Urte-bukaeran sarritan izaten dira pentsio-funtsen iragarkiak telebistan. Izan ere, jostailuen eta perfumeen iragarkiekin batera, banku nagusiek euren iragarki-dosia ematen digute pentsio-planak egin ditzagun. Iragarki horietarako, besteak beste, pertsonaia ezagunak erabiltzen dituzte.
Baina urte-bukaera urrun dago oraindik. Aratusteak oraintsu amaitu dira, eta bide luzea dugu Gabonetara arte: sagardotegi-garaia, Deustuko jaiak, ikastolen festak, udako jaialdiak... Hori dela eta, susmagarri samarra iruditzen zait Invercoren kanpaina.
Gainera, Anne Igartiburu eta Edu Soto ez ezik, beste protagonista bat ere izan dugu egunotan: M. Rajoy (aktorea, umorista, aurkezlea... Espainiako presidentea, azken batean). Izan ere, joan den otsailaren 8an ABC Foroak antolaturiko topaketa batean, Rajoyk aurrezteko eskatu zion jendeari: «Aspaldion gauzak ondo doazenez...».
Hiru eragile ospetsu horiek mezu bera zabaldu dutenez, badirudi pentsioena serio hartzeko moduko kontua dela. Azter dezagun, bada.
Pentsio-sistemaren gainbehera?
Invercoren iragarkiek argi uzten dute ezetz; hau da, Espainiak pentsio-sistema sendoa duela, ez dagoela zertan larritu, baina arduraz jokatu behar dela. Izan ere, indarrean dagoen sistemak muga asko ditu, eta, aldaketarik egin ezean, etorkizunean arazoak izango ditugu.
Estatuko pentsioena banaketa-sistema da: oraingo kotizazioek gaurko pentsioak ordaintzen dituzte; horretarako, pentsiodun bakoitzeko bi langile behar dira. Hego Euskal Herrian aspaldi urrundu ginen oreka-puntu horretatik; 1,7ko ratioa dugu orain. Espainiako zenbait tokitan, bestalde, gehiago dira pentsiodunak langileak baino; hori dela eta, argi dago arazoak egongo direla (behintzat arazo demografikoa).
Gure langabezia-tasa altua da (% 10 ingurukoa), eta, erdira murriztuko balitz ere, arazoak bere horretan jarraituko luke, beste faktore batzuk ere badirelako (soldatak, adibidez). Izan ere, kotizazioak soldaten gainean kalkulatzen dira, eta, Hego Euskal Herrian batez besteko soldata 2.137 euro ingurukoa izan arren, lan-merkatura sartzen direnen soldatak askoz baxuagoak dira. Argi dago sistemak beste diru-sarrera batzuk behar dituela, handiagoak; horretarako, ezinbestekoa da badaezpadako soldatak ezabatzea, baita Deliveroo, Glovo eta horrelako sasilanpostuak ezabatzea ere.
Birjartze-tasa da Invercok azaltzen duen beste faktorea. Gaur egun, erretirora heltzean, pentsiodunek soldataren % 80 kobratzen dute pentsioan, batez beste. Hala ere, 2012ko pentsio-sistemaren erreformaren ondorioz (M. Rajoyk onartutako erreformaren ondorioz), pentsioa kalkulatzeko formula aldatu egin da. Datorren urtetik aurrera, jasangarritasun-koefizientea erabiliko da pentsioa kalkulatzeko, eta, horrenbestez, hileko pentsioa murriztu egingo da, baita birjartze-tasa ere. 30 urteren buruan tasa hori % 50era jaitsiko omen da; hortaz, soldataren erdia jasoko dugu erretiroko pentsioan.
Invercok datu hori erabiltzen du jendeari pentsio-plan pribatua eginarazteko, beste aukerarik ez dagoelakoan.
«Aspaldion gauzak ondo doazenez...»
Horixe esan digu Espainiako gobernuburuak, eta, berak badio, halaxe izango da. Baina, beti bezala, ikuspuntuaren araberakoa da iritzia.
Datu makroekonomikoak oso argiak dira: Espainiako ekonomia hazten ari da. Espainiako Barne Produktu Gordina, hau da, aberastasuna ekonomia-irizpideen arabera neurtzeko erabiltzen den adierazlea, % 3 hazi zen Estatuan, 2017an. 2018rako, % 2tik gorako hazkundea aurreikusten da. Hego Euskal Herriko datuak ere antzekoak dira.
Baina krisiak zauri larriak utzi ditu. Hainbat pertsona atzean gelditu dira, eta zaila izango da horiek berreskuratzea. Zenbait adierazlek argi erakusten dute hori; besteak beste, Davoseko Foroan (urtero munduko agintari ekonomikoak biltzen dituen biltzarrean) aurkeztutako Garapen Inklusiboaren adierazleak. Adierazle horrek, ekonomia-hazkundea neurtzeaz gain, bizi-kalitatea, gizarte-inklusioa eta segurtasun ekonomikoa ere aintzat hartzen ditu. Eta ez du Espainia toki onean uzten. Munduko 30 ekonomiarik garatuenen artean, 26. postuan dago Espainia. Hau da, azkenetakoa da.
Ez du ematen, hortaz, gauzak ondo doazenik. Ez behintzat Davoseko guru ekonomikoek diotena aintzat hartzen badugu.
Aurrezten ikasi behar dugu?
Euskaldunok beti izan dugu aurrezteko joera, eta aurrezkiei esker egin ditugu inbertsioak. Izan ere, garai batean ez zegoen ondo ikusita maileguetara jotzea. Azken hamarkadetan, ordea, zorpetzeko joera hazi egin da gurean, hainbat faktorek eraginda. Familien aurrezteko gaitasunak, aldiz, behera egin du.
Globalizazioaren eta kapitalismoaren distirak eraginda, gure gizartea kontsumismoaren gurpil zoroan murgildu zen, inolako jarrera kritikorik gabe. Komunikabideetan, kontsumismora bideratutako etengabeko iragarki-bonbardaketa izan genuen. Horren adibide argia da Blesa jaunak zuzendutako Caja Madrid finantza-erakundeak (gerora erreskatatu behar izan genuen horrek) egindako publizitate-kanpaina erasokorra. Honako hau zioen banku haren iragarkietako batek: «Diruak libre egiten gaitu. Profesionalak prestatu, proiektuak finantzatu eta ametsak eraikitzen ditu. [Diruak] dirua dagoen lekuan egoten eta nahi duzuna izaten laguntzen dizu. Gazte egiten zaitu, eder. Diruak berez ez dakar zoriontasunik, baina lagundu egiten du. Nahi duzu?».
Kanpaina horrek oso argi erakusten du krisi aurreko garaian zer giro zegoen. Sasoi horretan, gizartea inoizkorik azkarren zorpetu zen. Kontsumorako maileguak eskaini zizkiguten, autoak, oporrak eta gainerako ametsak ordaintzeko; baita hipoteka zoragarriak ere, oporretarako etxeak finantzatzeko. Anne Igartiburuk berak apartamentu zoragarriak iragartzen zituen Marina d’ Or opor-hirian. Bai, orain aurrezten ikasi behar dugula dioskun horrek!
Gure aukeren gainetik bizi izana leporatu ziguten. Ez dakit hori leporatzea bidezkoa den, baina amaierarik gabeko burbuila batean bizi izan ginelakoan nago. Krisiak amets prefabrikatu horretatik esnatu gintuen, ostikada mingots batez, eta kontsumoa erabat gelditu zen. Jendeak, garai okerragoen beldur, kontsumitzeari utzi, eta aurrezteari ekin zion. Horren ondorioz, sekulako aurrezki-tasa altuak egon ziren. Krisiaren aurretik, Espainiako familien aurrezkia errenta erabilgarriaren % 5,9 baino ez zen; krisiaren ostean, tasa hori bi aldiz handiagoa izan zen. 2009an, esaterako, % 13, 4ra heldu zen.
Baina gizartea lasaitu egin da berriz ere, ekonomiaren ustezko hazkundeak bultzatuta, eta gastatu egin du krisi-garaian aurreztutako guztia. 2013tik familia-errentak % 8 hazi badira ere, kontsumoak % 13 egin du gora. Hau da, aurreztutako guztia gastatzeaz gain, familiak ostera ere zorpetzen hasi dira, kontsumo-mailari eutsi ahal izateko. Kontsumorako kredituak abiadura bizian hazi dira: horra hor aurrezki ezaren adierazle garbia. Izan ere, % 6 baino ez zuten aurreztu familiek iaz, krisi aurreko ehuneko bera.
Kontsumoan ez ezik, etxebizitzen alorrean ere «burbuilaren» aurreko egoerara itzultzen ari garela dirudi. Etxebizitzen prezioa gora egiten ari da, baina soldatak ez dira neurri berean igotzen ari, eta horrek ondorio larriak ditu, batez ere lehen etxebizitza erosi nahi dutenentzat. Espainiako Bankuaren txosten baten arabera, 2017an etxebizitza erosi ahal izateko, Espainiako familien batez besteko errenta gordinaren 7,1 urte behar ziren. 2013an, aldiz, etxegintzak behea jo zuenean, 6,3 baino ez ziren behar. Atzera begira jarrita… badugu zer ikasi!
Lehen aipatu dugunez, krisiak berdintasunik eza ekarri du, eta bi gizarte-talde zigortu ditu bereziki: gazteak eta lehen aldiz lan-merkatura sartu direnak. Hego Euskal Herrian, langileen % 45ek 2100 eurotik gorako soldata du. Arazoa gainerako % 55ena da. Izan ere, krisiak dualtasuna sortu du: dagoeneko lanpostua dutenek, salbuespenak salbuespen, krisia gainditu ahal izan dute nola edo hala; gainerakoen baldintzak, aldiz, izugarri okertu dira, batez ere gazteenak; izan ere, lan-merkatura sartzen direnen batez besteko soldata ez da 900 eurora heltzen, eta gazteen langabezia-tasa % 20tik gorakoa da.
Datuak oso argiak dira. Lan-merkatura oraingo baldintzetan sartzen den pertsona batek arazo handiak izango ditu bizitza-proiektu bat edukitzeko. Horrenbestez, ez dut uste erretirorako aurrezten hasteko gogo (edo ahalmen) handia izango duenik. Aurreko batean, Antena 3 telebista-katean hau esan zuten: eguneroko kafearen dirua aurreztuz gero, erretirorako 38 000 € izango genituela. Tira, pentsio duinen arazoa konpontzeko proposamena kafe gutxiago hartzea bada, ezin daiteke ezer espero sistema honetatik.
Behin-behineko eta kolokako lanen garai honetan, etxebizitza erostea gero eta zailagoa da, eta ironia hutsa da gobernuak eta pentsio-funtsen patronalak aurrezteko gomendioa egitea. Erretiro-garaian pentsiodunek bizi-kalitate ona izan dezaten, ez ote dago jendeari aurrezten «irakastea» baino proposamen hoberik?