Emakume langileon eguneroko ogia bihurtu da gero eta lan baldintza prekarioagoak onartu behar izatea, zaintza lanen karga handitzea edota beharrezko bizi baldintzak lortzeko zailtasun gero eta nabariagoekin topatzea. Hori sozialki normalizatu eta onartzeko, gainera, gure aurkako ofentsiba kulturala indartuz doa egunez egun: emakumeok kontsumo objektu bilakatzen gaituzte gure gorputzaren gaineko sexualizazioaren bitartez, eta horrek emakume langileon aurkako indarkeria matxista normalizatzea dakar. Argi geratu da, gainera, instituzio burges zein alderdi politiko instituzionalek egoera gainditu baino, gure zapalkuntzaren erroan dagoen sistema kapitalista betikotzea baino ez dutela helburu. Horren aurrean, emakume langileon zapalkuntza gaindituko duen proposamen politikoa mahai gainean jartzea urgentziazkoa bihurtu da, eta horretara dator, hain zuzen, Itaiak aurkeztutako programa politikoa.
Programa hori estrategia sozialistarena da; hau da, guztiok bizi baldintza berdinak izango ditugun gizarte eredu baten eraikuntzarena, zeinetan edozein motatako zapalkuntzak ez duen inolako tokirik izango. Programa 5 aldarrien baitan garatzen da:
Hasteko, kualifikazioaren eta aitortza sozialaren araberako lanaren hierarkizazioarekin eta haren debaluazioarekin amaitzea aldarrikatzen du, emakumeentzako bizi eta lan baldintza duinen alde. Bigarrenik, soilik gizarte antolaketa sozialistak bermatu dezakeen zaintza eta etxeko lanen sozializazio unibertsala eskatzen du, lan horiek sistema kapitalistaren baitan hartzen duten izaera feminiziatua gainditzeko oinarrizko neurri gisa. Hirugarrenik, emakumeen osasunerako eta, zehazki, osasun sexual eta erreproduktiborako zerbitzu eta material guztien doakotasuna eta kalitatezkoa bermatzea aldarrikatzen du, hala nola, osasun zerbitzuen eta oinarrizko bitartekoen bermea. Laugarrenik, kontsumo objektu bilakatzen gaituen industria kulturala eta sexuala borrokatzera ere badator; hots, emakumeok deshumanizatzen gaituen eta gure kontrako indarkeria gauzatzeko baldintzak ezartzen dituen irudi sexualizatuarekin bukatzera. Azkenik, emakume langileok gure egunerokotasunean bizi ditugun indarkeria matxistaren forma ugariekin amaitzea aldarrikatzen du, autodefentsa sozialista eraikitzearen bitartez; alegia, erasotzaileei aurre egiteko bitartekoak sortuz eta emakume langileon babeserako tresnak eraikiz.
Izan ere, indarkeria matxista garatuz eta handituz doa egunez egun, ez soilik kuantitatiboki baizik eta baita kualitatiboki ere. Arestian aipatu bezala, rol eta estereotipo burgesen erreprodukzioak sexismoarako baldintza ideologiko-kulturalak garatu ditu, emakumea plazerreako eta erreprodukziorako bitarteko bilakatuz eta, ondorioz, hura biolentzia forma anitzak pairatzera kondenatuz. Hala, akoso sexuala, jazarpen sexual birtuala, tratu-txar psikologikoak… gero eta gorakorragoa den tendentzia baten berri ematen diguten adierazpenak dira.
Horren aurrean, inoiz baino garrantzitsuagoa bilakatzen da, lan ideologikoaz haratago, fenomeno bakoitza borrokatzeko eta emakume langileon babesa antolatzeko bitarteko politikoak martxan jartzen hastea. Ez forma asistentzialista batean, noski, baizik eta lanketa politikotik; alegia, emakume langilea bere askapenerako agente politiko bilakatzearen bidean, errealitatearen analisi kritikoa garatuz eta hura iraultzeko urgentzia mahigaineratuz.
Izan ere, horrek jarriko ditu baldintzak emakume langilea isolamendutik askatzeko eta bere emantzipazio errealerako aurrerapausoak emateko.
Programa hau, beraz, zera esatera dator: emakume langileon zapalkuntza ardazten duten dominazio forma ororekin bukatzeko, kapitalaren interesek definituriko gizarte antolaketa bera gainditu beharra daukagu eta, bide horretan, gaurdanik jarri behar gara lanean askotariko baliabideen eraikuntzan eta garapenean. Norabide horretan lan egiteko konpromisoa hartzen du, hain zuzen ere, Itaiak aurtengo kurtso politikoan.