñi zuzendari nituen orduan, gaur egun El conquistador saioko zuzendariak, alegia.
Tele5 kateko programak dira EAEn katerik ikusienak. Zelan azaldu hori?
Azalpenik behar al du? Hain ezberdinak al gara euskaldunak? Nik ezetz esango nuke, telebista kontsumoari dagokionez behintzat, zaborra oso gogokoa da askorentzat. Ikustea baino ez dago Isabel Pantoja helikoptero batetik salto egiteak sortu duen ikusmina edota Gran hermano saioak ematen dituen datuak Euskal Autonomia Erkidegoan, eta euskal hiztunen artean ere bai. Telecincok bere bidea egin dezala, eta nahi duenak kontsumitu dezala. Nire ustez gure erronka beste aukera batzuk eskaintzea da, eta horretan gabiltza. Ez gaitezen nahasi, gu gurera.
Youtube eta sare sozialen sasoian, norantz jo behar du telebista publikoak?
Telebistak bere bide independentea egin behar du. Kalitatea, entretenimendua, informazioa eta umorea izan behar ditu, gazte eta umeentzako eduki interesgarriak eskainiz. Beste erreferente batzuetatik. Denean jarri behar da fokua, inportantea da zein albisterekin irekitzen duzun albistegi bat, baita ere zein minigona jartzen diozun eguraldia aurkezten ari den emakumeari. Zaindu dezagun guzti hori. Oraindik ere oso maskulinoa da gure telebista publikoa, eta oso gizonen begiradatik diseinatuta dagoela esango nuke.
Lau ordu baino gehiago ematen ditugu batezbeste telebistari begira egunean. Zer iruditzen? Eta zuk?
Lanean ordu dezente ematen ditut telebistari begira, bai gurea egiten, bai beste kate eta formatuei begira. Lanaren zati bat hori da. Lau ordu egunean telebistari begira zer irudituko zait, bada, gehiegitxo, ezta? Beldurtzen nau gainera zer nolako inportantzia ematen zaion sozialki persona bati telebistan agertzeagatik. Ez dut sekula ulertu.
Zer ikustea duzu gogoko?
La Sextako Salvados saioa asko gustatzen zait eta Netflix plataformako telesailak ikusten hasi naiz azkenaldian. Baina lanaldiaren ostean, zintzoa izan behar banaiz, albistegiak ikusten ditut, eta hortik aurrera ezer gutxi. Gauean liburua nahiago, oso goiz oheratzen naiz.
Aitortu, zer eman dizu telebistak?
Saio borobila egin dugun sentzazioa izan dudanean poz handia eman dit. Bizitzarako eskola ona dela esango nuke; zenbat pertsona ezagutzeko aukera eman digun, zenbat istorioren berri izan dugun, zenbat tokitara heldu garen… Telebista barrutik ezagutzeak jokaldia begiratzeko beste ikuspuntu bat eman dit, konturatzeko zein botere eduki dezakeen iritzi publikoan eta zein tresna interesgarria izan daitekeen baita eraldaketarako ere. Lagun batzuk ere egin ditut telebistari esker, lagun handi batzuk eman dizkit teslebistak.
Kazetari, ekoizle, zuzendari... denetik egin duzu. Zertan erosoen?
Postu bakoitzak berea du. Zuzendari nagoenetik erredaktore nintzenean jendearekin nuen hartu-eman zuzena faltan dut, adibidez. Grabaketetara joan eta aurrez aurreko horrekin asko gozatzen nuen, eta orain ez daukat. Baina zuzentzeak baditu onurak, noski: gaiak aukeratzea, lantaldea koordinatzea, azken edizioa zurea izatea… luxua da hori. Eroso aritu naiz egin dudan lan gehienetan, ez guztietan. Tokatu izan zait gustuko ez dudan saioetan egotea. Horri prostituzio audiobisuala deitzen diogu lankideen artean.
Krisi ekonomikoa, kanpo presioak, autozentsura, Mozal Legea, sektorearen iraultza... zein da Kazetaritzaren arazo nagusia egun? Zein egoeratan dago Kazetaritza?
Galdera potoloa da hori. Kazetaritzak, tamalez, ez du arazo bakar bat. Prentsa idatzia, irratigintza eta ikus-entzunezkoen errealitateak ez zait iruditzen zerikusi handia duenik. Alde handia dago, gainera, euskaraz edo gaztelaniaz lan egin. Pixka bat utopikoa bada ere, jaberik gabeko kazetaria izatearekin amesten dut nik.
Etorkizunari begiratuz gero, zer ikusten duzu? Baikorra zara?
Ni baikorra naiz, orokorrean, gauza gehienekin. Honetan ere bai, baina telebistako ekoiztetxeentzat lan egiten dugunon baldintzak duintzea lehentasuna iruditzen zait. 2019an, ETBrentzat ekoiztetxe ezberdinetan lan egiten dugun langileen gehiengoa behin-behinekoak gara, azpikontratatuta gaude, sarri askotan audientzia datuen menpe gaude, eta inolako segurtasunik gabe. Gezurra badirudi ere, horrela da. Hori antolatu beharko dute, bai ekoiztetxeetako jabeek, bai EITBk berak ere. Guztion ardura da gure baldintzak duintzea.
Zer duzu egiteko?
Gaueko show bat zuzentzea gustatuko litzaidake, zuzeneko musikarekin eta gonbidatu probokatzaileekin, esate baterako. Fikzioan sakontzea ere bai.
SAKONEAN
“Zein ederra den Prest! hilabetero jasotzea”
Prest! eta Hitzartu aldizkarietan ere ibili zara. Zer dela eta erabaki zenuen Deustualdeko hedabideetan muturra sartzea?
Hitzartu sortu genuenean unibertsitatean ikasten nuen. 20 urte inguru izango nituen, eta ze praktika hobea norbere herriko aldizkaria martxan jartzea baino. Olatz Arregik eta Nerea Olaziregik egin zidaten proposamena, eta ez nuen bitan pentsatu. Tokian tokikoa, txikitasun autoekoiztu hura nola hilabetero-hilabetero martxan jartzen genuen… oraindik gogoan dut; gaiak proposatu, idatzi, maketatu, inpretara eraman… eta zer-nolako ilusioarekin jasotzen genuen ale bakoitza. Postontzietan banatu ere egiten genuen, etxez etxe. Deustuko kale askoren izenak ikasi nituen orduan. Telefono mugikorrik ez genuen, oso analogikoa zen dena. Internet heldu berria zen, eta Menditarrak mendi elkartearen egoitzan gela bat genuen. Hortik Prest! aldizkarira jauzia oso era naturalean eman zen. Urte guzti hauetan gehiago edo gutxiago parte hartu dut, belaunaldi aldaketa etorri den honetan, aspaldian ez dut ezer idatzi.
Euskarazko herri aldizkari askoren egoera kolokan dago. Zer egin daiteke?
Papera mantentzeari, orain arte bezala, oso zaila deritzot. Oso erromantikoa iruditzen zait herri aldizkariak mantentzea duela 25 urteko erara, ohiturak horrenbeste aldatu direnean. Baina zein ederra den postontzia ireki eta Prest! hilabetero jasotzea, ezta?