Espainiako Gobernua osatzen duten bi alderdiek etxebizitzen alokairua arautuko duen legerako proiektua adostu dute. Berez albiste ona da edo izan daiteke. Musikak soinu polita dauka, baina ez dugu letra ezagutzen. Are gehiago, ez dugu letra txikia ezagutzen eta filtratu den informazioak ez du itxura onik.
Egun familiek euren diru-sarreren ia erdia erabili behar dute, batz beste, etxebizitzaren errenta ordaintzeko. Datu hori are gehiago okertzen da gazteen kasuan, hauek pairatzen duten lan prekarietateagatik. Egokiena, edo gomendagarriena, ehuneko hori %30ekoa izatea da, gainontzekoa janaria eta bizitzeko beharrezkoak diren gastuei aurre egiteko, mugarik gabeko goranzko joera hartu duen argindarra ordaintzeko besteak bete.
Argi dago beraz zerbait egin behar dela. Orain arte hainbat neurri hartu dira: 2015ean Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitzaren legea onartu egin zen, lehen aldiz etxebizitza eskubide subjetibotzat hartu zuena. Gaur gaurkoz 6.200 familiek dute eskubide hori onartuta eta alokairuzko etxebizitza soziala edota dirulaguntza bat jasotzen dute. Lege horrek, gainera, hutsik dauden pisuei zerga gehigarria ezartzeko aukera ematen zuen.
Bilboko Udalak bi urtez hutsik daramaten 2.122 etxebitzari kobratzeko prozedura martxan jarri du. Eztabaida handia sortu du euskal lege honek, batzuentzat “komunistegia” delako eta beste batzuentzat aldiz oso labur gelditu delako.
Estatuko beste txoko batzuetara begiratuta badira beste lege batzuk, Kataluniakoa esaterako. Iazko abenduan onartu zuten baina Alderdi Popularrak errekurtsoa jarri ostean Auzitegi Konstituzionalak jabego propietatea urratzen duela ebatzi du. Legea, auzitegia, epaileen ikuspegia… ez da debate berria eta soka luzea ekar dezake.
Ordura arte ezagutu ditugun ildo nagusiak ikusita, ez dakit Espainiako Gobernuak onartu nahi duen lege hau eraginkorra izango den. Hasteko eta behin legearen aplikazioa, hein handi batean autonomia erkidegoen eta udalen esku geldituko delako. Legeak aplikatu beharreko markoa zehaztu arren, erkidegoak izango dira hori aplikatzeko erabakia hartuko dutenak.
Bestalde, prezioa mugatzearen neurriak soilik jabe handiei eragingo die. Hamar pisu edo gehiago duten enpresak eta funtsak dira jabe handi gisa aintzat hartzen direnak eta estatu mailan alokairuen merkatuaren %5 baino ez dute suposatzen. Hala eta guztiz ere, egia da gune jakin batzuetan ehunekoa dexente handitzen dela, Bartzelonan, esaterako, jabe handiek alokairu merkatuaren ia %33 suposatzen baitute.
Gurean ere joera hori ematen ari da, batez ere alokairu turistikoen hazkundearen ostean. Gainera, zenbait auzoetako bizilagunek arazo latza pairatzen ari dira horren harira. Litekeena da enpresa handiek gobernuak ezarri nahi dizkien muga hauek auzitegietara eramatea. Aurrekariak ikusita ez nuke baztertuko auzitegiek gobernuaren kontra ebaztea .
Lege berriak ere etxebizitzen sustatzaileei eragiten die, promotere inmobiliarioei euren sustapenen %30 etxebizitza sozialetara bideratzera behartuz. Baliteke, beraz, promotereek lehentaasuna emango diote lege hau aplikatuko ez duten erkidegoetan inbertitzeari , errentagarritasun handiagoak eskuratuko dutelakoan.
Ez dugu ahaztu behar, onerako zein txarrerako , etxegintza alorrak sekulako garrantiza duela estatuko ekonomian. Burbuila inmobiliarioaren garaian BPGren % 12 izatera heldu zen eta gaur egun %6,2ra jeitsi da. Erdia bada ere, oraindik pisu handia dauka. Horregatik Espainiako Gobernuak oreka asko bilatu beharko ditu hazkunde ekonomikoari kalte ez egiteko.
Badira etxebizitzaren arazoari heltzeko beste bide batzuk eta badira adibide interesgarriak, kooperatibena, esaterako. Bartzelonan La Borda izeneko proiektua eraiki dute Can Batlló ekimeneko kideek. Sants auzoan autokudeatutako hainbat egitasmo biltzen du Can Batllók. Udalak 75 urterako utzi die orubea urtero kanon bat ordainduta. Ekologikoki eraginkorra den eraikina eraiki dute bertan. Bizilagunek erabilera lagapen baten bitartez gauzatzen dute jabetza, etxea erosi eta alokatu gabe. Espekulazioaren aurka egiten duen eredu jasangarri eta sozialeko proiektua da eta hura finantzatzeko ekonomia solidarioaren sareetara jo dute. Ekimen ausarta eta polita, zalantza barik, bestelako ereduak gauzatu daitezkeenaren adibide.
Gizartean, ordea, eredu tradizionalak dira nagusi, horrek suposatzen duen izaera juridiko eta ekonomikoarekin.
Argi dago oso konplikatua dela etxebizitza eta alokairuaren merkatua arautzea. Arazo larria da etxebizitzarena eta Espainaiko Gobernuak aurkeztu duen lege egitasmo honek neurri positiboak baditu ere, alokairuaren bonoa edota zerga kenkariena adibidez, letra txikiaren zain egon beharko gara bere eraginkortasuna ikusteko.