Bizkaiko Foru Aldundiko garbitzaileek lan-baldintzen aldeko borrokari itxiera eman diote, Optima garbiketa enpresarekin aurreakordioa sinatu ondoren. Urte hasieratik hona, hainbat izan dira aurrera eramandako mobilizazioak eta bidean topatutako oztopo politikoak: grebaren eragina txikiena izan zedin Aldundiak langileek lantokia garbi utz zezaten eskatzen zien mezua, presentzia, babes sozial murritza… Baina elementurik interesgarriena azpimarratu beharko bagenu, hori borroka abiaraztera eraman zituen kausa da: soldata dagokien funtzionario kategoriarekin parekatzea edo, bestela esanda, administrazioaren soldatarik baxuena jasotzea.
Jakina da azpikontratazioa zerbitzuen kostuak murrizteko eta eskulana merkatzeko modu bat dela administrazioarentzat eta enpresarentzat, langileen lan-baldintzak prekarizatzearen bitartez. Homologazioa delako aldarrikapena sindikatuen maxima izan da oraingo borrokan, eta, batzuen begietara zentzudunago edo zentzugabeagoa izan badaiteke ere, proklama horrek soldata berdintasunaren inguruko eztabaidari heltzea eskatzen digu. Gatazka ebazteko parez pare aurkitzen diren bi proposamenak mahai gainean jarri nahiko genituzke, Aldundiko garbitzaileek adostutako aurreakordioaren alderdi zehatzenei buruzko balorazioa egiteko inolako asmorik gabe.
Zer bereizketa dago bataren eta bestearen artean? Zertaz ari gara guztiok kalitatezko lan-baldintza berdinak izan behar ditugula aldarrikatzen dugunean?
Soldataren ekiparazioa enpresaren eta sindikatuaren arteko paktu sozialaren ondoriozkoa da. Krisi testuinguruan, irabazi-tasa txikiagoa den honetan, lan-baldintzak hobetzeko marjina murrizten ari da eta soldaketek beherantz parekatzeko joera dute. Bizkaiko Foru Aldundiko garbitzaileen kasura ekarrita, azpikontratatutako langileen eta langile propioen arteko aldea orain arte % 36koa izan da eta sinatutako aurreakordioak % 23,5era murriztea ekarri du. Soldataren alderdi ekonomiko konkretu bati erreparatzen dio hobekuntzak, baina Aldundiko garbitzaileen % 80ak lanaldi partzialak dituela albo batera utzi du, baita langileen behin-behinekotasun tasa ere. Kontratazio modalitate horiek garbitzaileen artean baldintza desberdinak ezartzen dituzte, besteak beste, eta euren arteko mailaketari eusten dio, egoera zaurgarriagoan daudenen kalterako.
Oro har, soldata parekatzeak ez du garbiketa sektorean aurkitzen ditugun baldintza kaskarrekin amaitzen, horiek mantendu eta normalizatzen dituela esan genezake: soldatak baxua izaten jarraitzen du, ez dituzte bajak kubrituko, lan-karga handituko da, materialik eza... Are, administrazioak azpikontratatutako langileentzat bakarrik eskatzen dute ekiparazioa, hau da, ez dituzte enpresa pribatuetan edo norbanakoentzat lanean dauden garbitzaileen baldintza prekarioak kontuan hartzen.
Horren aurrean soldata berdintasunak oinarrizko aldarria izan behar du. Alde batetik, kualifikazioaren araberako hierarkizaziorekin amaitu behar dugu. Hemen kontua ez da lan beragatik soldata bera jasotzea, ezin dugu onartu kualifikazio maila baxuagoa izateagatik edo subjektu debaluatuek – emakume langileok, kasu- egindako lana izateagatik pertsona batek soldata txikiagoa jasotzea legitimatzen duen ideia. Zergatik kobratu behar du mediku batek baino gutxiago egunean lau azpiegitura desberdin garbitzen dituen langile batek?
Garbiketa lanek gainontzeko lan guztiek bezala aitortza sozial berdina izan behar dute, eta aitortza hori ezin da hitzezkoa izan, ezin da maila abstraktuan gelditu. Klaserik gabeko gizarte batean bakarrik gauzatu daiteke aurrekoa, zeinetan aberastasun sozialari guztiok egin diezaiokegun ekarpena aitortua izango den eta guztiok aukera-berdintasuna izango dugun.
Bide horretan, Itaiatik sektore feminizatuko langileekin batera lehen lerroan egoteko konprimisoa berretsi nahi dugu. Gure babes osoa emanez, haien egoera kaskarraren arduradunak seinalatuz eta langileen artean eraldaketa sozialaren beharra gizarte sozialista baten alde zabalduz, guztiok kalitatezko lan eta bizi baldintza berdinak izan ditzagun.