Gorakada erreakzionario hori azaltzeko bi faktore nagusiri erreparatu behar diegu. Batetik, krisi kapitalistaren testuinguruan langileon egoera ekonomikoa okerrera doa, eta horrek ondoeza sortzen du gizartean. Bestetik, azkenengo urteetako ezkerreko politiken porrota funtsezkoa izan da. Nahiz eta haien kanpaina politikoetan hobekuntzen promesa hutsalak egin, estatuko instituzioetatik eta ezkerreko gobernutik ez da benetako aldaketarik nabarmendu langile klasearen gehiengoan. Hori ez ezik,langile klasearen aurkako ofentsiba indartu duten politikak babestu eta bultzatu dituzte.
Horrek nabarmena den desatxikimendua sortu du gizartearen kapa zabaletan, eta eskuinak nahigabe horretaz baliatu da bere burua alternatiba bakar gisa aurkezteko. Agerikoa da, beraz, faxismoa ez dela instituzioetan geldiaraziko, hauek bai dira haren hedatzearen arrazoietako bat. Gure erronka nagusia da emakume langileon antolakunde independenteak garatzea eta indartzea, matxismoaren aurrean modu argian eta irmoan erantzungo dituztenak eta emakume langileon interesak lehen lerroan jarriko dituztenak.
Horregatik, Martxoaren 8an, “berdintasunaren” izenean haien interes partidista eta pribatuak elikatzeko erabiltzen dituzten diskurtso hutsalak eta keinu sinbolikoak gainditzeko, egunaren zentzu historiko iraultzailea berreskuratu beharra dugu. Historian zehar, emakume langileon zapalkuntzaren aurka eta sozialismoaren alde egiteko borroka eguna izan da. Bizi dugun testuinguruan, inoiz baino garrantzitsuagoa da borroka honen lekukoa hartzea eta langile klaseko kolektiboen arteko lankidetza
eraikitzen jarraitzea, emakumeon zapalkuntza ekonomikoarekin, kulturalarekin eta politikoarekin amaituko duen gizarte-eredu berri bat eraikitzearen bidean.
Proposamen estrategiko honen baitan, gaurdanik zeregin argi batzuk ditugu: batetik, matxismoaren gorakadaren aurka, ideia atzerakoien eta erreakzionarioen kontrako politizazio-lana egin behar dugu. Gure herri eta hirietan, auzoetan, ikastetxeetan jarrera matxisten aurka borrokatu behar dugu. Horretarako, ahalik eta emakume gehien batuko dituzten espazioak sortu behar ditugu, erasoen salaketak egin ez ezik, erantzun kolektiboak eman eta sozialismoaren aldeko proiektuan ekarpena egin behar dute, matxismoaren aurkako kontzientzia zabaltzearekin batera.
Bestetik, emakumeok sozialismoaren aldeko borrokan lehen lerroan egon behar dugu. Horretarako, emakumeok subjektu politiko izan dezagun baldintzak sortu behar ditugu. Zentzu horretan, emakume proletarizatuenek bizi dituzten eskubide politikoen urraketak gainditzeko espazioak eta tresnak garatzea ezinbestekoa da. Bide horretan, dei egiten dugu martxoaren 8an 12:30ean Eliptika Plazatik abiatuko den mobilizazioan parte hartzera.