Beraiei eskua ez, guri egurra bai

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Aiartzaguena 2019ko aza. 15a, 09:00

DBHra atzera bidaia arin bat eginez gero, gogoratuko dugu lurrikarek bazituztela bi puntu nagusi: bata epizentroa, lurrazaleko puntua, eta uhin sismikoen hondamendia gehien sufrituko dituen lur-eremua; eta bestea hipozentroa, hondamendi guztiaren erantzule den uhin sismikoa sortuko den lurrazpiko puntua.

Lurrikara sortu dute azken hauteskundeetako emaitzek. Lurrikararen epizentroa VOXek emandako gorakada izan da. Bai ekonomikoki eta baita ideologikoki ere ultraeskuindarra den indarrak 52 diputatu eskuratu baititu Estatu mailan. Horrela, agerian geratu da batzuk aspaldi esaten genbiltzana. Batetik, bai eskuineko eta baita ezkerreko, edo ez hain eskuineko, Espainiar indarren nazionalismoak eta Kataluniako egoeraren aurrean boto gutxi batzuen mesedetan egindako diskurtsoek ideologia patriotiko faxistaren (“nacionalcatolicismo” deitzen zen lehen ezta?) gorakada ekarriko zutela. Eta bestetik, etengabeko prekarizazio egoera baten sartuta egoteak eta jada inork ukatu ezin duen krisi ekonomiko berri baten zain egoteak, ezker alternatiba sendo baten inexistentziarekin konbinatuta (badirudi orain PSOE eta UP zerbaitetan hasi direla, ikusiko dugu zertan bukatzen den) xenofobiaren, pribatizazioaren eta funtsean, eskuin politiken aldeko diskurtsoak indartuko zituztela.

Euskal Herrian ere aldaketak eman direla ukaezina da. Batetik, EH Bilduk eta PPk aulki bat irabazi baitute apirileko emaitzekin alderatuz; eta bestetik, herriz herri botoen azterketa eginez gero argi geratu delako EH Bildu bide onetik doala eta argi baita Euskal Herrian (azkenaldian hedatutako egia bat gezurtatuz) eskuin espainiarrak baduela nor ordezkatu. 

Horrela, eta Euskal Herrian zentratuz, badut hausnarketa bat egiteko nahia. Badirudi euskal gizartea harrituta dagoela VOXen igoerarekin. Atsekabetuta. Haserre. Emaitzak atera eta hau onartezina omen da. Zerbait egin beharra dago. “Nola izan daiteke Ebrotik beherako jendea horren inozoa? Putos fascistas”. “Nola irabazi zuen Estatu Batuetan Trumpek? Putos gilipollas”. Lurrikararen epizentrora begira gabiltza, hipozentroan ematen ari diren indarren talkei erreparatu gabe. 

Faxismoa eremu ezberdinetatik indar osoz errepudiatu beharra dago. Hau ez baita antzerki bat. Irantzu Varelaren eta Pikara Magazinen aurka egindako margoketak ez dira antzerki bat. Herri ezberdinetan agertutako pintaketa xenofoboak ez dira antzerki bat. Ez dut nik esango zeintzuk diren zehazki mundu eta Europa mailan (pasaden astean jada onartu zen munduan gehiago direla ultraeskuineko talde terroristek egindako erasoak talde jihadistek egindakoak baino) faxismoaren igoera azaltzen duten faktore guztiak baina gauza bat argi daukat, itxurakeria eta antzerkiaren atzean faxismoaren zurikeria bat dago. 

Azken finean, VOX Euskal Herrira etorri da kanpaina elektoral guztian zehar. Baina ez da bakarrik etorri, ez. Legea eskuan etorri da. Ertzainak babestuta etorri da. Eusko Alderdi Jeltzaleak eta bere batzokitzat dituen komunikabideak babestuta etorri da. Eta hau da errealitatea. Antzerkietatik haratago, Aitor Estebanek VOXeko ordezkari bati eskua ukatzen zion bitartean eta Urkulluk euren kontrako adierazpen instituzional bat egiten zuen bitartean VOXen aurka egindako kontzentrazio guztietan egon dira atxilotu antifaxistak. Bilbora ekarrita adibidez, ertzainek 3 gazte atxilotu zituzten Atxurin eta beste bat urgentzietara bidali zuten burua zabaldu ostean. 

Autokritikatik ere egin daiteke balantzea. Azken finean, hauteskundeetako Euskal Herriko emaitzen arabera eta emaitza estatalen osteko erreakzioen arabera euskal gizartearen gehiengoak errepudiatzen duen partidu baten aurkako protestak marjinalak izan direla esan baitezakegu. Herri Mugimendutik ez dugu asmatu Euskal Herriko antifaxismoa mobilizatzen (esan beharra dago noski, kasko gorriz betetako 9 ertzain furgonetek ez dutela gehiegi laguntzen). 

Hau horrela, argitu gaitezen. Hipozentroan ematen den talka hori ikusi eta irabazi dezagun. Kondenatu dezagun VOX bai, baina kondenatu dezagun Aitor Esteban baita, eskua VOXekoari ukatu baina era berean Arnaldo Otegiri ere ez liokeela emango esaten duenean adierazten ari dena oso larria delako. Exijitu diezaiogun Urkulluri, VOXen kontra adierazpenak egiteaz gain, gero ertzainak manifestarien aurka ez bidaltzeko. Eta azkenik, jarrai dezagun herri mugimenduan faxismoaren aurkako sare sendo bat osatzen. Feminismotik, errefuxiatuen aldeko mugimenduetatik, euskalgintzatik, Gazte Prekarizatuen taldetik... jarrai dezagun sare komunitario sendoak ehuntzen eta asmatu dezagun benetan Euskal Herriko antifaxismo guztia mobilizatzen.

Bukatzeko, Jose Saramagoren zita batekin bukatu nahiko nuke: “Los fascistas del futuro no van a tener aquel gesto de duro militar. Van a ser hombres hablando de todo aquello que la mayoría quiere oír. Sobre bondad, familia, buenas costumbres, religión y ética. En esa hora va a surgir el nuevo dominó y tan pocos van a percibir que la historia se está repitiendo”.