Asteburu honetan Bilboko udaltzain bat atxilotu dute indarkeria matxistagatik Txurdinagako auzoan. Poliziak gauzatzen duen beste indarkeria kasu baten aurrean gaude, abuztuan ertzain bat bere emaztea hiltzen saiatu baitzen Donostian. Espainiar estatuko datuei erreparatuz gero, egoerak kezkagarria izaten jarraitzen du: udako eraso matxisten %15 poliziek egin dituzte.
Indarkeria kasuen aurrean komisaldegietan salaketa jartzeko esaten digute, genero indarkeriari erantzuteko polizia espezializatu eta prestatuak daudela baieztatzen dute, erasoak ekiditeko presentzia poliziala areagotu behar dela… Bilboko Hiritarren Segurtasun zinegotziak “Udaltzaingoa gero eta feministagoa izango zela” adierazi zuen aurreko urtean, poliziaren lehen berdintasun-plana aurkeztu zuenean.
Polizia segurtasunarekin lotzen dute. Segurtasun falta, aldiz, migratzaileei egozten diete hedabideek eta talde erreakzionarioek, eskuineko alderdiek bultzatuta.
Komunikabideetan oharkabean igaro den gertakari honek, ordea, agerian utzi du gure babesle modura izendatzen dituztenak arazoaren parte direla. Polizia da indarkeria matxista deuseztatzen duena, uneoro erasotzen gaituena, eta azken batean, erasoen aurrean erantzun antolaturako aukerak desartikulatzen dituena.
Poliziak bere alde ditu babes legala eta instituzionala, edozein erasoren aurrean inpunitate osoa baitu. Bilboko Udalak adierazi bezala “udalak ez du kasua baloratuko, justiziaren esku uzten du”. Alderdi politiko guztiek, EH Bilduk barne, berriki sinatu duten Bilboko Segurtasun Paktuak ere ez du egoera aldaraziko, poliziaren posizioa indartzeko baino ez du balio.
Horren aurrean urgentziazko lana da kale mailan salaketa publikoa indartzea. Erasotzaileen inpunitatearen aurrean erantzun irmoak garatuz eta matxismoaren kontrako kontzientziazio lana gure auzoetan eginez.
Guk argi diogu: poliziek ez gaituzte babesten, erasotzen gaituzte!