Ez dakit gaur egungo egoera gerra batekin konpara daitekeen, baina zerutik burrunbak datoz gure artera. Ez dira egun errezak, ez. Ez niretzat, ez Guretzat; ez gazte bezala, ez independentista bezala. Errepresio krudelenak forma hartu baitu hodei artean. Gehiengoa paratxut eta farola baten maitasun istorioaren inguruko txantxak egiten ari ginen bitartean, ez ginen ari zerutik zetorrena ikusten. Oraindik Altsasuko gazteen aurkako ebazpenetik indarberritzen ari ginenean, erabakitzeko eskubidearen eta autodeterminazio-eskubidearen alde egindako lan baketsuaren ondorioz, Auzitegi Gorenak 13 urtera arteko kartzela zigorrak ezarri dituela jakin dugu.
Ez dakit gaur egungo egoera gerra batekin konpara daitekeen, baina badakit Kataluniak 9 preso politiko dituela eta euren kontrako epaiaren muina erreferendum bat antolatzea dela. Badakit Altsasuko gazteek 9,5 urtera arteko kartzela zigorrak jango dituztela Euskal Herrian bi guardia zibilekin taberna baten liskar bat edukitzearren. Badakit, era berean, Franko diktadorearen biloba absolbitu egin dutela bi guardia zibil kotxearekin harrapatu ostean eta Rafa Mora neonaziak guardia zibil bat jotzearren, 300€-ko multa ordaindu beharko duela. Badakit Antonio Tejero eta Alfonso Armada indultatuak izan zirela 1981eko estatu kolpearengatik; eta badakit, halaber, Felipe Gonzalezen gobernuak Jose Barrionuevo (garaiko barne-arazoetako ministro) eta Rafael Vera (Segurtasun Estatuko idazkari ohia) ere indultatu zituela GALen estatu terrorismoarengatik kondenatuak izan ostean. Pedro Sanchezek bitartean, ozen adierazi du Kataluniako preso politikoek zigorra osorik bete beharko dutela. Euskal herritar bezala, badakit eta ez dut ahaztuko, oraindik 249 preso politiko daudela frantziar eta espainiar espetxeetan bahiturik.
Hala ere, ez dut nik erabakiko gerra batean gauden edo ez, baina behin hori guztia badakidala, gauza bi inoiz baino argiago dauzkat: batetik, disidentzia politikoa sutsuki jazartzen duen estatu batean bizi garela, eta, bestetik, Ezker Abertzaleari aspaldi leporatzen zitzaiona gezurra dela; ez dagoela, bide baketsua aukeratuta ere, estatu propio baten alde egiterik; sozialista eta feminista izango den estatu baten alde egiterik. Azken finean, Altsasukoen, Kataluniakoen eta euskal preso politikoen arteko hari eroalea aurkitzea da gakoa, ez baititu berdintzen injustiziak, eragindako sufrimenduak edo disidentzia politiko izateak. Parrafo hasierako bi ideien uztarketak berdintzen ditu, disidentzia politiko hori errealitatera eramateko desio, determinazio eta gaitasunak. Horregatik gogoratu beharko genuke beti “No están siendo condenados por ser independentistas” bezalako esaldiek duten arriskua. Kontua ez delako esaldia gezurra dela frogatzea, ezkutatzen duena argitara ateratzea baizik. Izan ere, badu mezu bat, gaur egungo demokrazia ezaugarritzen duen mezu bat: “Pentsatu nahi duzuna, egin guk esaten duguna”. Euren demokrazia bozkatzea baita, ez erabakitzea, ez bozkatutakoa egia bihurtzea. Libre bizitzeko aukerarik ez duenak denborarekin libre pentsatzeko gaitasuna galduko du, noski. Ez dut nik esango gerra batean gaudenik, baina argi daukat errealitate hau horren gordina dela non erakusten baitute paratxutik gabeko bonbek burutik atera ezinezko burrunbak sortzen dizkigutela; onartu beharreko sentimendua baita beldurra, gurasoen “kontuz ibili” adierazgarriak; poliziekin gurutzatzen diren begiradak, “Ez dugu martirrik behar” bezalako esaldiak, martirrak eurek sortzen dituztela argi daukagunean. Izan ere, bonba guztiek helburu bat dute: ametsak errealitate bihurtzea ezinezkoadela zabaltzea.
Burrunbak burrunba eta beldurrak beldur.
Nola ez izan sistema honen disidentzia politiko? Nola onartu etxegabetzeak, jendea kalean hotzez hiltzea? Nola onartu gazteok ezin emantzipatzea milaka etxe hutsik daudenean? Nola onartu edozein egunetan, eguneko edozein momentutan, emakume batek emakume izatearren hilda bukatzea? Nola onartu lana duten bi gurasok euren seme-alabei ondo jaten ezin ematea? Nola onartu bizitza osoan lan egin ostean, pentsionista batek etxeko kalefakzioa ezin piztea? Nola onartu hizkuntza baten aurkako jazarpena, alemanak Nafarroan Euskarak baino balio handiagoa izatea eta gure mundua interes ekonomikoen alde suntsitzea? Zubietan errausgailua eraikitzea? SuperSurren izenean Bolintxu suntsitzea? Nola onartu manipulazio mediatikoa, EITB PNVren panfleto bilakatzea? Nola onartu lagunen aurkako errepresioa? Nola ez izan sistema honen disidentzia politikoa?
Baina nahikoa al da disidentzia politiko izatearekin? Nahikoa al da haserre egotearekin? Argi eduki behar dugu eurek non nahi gaituzten eta horretarako euren mezu bakoitzaren atzeko hori da aztertu behar duguna. Zerutik bonbak botatzen dizkiguten arren, eurek ere gu zeruan nahi gaituzte, edo lurrazpian beldurturik, burrunbak entzuten, baina sufrimendurik sentitu gabe; beldurra sentitzen, guri inoiz ez tokatzeko desirarekin. Besteena, gurea, ezin gure, ez besterena sentitu. Azken finean, idealista nahi gaituzte “edozer pentsatzeko libre”, marko hiperteorikoetan murgildurik, gure unibertsoan galdurik, martzianoak bezala martzianoen ametsekin. Zeruan dagoen hori, ordea, ez dadila lurrera jeitsi, lurrazpian dagoen hori ez dadila itzalpetik atera, ez dadila euren marko legalekin talka egiten saiatu, ez dadila sistemaren markoak aldatzen saiatu. Edo bestela, badaki: bonben burrunba, edo bestela badaki: Altsasu edo Katalunia.
Bada, jeitsi gaitezen lurrera, lurrean hartzen baitute forma bonba guztien injustiziek eta hartuko baitute noizbait gure asmo guztiek. Lurrean hartuko dugu indarra. Eraman ditzagun gure disidentzia politiko izateko arrazoi guztiak errealitatea aldatzeko gaitasuna duten plan politikoetara. Bihur dezagun beldurra inteligentzia, plan. Jarrai dezatela eurek zerura begira, gerretan bezala paratxutarekin helduta datozen aliatuak itxaroten, jarrai dezatela lurrean fosak eraikitzen, gu lurra eraldatzen egongo baikara, gutxinaka, baina gelditu gabe. Noizbait, paratxutetan datozen aliatu horiek faroletan baino, gure ametsetan katramilatuko dira, eta noizbait aireportuetatik ez da zerura hegazkin gehiago aterako, eta noizbait konturatuko dira, lurrazpian isilarazi zuten horrek amesten zuen zerua eraiki dugula lurrean. Eta orduan begiratuko dugu zerura, bonbak beharrean, zerutik harago, izarrak seinalatzeko. Paratxutik inoiz gehiago behar ez izateko.