Loratzen

Erabiltzailearen aurpegia Maria Gamboa 2021ko mar. 22a, 12:51

Martxoa da lore berrien hila, kolore biziena, gereziondoena eta baita emakumeena ere.  2014tik aurrera martxoan ere ospatzen da Bilbon Loraldia kulturaldia. Eta gaur, martxoak 22 dituen  honetan, emakume sortzaileei eta martxoari buruz jardutera natorkizue.

Martxoa omen da emakume sortzaileentzat oparoaldi bakarrenetakoa. Emakumeen aurpegiek betetzen dituzte antzoki, kulturgune eta museo guztietako kartel eta egitarauak. Orain da gure momentua, martxoa da gure garaia. Martxoa besterik ez. Gereziondoen loretxo arrosen antzera agertzen dira emakume sortzaileak martxoan, eta gereziondoen loretxo arrosei gertatzen zaien gauza bera gertatzen zaie apirila heldu bezain laster: desagertu egiten dira.

Aurreko asteburuan lagun bat eta biok Guggenheim Museora joan ginen Loraldia festibalakantolatutako ekitaldi batera, zeinetan Idoia Asurmendi, Olatz Salvador, Maialen Arzallus, Ane Labaka eta Itziar Ituñoren hitzak eta hausnarketak aditzeko aukera izan genuen. Guztiak emakume euskaldun sortzaileak. Guztiek, aho batez , bat egiten zuten: martxoko kupoa betetzeko larritasuna asetzeko emakumeak lehenengo aukera gara beti. Feminismoaren domina morea eskegi eta harrotasunez erakustea balitz antolatzaileen asmo bakarra. Erakuskeria hutsa izango da? Martxoa amaitu eta gero telefono deiak gero eta urriagoak dira, gure izenak letra larriz karteletan agertzea ez da horren garrantzitsu.

 Haien hitzak entzun ondoren argi ikusi nuen emakumeen izenek iraungitze-data dutela euskal agenda kulturalean.  Horretarako, ondorio hori atera ahal izateko alegia, euren historia kontatzeko espazio bat zuten emakume-bilkura baten lekuko izan behar izan dut.

Ondorioa argia da, emakumeok elkar zaindu behar dugu, saretu. Horixe da euskal emakume sortzaileek egin dutena. Horretan datza feminismoa, gure historia kontatzeko espazioak lortzean, elkar zaintzean, saretzean. Aurrera egin ahala tresnak topatu ditugu bidean. Premiazkoak dira hurbileko erreferenteak,  ispiluetan gure isla errekonozitu ahal izateko. Beste emakumeek egin dutena ezagutu eta aitortu. Ahizpak ispilu horretan bertan bilatu, gure ondoan. Feminismoa loratzea lortzea da.