Hausnarketa txiki hori aisialdi moldeetara eramatea nahiko nuke, aisialdian kontsumitzen ditugun arte moldeetara, hain justu. Kontsumigarriak diren arte formekin zipriztindutako gudu-zelaia bilakatu da gure aisialdia. Goitik behera funtzionatzen duen zirkuitua da: ekoizleak, banatzaileak, artistak eta kontsumitzaileak. Tontorrean dauden ekoizle handiek merkatuan bete behar diren espazioak identifikatu eta produktu berriekin betetzen dituzte. Hutsuneok kontsumitzaileak asetu behar dituen gabeziak dira. Hutsune bakoitza bete bezain laster beste hutsune bat agertuko da, eta beste bat, eta beste bat … Aldi berean kontsumitzaileei gabezia berriak sorraraziko zaizkie. Horrelaxe gabiz, produktu berriak etengabe sortzen, eta mainstreamaren gurpil-zoro horretatik ihes egiterik ez dugu. Edo, ba al dugu?
Hazi eta hazi egiten den Goliatek kontsumitzaileak behar ditu, haiek baitira bere elikagai bakarra. Eta, pasadizo honetan nor ote da Dabid? Nork egingo dio aurre Goliati? Tontorretik begiratzen gaituzten artista handiek ala gure auzoko, herriko eta inguru gertuko artista txikiek? Ikusgarria da Arriaga Antzokia, ikusgarria da Euskalduna Jauregia, ikusgarria da Guggenheim museoa, baita Arte Ederretakoa ere. Gure hiriko kulturaren bizkarrezurra dira, edo, behintzat, begi bistan dagoen bizkarrezurra. Kultura-gune horiek dira kontsumigarri diren arte moldeak zehazten dituztenak, baita arte molde horiek eskuragarri egiten dituztenak ere.
Azken boladan ikusi dugu orain arteko kultur sistemak kalte egiten diola artista txikiari, zirkuito handian sartzen ez bada, alegia. Zein izango da Dabidek erabiliko duen tresna Goliati aurre egiteko? Beharbada zirkuito alternatiboak indartu behar ditugu, auzoak erakusleiho bihurtu, eszena berriak sortu, oholtzetara erreferente desberdin eta berriak atera.
Abiapuntu horretatik hasita, bidean aurrera egitean pixkanaka-pixkanaka gure inguruko Dabidak habailaz hornituko ditugu, eta, arian-arian, artista txiki bakoitzak aurrean dituen Goliat guztiei aurre egiteko tresnak izango ditu. Hori bai izango litzatekeela oinarri ikusgarria, kapitel guztiei fokua kentzeko modukoa.