U29: Txanpona airean

Erabiltzailearen aurpegia Patxiku Telleria 2022ko urt. 20a, 12:37

Krisia kapitalismoaren gaitz endemikoa dela badakigu. Gure ekoizpen sistemaren dinamika propioek, ziklikoki garamatzate, halabeharrez, anabasara; eta kapitalismoak sortzen dituen miserien banaketa, hark sortzen dituen mozkinen banaketa bezain injustua dela agerikoa da.

Krisialdi garaietan, ohikoa da bankariek eta enpresari handiek haien mozkin tasaren beherakada langile klasearen lan eta bizi baldintzen kontura doitzen saiatzea (beste zenbait mekanismoren artean); eta, egungo metaketa zikloa agortzear dagoen honetan, burgesiak abian jarri duen gizartearen berrantolaketaren eragin doilorrak salatu eta haiek sortzen dituen “gauzen egoeraren” aurka (sistema kapitalistaren aurka) antolatzera bideratuta dago U29-an deituta dagoen mobilizazioa.

Bada belaunaldi bat, gurea, hain zuzen ere, krisialdian hazi eta krisialdiak hezi duena. Krisialdi egoera iraunkorrak, gure biografien erdia edo hiru herenak hartu ditu; gure izaera eta gure subjektibitateak krisi horrek determinatu ditu, eta, artikulu hau, langile klaseko belaunaldi-kideei zuzenean interpelatzeko borondatearekin dago idatzia. Esatera natorrena, gehiago dauka inpresioz teoriaz baino. Inpresio zuzen eta gordina, memorian behi gizenik gordetzen ez duen belaunaldi baten esperientziak ondua, eta honi zuzendua.

Krisialdia besterik ezagutu ez dugun gazteok garatu dugu politikarekiko harreman propio bat: gerraostean mendebalde osoan gailendu zen sistema politikoaren oinarriak sakonki astindu ditu krisialdi honek, eta gure belaunaldiaren politikarekiko harremana, ordutik egunera indarrean mantendu den sistema horrekiko mesfidantza orokortu batek ezaugarritzen duela esan daiteke, bereziki langile klaseko belaunaldi-kideen artean. Ez da harritzekoa ere: gerraosteko oparotasunak irekitako abagunea baliatuz, demokrazia parlamentarioak eta sozialdemokraziak lortu baitzuten, Europa mendebaldean, sistema kapitalistak gizarteko estratu guztien interesak asetzeko gaitasuna zuela irudikatzea, interes horien ordezkaritzaren bitartez (sistemak berak eskaintzen zituen erakundeetan); baina ilusio horren kontraesanak berehala azaleratzen dira oparotasun horren faltan. 2008-tik gaur egunera jazotako zenbait esperientzia konkretuk agerian utzi dute erakunde politikoen bitartez kapital metaketarako baldintza mesedegarrien kaltetan langileriaren interesak gailendu daitezkeela ideia guztiz kimerikoa dela. Greziaren kasua da agian adibiderik agerikoena. Zer esanik ez espektro politiko instituzionaleko indar ezkertiar guztiek sostengaturik, Espainiako gorteetan “imajinatu daitekeen gobernurik ezkertiarrenak” agintzen duen honetan, haren gaitasuna, Europak eta bertoko burgesiak inposatutako agenda liberala ñabartzera juxtu-juxtu heltzen direla egiaztatu denean.

Esperientzia hauek guztiek, zuzenean edo zeharka jotzen dute gure kontzientzia, gure adimenetan sedimentatuz doaz, eta agerian uzten dute sistema politikoak berak eskaintzen dituen baliabideen (alderdi sistemaren, sindikatuen…) gaitasun falta zapaltzen eta pobretzen gaituen sistemaren oinarri estrukturalak gure mesedetan eraldatzeko. “Jokoaren arauak” tranpatuta daudela gure subjektibitateetan sakonki erroturik dagoen ideia da. Eta sentimendu horrek zabaltzen ditu politikarako hainbat aukera, eta beste zenbait arrisku.

Izan ere, aitortu beharra dago gure sistema politikoaren krisi hau langile mugimenduaren porrot ideologiko momentu batean azaleratu dela. Azken boladan zenbait ezkerreko pentsalariren ahotan entzun izan den bezala, gaur egun “errazagoa da Munduaren amaiera irudikatzea, kapitalismoaren amaiera irudikatzea baino”. Eta badirudi aipatutako mesfidantza orokortu hori nekez islatu daitekeela etorkizunerako proiektu politiko emantzipatzaile batean: klase ertainaren artean, zentzu komun ezkerkoia gailendu da; erreformismo kontserbadorea, mesedegarria zitzaion sistemaren (“ongizate estatuaren”) apurretan gotortu eta bere posizioak defendatzeko. Langile klasearen artean, berriz, politikarekiko distantzia ziniko bat nagusitu da: gauzak nekez aldatu daitezkeela, eta beraz, saiatzeak berak merezi ez duela irudikatzeko joera.

Horrexegatik, emanak zaizkigun baldintzak etorkizunerako proiektu politiko positibo batean gorpuztea da, gure betebehar politiko eta morala. Aipatu den bezala, krisialdi honek sortu ditu politikarako aukerak. Beharrezkoa da bizi dugun krisialdi testuinguruak sortzen duen haserreari klabe positiboan erantzuteko baldintza ideologikoak sortzea; garai arreotan langile klasearen artean nagusitu den sistema politikoarekiko mesfidantza hori problematizatzea; alderdi sistemaren, eta, oro har, politikari profesionalen gaitasun ezaren aurrean irtenbide bakarra antolakuntza dela azaleratzea; langile klaseak, antolakuntzaren bitartez, zapaltzen duen sistema borrokatzeko daukan gaitasuna praktikan jartzea. Txanpona airean dago, eta guri dagokigu zorua lantzea, txanponak lur-hartzen duenean aurpegi zuzena erakutsi dezan.

U29-an burgesiaren ofentsiba honek kolpaturikoon blokea osatuko dugu, zapaltzen eta pobretzen gaituen sistema kapitalistaren aurka eta etorkizunerako proiektu politiko komunista baten alde. Bidean bihurguneak datoz, eta beharrezkoa da antolatuak egotea. U29-an, beraz, denok Bilbora!