Zaintza eta garbiketa sektorean lan egiten duten emakumeen egoera gero eta penagarriagoa da: soldata baxuak, gehiegizko ratioak, ordu gutxiko lanak, ordaindu gabeko orduak, osasuna eta segurtasuna bermatu gabe askotan… guztiz feminizatua dagoen lan esparru hau ezaugarritzen dute, bertan lan egiten duten emakumeak miseriara kondenatuz.
Ez dugu ahaztu behar, ordea, emakume langileon zapalkuntza betikotzen duten baldintza horiek sektoreko patronal eta enpresarien aberastasunaren berme direla eta guztiz babestuak daudela instituzioengandik. Izan ere, ezinbestekoak diren zerbitzu hauek pribatizatzen ari dira, emakume langileon aurkako esplotazio zorrotza baliatzen duten azpikontratazio eta kolokazio agentzien esku uzten dituztelarik. Gainera, laneratze politikak eta zaintza zerbitzuetarako proposamenak publizitatzearen bitartez izugarrizko aurpegi zuriketa egiten duten, enpresa hauen kontratatzaile handienak diren bitartean.
Azken hilabeteetan sektore honetako hainbat langileek Bilbon aurrera eramandako borroketan dugu honen adibide argia. Osakidetzako langileen kasuan, Osakidetzak bere garbitzaileen zati bat baldintza guztiz prekarioetan mantentzen dituen azpikontrata baten bidez kontratatzen dituela adierazi dute. Langile horiek 5 urte daramatzate hitzarmenik gabe eta erabateko blokeo egoera batean egotea salatzen dute. Antzeko kasua da SAD-ELZ zerbitzuko eta erresidentzietako langileena. Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuari dagokionez, udaletxeak eskaintzen duen zerbitzu bat izanda ere, azpikontratazio bat da eta egoera penagarrian daramate langileek urte luzez. Erresidentzietako langileen kasuan, gehiegizko ratioak izatea, bitartekoen gabezia eta soldaten bi urteko izozketa salatzeko borrokan jarri dira ere. Bestalde, Clarel enpresako langileek ere borrokan diraute, langile guztiek lanaldi partzialak izatea edota soldata baxuegiak izatea salatzeko; besteak beste, dendak frankiziatzearen ondorioz 2 urteko epean 150 langile baino gehiago izatetik 68 izatera pasa baitira.
Gehienetan, ordea, borroka hauek babes sozial eta mediatiko minimoa izaten dute eta behar duten oihartzuna ez dute lortzen. Honen aurrean ezinbestekoa da emakumeon batasun politikoa indartzea eta forma partzialean antolatzen diren borroka hauek modu bateratuan ematea. Izan ere, horrela bakarrik lortuko dugu modu efektiboan problematika eta aldarrikapenak lehen lerroan jartzea eta horiei aurre egiteko gaitasunak handitzea.
Nolanahi ere, ez genuke zerbitzu horien pribatizazioa zentzu moral batean ulertu behar; hau da, politikari ustel edo enpresaburu zeken batzuen neurrien ondorio baino ez balira bezala (eta, beraz, neurri justuak defendatuko lituzketen politikari onak bermatzearekin tendentzia hau gelditzeko nahikoa balitz bezala). Aldiz, bizi dugun krisi kapitalistaren eskutik, eta haren aurrean metaketa berriz bultzatzeko Estatuak eman beharreko erantzunaren eskutik ulertu beharko genuke. Aspaldian agerian geratu da estatua ez dela eragile neutral bat; kapitalaren ordezkari politikoa da, eta, zentzu horretan, muga hautsezina suposatuko du beti emantzipazio errealerako bidean.
Horrek, ordea, ez du esan nahi zerbitzuen pribatizazioaren joera gero eta basatiago hau salatu eta borrokatu behar ez dugunik, baizik eta modu egokian egin behar dugula, bide askatzaile baterako beharrezkoak diren praktikak hedatzeko aukera izan dezagun. Zentzu horretan, gure eginbeharra da emakume langileon bizi- eta lan-baldintza duinak bermatzeko instituzio sozialek agertzen dituzten mugak seinalatzea eta haiekiko erreformen aldarrikapenen markoa gainditzea. Kapitalaren ordezkari politikoa den heinean, Estatuak ezin izango ditu inoiz sistema kapitalista berari berezkoak zaizkion menderatze eta zapalkuntza formak neutralizatu, ezta gure aldarrikapenei aterabide errealik eman. Horren aurrean, gizarte kapitalista gainditzea ahalbidetuko duten bitarteko politiko independenteen eraikuntzaren alde borrokatu behar dugu, kalitatezko zerbitzu unibertsalak bermatuko dituen zapalkuntzarik gabeko gizartearen alde.
Bide horretan, urgentziazkoa da emakume langileak antolatzeko espazio eta bitartekoak sortzea, euren askapen errealerako bidean subjektu politiko aktiboak bihurtu daitezen. Gauzak horrela, borroka horiek lehen lerroan kokatzeko, horiei aurre egiteko eta emakume langileon batasun eta gaitasun politikoak indartzeko helburuarekin, otsailaren 25erako deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen du Itaiak. Bilbori dagokionez, 13:00etan, La Casillatik aterako da mobilizazioa. Guztiok kalitatezko bizi- eta lan-baldintza berdinak izan ditzagun, batu borrokara!