Azkenean , EAJ eta PSE akordio batera heldu dira eta ematen du Bizkaian zerga erreforma , txikia bada ere, izango dugula. Ikusteko dago beste lurraldeetan zer gertatzen da, besteak beste Araban bi alderdi horiek indar nahikorik ez dutelako. Nafarroak bere bide propioa hartu du eta zerga-erreforma sakonagoa iragarri du.
Enpresek ordaintzen dituzten zergen inguruko debatea, gure gizartearen eztabaidatzeko gai klasikoetakoa da. Enpresari elkarteek historikoki zerga jaistea eskatu duten bitartean, sindikatuek kontrako jarrera defendatu dutela, Sozietateen gaineko Zerga are gehiago igotzeko aukera dagoela argudiatuz. Alderdi politikoen artean ere jarrera ezberdinak topa daitezke baina aurten , kontuari gatza eta piperra emateko, nobedade bat izan dugu, debateak EAJko bi kargu publiko esanguratsu aurrez aurre jarri dituelako. Pedro Azpiazu, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Sailburua eta Unai Rementeria, Bizkaiko Ahaldun Nagusia.
Pedro Azpiazu uda aurretik buru belarri ibili zen kupoa eta kontzertuaren inguruko negoziazioetan eta horren berri eman ziguten Uriolako kideek Azpiazuri egindako elkarrizketa mamitsuan. Bere lehentasuna kupoaren akordioa bazen ere, bestelako gaiei ere heldu zien sailburuak , besteak beste enpresek ordaintzen dituzten zergen debateari eta zerga horren bitartez diru gehiago biltzeko aukera badagoela behin eta berriro aipatu du. Unai Rementeriak, aldiz, Sozietateen gaineko Zerga moldatzeko proposamena egin du, enpresek ordaintzen dituzten tasa nominalak jaitsiz, modu honetan enpresak eta inbertsioak erakarriko zirela argudiatuz.
Baina zertaz ari gara Sozietateen gaineko Zergaz ari garenean?
Enpresek lortutako mozkinak zergatzen ditu tributu honek eta gaur egun Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan antzera ordaintzen da, ñabardurak ñabardura. Enpresek % 28ko tasa nominal orokorra ordaintzen dute.
Tasa hori Nafarroan eta Estatuan %25ekoa da . Bada enpresa ertain eta txikientzako tasa murriztua , %24koa , eta ez dugu ahaztu behar enpresa gehienak tasa honen menpe daudela. Horiek tasa nominalak dira, baina enpresek benetan ordaintzen dutena kalkulatzeko hainbat doikuntza egiten dira , kenkarien bitartez.
Kenkariak foru arauen bitartez onartzen dira, helburu ezberdinekin ( enplegua sortzea, ikerketa eta garapena bultzatzea..) eta kenkari hauen eraginez enpresek askoz tasa efektibo txikiagoak ordaintzen dituzte. Hortaz, konparaketa justua egiteko, tasa nominalez gain, kenkariak ere alderatu beharko dira. Estatuko ogasunekin konparatuta, Bizkaian kenkariak malguagoak dira . Esaterako, badira estatuan aplikatu ezin diren kenkariak eta hemen bai . Konparazioak egiten hasita, dena aintzat hartu beharko genuke, baina hori , antza, asko eskatzea omen da...
Eta azkenean, erreforma heldu zen ( edo ez?)
Negoziazio luze eta mamitsuen ostean, EAJk eta PSEk zerga erreforma hitzartu zuten. Egia esateko, erreforma baino, moldaketa batzuk adostu zituztela esan genezake . Hainbat eragileren aburuz, benetako erreforma sakona baino, partxea esan beharko genuke. Baina tira, iritziak iritzi, zerga erreforma dugula esan genezake. Ikusteko dago horrela mantenduko den, lehen esan dudan bezela, Araban bi alderdiak beste bidelagun baten premian daudelako.
Akordioak Errentaren gaineko Zerga, Ondarearen gaineko Zerga ( Gipuzkoan lehen Aberastasunaren gaineko zerga zena) eta Sozietateen gaineko Zergak moldatzen ditu. Azken honi dagokionez, hitzarmenak zergaren tasa nominalak bera baitan utziko ditu. EAJk amore eman behar izan dio tasa nominala jaisteko ahaleginari eta horrez gain kenkariak zorroztea onartu behar izan du, PSEk eskatuta. 2013an indarrean jarri zen erreformaren ildoak jarraitu ditu akordio honek, urte horretan tasak mantendu eta kenkariak zorroztu zirelako.
Trukean PSEk ere beste alor batzuetan amore eman behar izan du, batez ere PFEZ edo Errentaren gaineko zergan . Kasu honetan PSEk etxebizitzagatiko kenkariak ukitu nahi zituen, baina momentuz ez dira aldatuko. Eta momentuz diot ziur naizelako aldaketa etorri, etorriko dela. Espainiak kenkari horiek 2013an kendu zituen eta Hego Euskal Herrian Nafarroak ate hori ireki berri du, aurreko astean Nafarroako Gobernuak onartutako erreformaren bitartez. Hortaz, pentsatzekoa da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak antzeko urratsak aurki ikusiko ditugula. Denbora kontua baino ez da.
Baina gatozen berriro Sozietateen gaineko Zergara. Zentzurik al dauka halako debatean sartzea? Enpresariek tasa altuak ditugula errepikatzen dute behin eta berriz, eta tasak jaitsita lortutako aurrezkiekin enpresek lanpostuak sortuko lituzketela argudiatzen dute. Argudio hori logikoa al da? Argi dago tasa jaitsita enpresek mozkin handiagoak lortuko dituztela, baina ikusteko dago enpresariek zer egingo duten aurrezki horrekin.Agian lanpostuak sortuko dituzte, edo inbertsioak burutu... ala ez.
Enpresek euren inbertsioak ingurune ekonomikoaren arabera planifikatzen dituzte. Ingurune negatibo batean, ez dute inbertsio askorik burutuko, nahiz eta zergak murriztu. Zalantzarik ez dut badirela enplegua sortzeko helburua duten enpresariak baina zergak jaisteagatik lanpostuak sortuko direla esatea larregi iruditzen zait.
Sozietateen gaineko zergaren eragina
Historikoki Europako lurralde ezberdinak zerga honetaz baliatu dira enpresak eta inbertsioa erakartzeko. Nolabaiteko lehia ezagutu dugu, nor baino nor tasa baxuak eskeiniz enpresen aurrean lehiakor agertzeko. Azken 20 urteetan Europako 28 estatuetako 27k euren sozietateen gaineko zerga murriztu dute ,eta enpresak oso ondo aprobetxatu dira halako egoeraz, zerga-ingenieritzaz baliatuz.
Diru kontuetan argi dago enpresek burua badutela, baina bihotzik ez. Eta lurralde batekiko atxikimendua , edo herrialde-marka bezala ezagutzen dena egun oso kontzpetu likidoa da.
Horren adibide garbia IKEA da. Denok Suediarekin lotzen badugu ere, batez ere ahozkaezinak diren altzarien izenak ikusita, fiskalki Herbehereetako enpresa da, korporazio guztiaren egoitza bertan dagoelako. Beste adibide batzuk ere jar genitzake, besteak beste Inditex kasuarena ( Galiza eta Herbereen arteko lotura ere izan duelako), baina gaiak luze jo lezake Europa barruan badirelako Malta, Irlanda edo Herbehereak bezalako estatuen kasuak oso argigarriak direlako.
Europako agintariak kexu “omen” dira jokamolde hauekin eta neurriak hartzen hasi dira . Agian ezagunena Applen aferagatik Irlandari jarritako isunarena da, baina badira gehiago. Eta etorkizunera begira zerga-batasuna dute helburu. Aste honetan bertan Moscovici komisarioak 2018rako Europak zergen harmonizaziorako proposamena egingo duela aurreratu du. Beraz, logikarik al dauka egun Sozietateen gaineko Zerga lehiatzeko tresna gisa erabiltzea?
Sozietateek zerga gutxiago ordaindu... eta trukean, zer?
Dena dala, zelako pisua dauka Sozietateen gaineko zergak gure ekonomian? Zenbat diru biltzen dute ogasunek? Bizkaiko datuak ikusita, gatza da zerga honen bilakaera aztertzea. Jaurlaritzak kupoaren inguruan Madrilekin lortutako akordioak eragin zuzena izan du eta Bizkaian 2017an iaz baino %11 gehiago bildu dira, hortaz aurreko ekitaldietara jo beharko genuke analisi sakonagoa egiteko. Halako neurrien eragina epe luzeagotan aztertzen da hobekien eta Europako datuak nahiko argigarriak dira.
Azken 20 urteetako estatuen arteko lehiaren ondorioz, Sozietateen gaineko Zergaren tasa murriztu egin da eta honek ondorioak ditu. Europan , gaur egun batez beste, Sozietateen zergaren pisua BPGren %2,5koa . Duela hogei urte, zerga honek BPGren %3 suposatzen zuen. Galera nabaria. Orduan, azken hogei urteotan Sozietatearen gaineko zergaren tasa murriztu bada, nondik lortu dute Ogasunek diru sarrerak orekatzea? Edo beste modu batean galdetuta, nork ordaindu du enpresek ordaindu ez dutena? Erantzuna erreza da... Kaleko hiritarrok ordaindu dugu. Nola? Bestelako zergen bitartez, bereziki BEZaren bitartez.
Sozietateen gaineko zerga murriztuz joan den bitartean, hiritarrok kontsumorako ordaintzen dugun zerga nagusia, BEZ igo digutelako. Horren adibide garbia Hego Euskal Herrian daukagu. BEZa estatuak ezartzen du ( gure ogasunek bildu baino ez dute egiten). 2000 urtean ordaintzen genuen BEZa %16koa zen eta egun %21ekoa da. Igoera kuantitatiboa izateaz gain, kualitatiboa ere izan da , zerga murriztua ea desagertu delako. Eta igoera hori,,,, diru bilketan ere igertzen da. 2000An BEZak Espainiako BPGren %6 suposatzen zuen, eta egun %6,5. Eta alde hori, %0,5, da , hain zuzen ere, Sozietateen gaineko zergak galdu duen pisua. 2000Ean BPGren %3a suposatzen bazuen ere, egun %2,5.
Zalantza barik, fiskalitatea oso debate korapiltsua da , sakonean aztertu beharrekoa da. Titular eta txio bitartez mugitzen den gizarte honetan zaila da gaiei behar den arreta eta sakontasunarekin heltzea eta erpin asko dituen gai batez ari gara eta horregatik uste dut datuak aintzat hartu behar direla eta kasu batzuetan, datuak oso gardenak dira.