Hamahirugarren eguna dugu konfinamenduan. Ez dira egun gehiegi pasatu koronabirusa arazo mundialtzat onartua izan zenetik, agintarien erabaki politikoek guztion bizitzak hankaz gora jarri zituztenetik eta beste elkartasunezko iniziatiba ugariren artean, Euskal Herriko eta Espainiar Estatuko hamaika txokotan zaintza eta elkartasun sareak sortu zirenetik.
Iritzi artikulu honetan baseko militante baten bizipen eta hausnarketetatik idazteko asmoa daukat. Konfinamendua agindu eta hurrengo egunean bere auzoko zaintza-sarea sortzen buru-belarri murgildu zen militante baten bizipenetatik. Beraz, artikulu honen helburuak argiak dira: Deustuko eta Bilboko zaintza sareak oinarri hartuta Euskal Herrian eta Espainiar Estatuan sortu diren zaintza eta elkartasun sareen sorreraz eta potentzialitateez hausnartzea eta baita, sare hauen praktikaren harira sortu diren kritika ezberdinen inguruan hausnartzea ere.
Lehenengo helburu horretatik hasita:
Lehenik eta behin badaude sare hauek deskribatzerako orduan hasieratik azpimarratu nahiko nituzkeen kontzeptu batzuk: Efizientzia, erantzunkizuna, sektore zaurgarrienekiko elkartasuna, behar komunen identifikazioa eta komunitatea. Geroko arrazonaketa guztia ideia hauetan oinarrituko baitut.
Sare guzti hauek balioan jartzeko eta sare guzti hauei aitortza egiteko, nondik gatozen kontuan edukitzea garrantzitsua da. Ez baita erreza kultura liberalak guztiz janda gaituen honetan eta pertsonen arteko harremanak gero eta likidoagoak diren honetan, indibidualismoa gainditzen duten ekimenak martxan jartzea, are gutxiago konfinamendu egoera baten sarturik. Bada, Euskal Herriko Herri Mugimendua, eta gure kasuan Bilbo bezalako metropoli baten erdian, gai izan gara konfinamendua hasi eta egun gutxira zaintza sare hauek martxan jartzeko. Bilboko kasua adibide gisa hartuta, pasa den astearterako (alarma egoera dekretatu eta 3 egunera!) 10 auzotan geunden antolatuta eta jada, Bilbo mailan kordinatzen hasiak ginen. Gaur, konfinamendua hasi eta 13 egunera, 20 auzo gara. 13 egunetan! Honek, beste zenbaiten artean, ondorio argi bat ateratzera garamatza: jendea antolatzeko prest dagoela, eta are gehiago, jendea aurretik ere antolatua zegoela. Eta beraz “jendearen despolitizazioaren eta desmobilizazioaren” inguruko kritikak, edo kritiken norabideak behintzat, baita guk geuk (eta Ezker Abertzalearen sektore ideologikoaz ari naiz) bestelako mobilizazioak sustatu izan ditugunean egin ahal izan ditugunak ere, ez ziotela errealitateari erantzuten. Horrela, jendearen kezkak, sektore prekarizatuenak eta azken finean, langile klasea interpelatuta sentitzen denean Herri Mugimendu antolatuak era natural baten hartzen duela forma (forma hau gehiago edo gutxiago gustatu ahal zaigularik).
Azken ideia honek ere ematen du zer pentsatu. Sentsazioa daukat badela ezkerrak bere barruan duen arazo bat. “Guztion arazoez hitz egin baina inork ere ez bere sentitzearen arazoa”. Esango nuke koronabirusaren krisi honek guztiak maila kultural baten, beharren pertzepzio horretan, eragin nabarmena edukiko duela. Hegemonia sinbolikoaren lehia horretan, askatasuna luxuzko kotxe batekin lotzen duten honetan, inoiz baino agerikoago geratzen ari baitira bizitzarako beharrezkoak diren gauza horiek guztiak. Inoiz baino zentzu gehiago hartzen baitu osasungintza publiko sendo baten aldeko aldarriak, baina baita, gizarte segurantza, hezkuntza, medikamentuak, garraioa…. laburbilduz, guztiok bizitza duin bat garatzeko beharrezkoak merkantzia izatetik eskubide unibertsal izatera pasatzearen aldeko aldarriak. Eta beraz, krisi honek guztiak, pentsaera kolektiboaren ardatzak aldatzeko balio dezake, beti ere horren atzean lan ideologiko bat baldin badago.
Eta esango nuke, zaintza eta elkartasun sare hauek guztiak, hasiera batean euren lana zaurgarritasun egoera akutuenei irtenbidea ematera bideratu bazuten ere, ari direla gutxinaka, eta era natural baten, hausnarketa horiek ematen. Eta noski, behar guzti horiei aterabidea emateko mekanismoak produzitzen. Adibide konkretuetara joango naiz hau dena hobeto azaltzeko. Bilboko sarean, auzoetako berezitasunak salbu, duela 10 egun (egunak errepikatzen ibiliko naiz uste dudalako ez garela konsziente honek daraman arrapalada) errekaduak egiteko, umeen zaintzarako eta txakurrak paseatzeko zerbitzuak jarri ziren martxan. Gaur egun, 10 egun beranduago eta auzo guztietako sareen ordezkariekin egindako bi bileraren ostean umeentzako euskarazko klaseen proiektu baten sartuta gaude, gaitasuna duten auzoetan genero biolentziazko kasuak kudeatzen dituzte, elikagai bankuekin harremanetan, pentsioetan bizi diren pertsonen eskubideak defendatzen, asistentzia psikosoziala emateko talde bat dugu psikologo profesionalez osatua, abokatuz osatutako lantalde juridiko bat martxan da eskubide urraketak kudeatu ahal izateko, auzoetako komertzio txikiekin eta ekonomikoki gehien sufrituko dutenekin harremanetan jartzeko proiektuak ditugu, gu geu ari gara maskarilak produzitzen… Proposamen guzti hauek auzo bakoitzeko errealitatea beste auzoekin konpartitu eta bateratzetik etorri dira, auzo guztietan inplementatzeak lan gehiago eskatuko duelarik. Behetik gorako lan ikusgarrian. Ezberdin pentsatzen dugunon arteko elkarlanean. Bilbo bezalako metropoli baten herrigintza ulertzeko eta praktikan jartzeko eredu berri baten eraikuntzan. Urtarrilaren 30eko Greba Orokorrean forma nabarmena hartu zuen ereduari jarraituz eta egunez egun inplementatuz..
Bestalde azpimarratu beharra dago sare hauetan, hasierako zerbitzu horiei begira auzo guztietako bolondresak baturik 1000 bolondresetik gora gaudela, 1000 pertsona baino gehiago bere auzokidea laguntzeko prest. Eta zenbaki honetan ez ditut gehitu aipatutako proiektu horietako bakoitzean inplikatzen ari diren guztiak. Eta bai, honek kriston meritua dauka, lehen esan bezala, guztiok zeharkatzen gaituen kultura neoliberalak, auzokidea laguntzera baino, zaurgarritasun egoera orokor batean besteen egoera zaurgarriagoa izan daitekela ulertzera baino, kaletik doan pertsonaren azalean jartzera baino, irtenbide indibidualistak hautatzera eraman baikaitzake, auzokidea zaintzera baino, hura seinalatzera eta poliziaren lana txalotzera eraman baikaitzake, hainbat bideotan ikusi ahal izan dugun bezala.
Honekin guztiarekin uler daiteke beraz sare hauek barruan gordetzen duten potentzialitate guztia. Azken finean pertsona bakoitzaren emoziotik, barru barrutik sortzen diren proiektuak baitira. Bolondresa den pertsona bakoitzaren bokazioa ezberdina izango da, eta asko asistentzialismoak eta karitateak bultzatuta lanean ibiliko direla argi dago, baina deterministak eta dogmatikoak izatetik harago (eta gehiago guk, Ezker Abertzaleko kideak, izan gaitezen gure sorrerarekin zintzoak) eurekin lan egiteko erantzunkizuna dugu. Eta erabaki hori hartu dugu, eta horretan ari gara, eta hau jada geldiezina da. Izan ere, pertsona bakoitzaren bokazioa ezberdina den arren, praktikarekin erakusten ari garen oinarriak oso argiak dira: komunitatearen balorea, auzokideen arteko elkartasuna, elkarzaintza. Eta balore horietan oinarrituta ari dira Euskal Herri mailan ehundaka zaintza sare sortzen.
Kritikei erantzuteari dagokionean:
Laburbilduz, bi esparrutatik era esplizitoan eta baita inplizitoan ere jasotako kritikei erantzuten saiatuko naiz, ulertuta asko jada aurreko paragrafoetan erantzunda daudela. Bi esparru hauek hurrengoak dira: Eusko Jaurlaritza eta botere publikoak batetik, eta gure sareak asistentzialismo akritiko batera mugatzen direla esaten dutenak bestetik.
Lehenengo horiei zera esango nieke. Esateko egia. Esateko guztiz saturatuta daudela, herri mugimenduak eurek baino askoz arinago eta eraginkorrago erantzun diela auzokideen beharrei. Esateko euren zerbitzu sozialek gure bitartez gestionatzen dituztela jendearen deiak, euren sarearen barruan ez dauden bolondresek betetzen dituztela azken finean euren promesak. Esateko ez diela segurtasun ezak kezkatzen, ondo baitakite osakidetzako langileekin harremanetan gaudela, ondo baitakite gure protokoloek segurtasun berme guztiak betetzen dituztela. Esateko benetan herriz herri, auzoz auzo eta behetik gora antolatzen den herri batek ematen diela beldurra.
Honekin, era berean, gobernatzeko eredu baten inguruko hausnarketa abiatzen da. Ez noa honetan sakontzera, baina inoiz gobernatzeko aukera badugu, botere politikoan aurrera pausuak emateko aukera dugu eta hau jada Udal batzuetan errealitatea da. Ezker Independentismoak ezin du, herri eta base antolatu baten beharra ahaztu, antolaketa hori sustatu behar du nahiz eta sarritan kontraesanak sortu.
Bestalde, bigarren horiei erantzun bakar bat ematea zailagoa zait, bide ezberdinetatik baitoaz jasotako kritikak. Irakurri dudan guztietatik grabeena hurrengoa iruditzen zait, aste eta erdiko ibilbidea daukaten sare batzuei proletalgoaren behar inmediato eta epe luzekoak soluzionatzeko gaitasun eza leporatzea. Ez gaitasuna soilik, intentzioa ere jartzen dute zalantzan. Horrela, estatu burgesak eman ezin dituen zerbitzuak betetzera mugatzen omen dira sare hauek, sistema honen iraunkortasuna bermatuz eta erroko kritika bat egiteari muzin eginez. Eta ez hori bakarrik, hau guztia Sortu alderdiaren (noski sozialdemokrataren) estrategia nazionalarenpean kokatzen omen da. Beraz, aurreko salaketa guztia Sortu alderdiari ere leporatuko diote eta era berean, Sorturen akats guztiak sare hauengan proiektatu dituzte. Hainbeste akats ditu ondoko hausnarketak ezen ez dakit nondik hasi ere. Bat, aspaldi ikusi dugun herri-sektoreen autoantolakuntza autonomo eta efizienteenaren aurrean, antolatu diren sare guzti horien erritmoak era oker baten analizatzea eta ulertzea aukera bat da. Baina zuen kezka eta borondate berdina duten guzti horien gainetik jartzea ez da onargarria. Ez da onargarria egunero, etxetik bada ere, langile klasearen beharrei erantzuten saiatzen ari diren sare sortu berri batzuei horrelako kritika bat egitea. Planteamendu politiko ezberdinak zilegi dira, eta pentsa daiteke agian norbaitek abanguardia lanak egin behar dituela, kontuan eduki gabe funtsa ez dela arrazoia edukitzea bakarrik, baizik eta arrazoi horren alde borrokatzeko baldintzak sortzea. Prozesu eraldatzailearen fase kuantitaboan gero eta pertsona gehiago gero eta postura erradikalagoetara eramatea. “Hilerria arrazoia duen jendez beteta baitago”. Hala ere, eta abanguardia lan horien beharra onartuko bagenu, hau sare hauei delegatzea eta bete ezean kritikatzea arroputzkeria galanta da, gehien bat norberak ez duenean irakurketa ezberdinetatik harago ezer egin. Bestalde, Sortuk bere gihar-militantea sare hauetara bideratu izana, salagarria baino txalogarria iruditzen zait niri. Eta ildo beretik, eskerrak Ernaik ere berdina egin duen. Sare hauek baitira klase berdina konpartitzen dugunokin, baina oraingoz ez egunerokorik, ez kezkarik, ez beharrizanik konpartitzen ez dugunokin lan egiteko azken aldian eduki dugun aukerarik onena.
Azkenik Atilio Boron politologo eta soziologoak Erria aldizkarirako idatzi duen hausnarketa batekin utzi nahi zaituztet. Artikulu honetan krisiaren ostean geratuko den egoera ekonomiko eta politikoaz hausnartzen du eta bere interbentzio batek horrela dio “Claro que para ese momento las fuerzas populares tendrán que estar muy bien organizadas y concienciadas (y articuladas internacionalmente) porque estos cambios no vendrán como el obsequio de una burguesía imperial arrepentida de sus crímenes y deseosa de abandonar sus privilegios sino que deberán ser conquistados a mediante grandes movilizaciones y luchas sociales para imponer un nuevo orden económico y social poscapitalista. Habrá que tener valor para pelear por la construcción de ese nuevo mundo pero también inteligencia para estimular la conciencia crítica de las grandes masas populares y evitar que caigan, una vez más, en las trampas que los hechiceros del neoliberalismo ya están preparando. Ellos tienen muy claro su objetivo: después de la pandemia, que todo siga igual. Nosotros debemos estar dispuestos a enfrentarlos y encargarnos de lograr precisamente lo contrario: que nada siga igual, alumbrando con nuestras luchas y nuestra conciencia los contornos de la nueva sociedad que pugna por nacer.”.
Bide honetan ari gara, laguntzeko prest dagoen guztia ongi etorria izan dadila!