Elkanoren alde eta kontra

Erabiltzailearen aurpegia Paulo Alberdi 2021ko api. 30a, 12:07

Karola parean jo nuen begiz horma-irudia. Egia esateko, oharkabean pasatuko nuen, neurriagatik izan ez balitz. Hiruzpalau metro izango zituen Juan Sebastian Elkanoren erretratuak, eta haren alboko lur-globoa ere ni baino handiagoa zen. Bien arteko lotura neure kasa egin baino lehen, Elkanok gainean zuen testuak eman zidan begien aurrean nekusan ikuspegiaren azalpena: datorren urtean getariarra Cadizen lehorreratu zenetik 500 urte beteko diren aitzakian, Itsas Museoak (Itsas Museum-ek, zehatzago) erakusketa bat antolatu du lehendabiziko mundu-bira gogoratzeko.

Kartelari so, berehala ernatu zitzaidan erakusketarekiko interesa. Senak esaten zidan bidaiaren gorazarrea behar zuela barrukoak eta, behin izan nintzen historia ikaslearen ajeak, bien bitartean, kontra egiten zion ideia horri, jakin baitakit balentriatzat dutenak bezainbeste direla gertaera hura historiako etapa beltzenetakoaren hasieratzat oroituko dutenak.

Horrenbestez, eta gure artean ohikoa denez, pentsatu nuen gizartea bitan zatituko duela mundu-biraren urteurrenak: izan zaitezke ikastolakoa ala eskola publikokoa, jarraitzaile sutsua ala futbola gorroto dutenetakoa, kirolaria ala parrandazalea. Karola ondoan nintzela, Elkanoren aldekoen eta aurkakoen artekoa irudikatu nuen hurrengo debatea.

Hori buruan egin nuen etxerako bidea eta orduantxe etorri zitzaizkidan gogora karreran irakurri nituen liburu bi, batzuei eta besteei lagungarriak izan dakizkienak eztabaidan garaile izateko eta, niri, bide batez, Uriolako estreinakoa idazteko.

Elkanoren aldekoek Antonio PigafettarenPrimo viaggio in torno al Globo Terracqueokronikan dute helduleku sendoena. Idazle italiarra izan zen helmugara iritsi zen bidaiari bakanetakoa eta hari esker jaso dugu itsas zeharkaldi haren kontaketa.

Ororen gainetik, biziraupenerako borroka izan zen espedizioa, “sarri zerrautsa genuen elikagai bakar. Arratoiak, beti ere higuingarriak gizakiontzat, gutizia izatera iritsi ziren, eta bakoitzagatik dukat erdi ordaintzen genuen”. Horiek horrela, ez da harritzekoa 1522ko irailean eskifaiaren hondarra soilik itzuli izana Cadizera, 18 marinel.

Hiru urte lehenago 237 abiatu ziren leku hartatik bertatik eta, denen buru, Magallanes komandantea. Hari zegokion munduari bira ematen aitzindari izatearen ohorea eta bide onetik zihoan egungo Filipinetara iritsi zen arte, non “pozoitutako gezi batek izterrean jo zuen eta astiro-astiro erretiratzeko agindu zigun. Gutako gehienek, hala ere, lasterka eman zioten ihesari”.

Zoriari esker izan zen Elkano guztietan lehena, «Primus circundedisti me», Karlos V. enperadoreak aitortu legez. Bakarrentzat ospea, besteentzat, miseria. Kronikagatik izan ez balitz, ahanzturaren itsasoan galduko ziratekeen gainontzeko protagonistak: Gaspar de Quesada, konplot bat antolatzeagatik eraila; Juan de Cartagena, Patagoniako lurretan abandonatua; eskorbutoak eraman zituen 19ak.

Itsasoko bizimodu latza, horixe izan zen Pigafettak Primo viaggio testuan ezin hobeto jaso zuena. Zentzu horretan, marinel haien kemena eta indarra goraipatzean, Elkanoren aldekoei ez zaie motiborik faltako.

Elkanoren aurkakoek, bien bitartean, Eduardo Galeanoren Las venas abiertas de América Latina liburuan dute euskarri klasikoa. Bertan, idazle uruguaitarrak aurrez aurreko bi multzotan banandu zuen mundua. Batean, historian zehar garaile ateratako herrialdeak kokatu zituen, eta, bestean, galtzaileak. Hasiera gogoangarria du liburuak: “gure eskualdea galtzailea izan da Berpizkunde garaiko europarrak itsasoratu eta zintzurrean haginka egin ziotenetik”.

Latinoamerika, bere baitan Mexikotik Argentinarainoko lurralde-puska hartzen duen eskualdea, menderatuen taldean sartu zuen Galeanok. Europarrek lehendabizi, ipar-amerikarrek gero, bertako aberastasun nagusiak bereganatu dituzte, eta apenas utzi dute ezer bertakoentzat. Itsasontzien joan-etorri etengabea ezagutu dute Brasilgo urreak, Potosíko zilarrak, Txileko kobreak edo Venezuelako petrolioak.

Bere hitzak nahikoak ez bailiran, aipu ederrak dakartza Galeanok “Pentsatuko duzue jaun-andreok –zioen Marxek 1848an– kafearen eta azukrearen ekoizpena Indietako patu naturala dela. Duela bi mende, naturak, zeinak merkataritzarekin zerikusirik ez duen, ez zuen ez kafe-zuhaixkarik ez azukre-kanaberarik landatu han”.

Porrotaren kontaketa gordina da Las venas abiertas, kontinenteak azken bostehun urteotan jasan duen ustiaketarena, europarren heldueraz geroztik. Ez dago irabazlerik, galtzailerik gabe, eta arrazoia izango dute Elkanoren gorazarrearen kontrakoek mundu-biraren irakurketa kritikoa egin behar dela diotenean, espedizio hark ondorio sakonak utzi baitzituen mundu osoan.

*

Badago eztabaidarako mamia, baina lasai egon gaitezen. Ez dut uste datorren urtean Elkanoren aldekoen eta kontrakoen debaterik izango denik. Asko jota, egun bateko edo biko albistea izango da eta gutxik aipatuko dituzte Pigafettaren eta Galeanoren liburuak. Jarraituko dugu kirola egin ala parrandan ibili nahiago dutenen arteko ika-mikan, futbolzaleen eta aurkakoen artekoan, betikoetan.

Nik, esanak esan, etxera heldu bezain laster erosi nuen sarrera igandean Itsas Museum-a bisitatzeko. Gainera, zer arraio, historiako ajeaz gain, iruditzen zait ez dudala bestelako ajerik izango asteburu honetan.