Ez da Uber etxeak Bilbon zabaltzen duen lehen negozio-ildoa. Udaberrian Uber Eats janari banatzaileen zerbitzua martxan jarri zuten, “riders”-en alorrean ezagunak diren Deliveroo eta Glovo markekin lehiatuz.
Oraingoan, ordea, ez du ematen Uberrek erraza izango duenik. Eusko Jaurlaritzak dauka VTC ibilgailuen jarduna arautzeko eskumena, gidaridun autoena hain zuzen ere. Oraindik ez du araua onartu, baina hainbat urrats egin ditu. Otsailean, Euskadiko Taxiaren Mahaia bildu zen. Bertan, Eusko Jaurlaritza, taxilariak eta VTC lizentziadun gidarien ordezkariak bildu ziren zerbitzu honetako araudia adostu nahian. Urtea bukatu aurretik onartu nahi du Jaurlaritzak araudi berria, baina bilera horretan hainbat ildo ezarri ziren eta horietako batek, hain zuzen ere, garrantzi handia izango du: VTC zerbitzua ordubeteko aurrerapenaz eskatu beharko da. Uberren negozioa berehalakotasunean oinarritzen da. Aplikaziotik ibilgailua eskatu eta ahalik eta arinen heltzea da helburua, bezeroari itxaron beharreko denbora erakutsiz.
Jaurlaritzak bere araudian otsaileko bileran adostutakoa mantentzen badu, Uberrek ezingo du berehalako zerbitzua eskaini . Katalunian antzeko egoera gertatu zen: Generalitateak zerbitzua hamabost minutuko aurrerapenaz eskatzeko baldintza arautu zuen. Uberrek Bartzelonako zerbitzua (bertan baino ez zuen zerbitzua eskaintzen) bertan behera uztea erabaki zuen eta hiri horretatik alde egin zuen. Araudia aldatu ezean, Bartzelonan ez dela berriro arituko esan du konpainiak.
Gurean ere antzeko zerbait gertatu daiteke adostutako araudia ezartzen da. Baina ikusteko dago Jaurlaritzak zer erabaki hartuko duen. Bilboko Udalak betidanik agertu izan du taxilarien aldeko jarrera, baina Arantxa Tapiaren jarrera ez da hain argia izan.
Arauak arau, argi dago Uberren heltzeak garraio eta mugikortasunaren merkatuari astindua emango diola eta hainbat egoera azalarazten lagunduko duela.
Alde batetik, taxiaren merkatuaren inguruan egon den gardentasun falta. Zerbitzu publikoa izanda, udalen ordenantzen menpe dago eta lizentzia lortzeko tasa administratiboa ordaindu behar da. Tasa publikoa da, baina historikoki eskuz esku aldatu izan dira eta hori izan da kritika gehien jaso duena. Gardentasun falta leporatu izan zaio taxiaren merkatuari. Prezio oso altuak ordaindu izan dira bigarren eskuko lizentziak eskuratzeko. Kasu askotan taxilariek maileguak eta hipotekak eskatu behar izan dituzte lizentziak erosi ahal izateko. Uberren lehia zabalduko balitz, prezio oso altu horietan lortutako lizentziek balioa galduko lukete eta hainbat taxilari egoera larrian dago.
Bestetik, Uberren negozioaren inguruan zalantza handiak daude. Uber konpainia multinazioala da eta ahalik eta zerga gutxien ordaintzeko sekulako ingeniaritza fiskala garatu du. Uber Systems Spain enpresak Herbereetara eramaten ditu bere diru-sarrerak. Hango zerga-tasak askoz baxuagoak dira eta sekulako aurrezkiak lortzen ditu. Hainbat ikerketen arabera, Uberrek Europan bere mozikinen %0,25 baino ez du ordaintzen zergetan.
Horrez gain, lan baldintzena da Uberren gainean dagoen beste susmoa. Janari banaketa enpresetan bezala, bere lan harremanek kritika ugari jaso dituzte. Taxilariek auzitegietara jo dute Uberren lan egiteko modua salatzeko. Ebazpen batzuk egon badira ere ( zentzu guztietakoak, hori bai), auziak agerian utziko ditu egoera prekarioak.
Bilboko kale-paisaia aldatuko da hurrengo egunetan. Uber ibilgailuak ikusiko ditugu gure kaleetan bidaiariak hartzen. Hasiera batean, gutxi batzuk izango dira, hogei inguru, baina baliteke apurka-apurka hedatzen joatea.
Dena dela, soka luzea ekarriko duen gaia da. Jaurlaritzak laster onartuko du araudi berria eta ikusteko dago zer nolako ondorioak izango dituen.
Gaurkoa lehen kapitulua baino ez da izan. Aurki, gehiago.