Uda gainera dator

Erabiltzailearen aurpegia Paulo Alberdi 2021ko eka. 16a, 12:46

Aspaldi ez dela, Uriolako lagun on Jon Intxaurragak gomendatu zidan Zerua gainbehera dator eleberria, eta benetan eskertu nion, bestela ziurrenik liburua ez baitzen sekula nire eskuetara iritsiko. Bertan, haurtzaroko bizipenak kontatzen ditu Lorenza Mazzeti idazle italiarrak, hasieran, Mussoliniren diktadurapean eta, geroago, II. Mundu Gerra bete-betean. Fikzioak mozorrotutako autobiografia tragiko bezain umoretsua da Penny haurraren kontakizuna.

Uda gainera datorkigun honetan, askorentzat irakurtzeko urte-sasoi behinena, nik ere handik eta hemendik hartutako liburu batzuk ekarriko ditut hona. Zereginerako, atzerriko nire autore gogokoenen itzulpenak hautatu ditut, ez halabeharrez, testu txiki hau idaztetik probetxu handiagoa ateratzeko asmoa dudalako baizik: modu horretan, Jon eta gainontzeko uriolatarrei utziko diet euskal literaturako gomendioak plazaratzeko ardura eta, hala egiten badute, gogotsu jasoko ditut haien proposamenak. Ea bada!

Mazzetiren kontaketaren garai bertsuan kokatu zuen Stefan Zweig austriarrak Xake nobela. New Yorketik Buenos Aireserako itsas bidaia batek elkartu ditu Mirko Czentovicz munduko xake txapelduna eta naziengandik ihesi dabilen B. jaun misteriotsua, zeinak maisu handiarekin partida bat berdintzea lortu duen. Errebantxan garailea nor den erabaki bitartean, eleberriko bi protagonista nagusien izaera, jokaera eta psikologia ezin bereziagoan murgilduko gaitu testuak.

Ezin dugu esan narrazioak autobiografiatik ezer ez duenik: B. jaunak bezalatsu, Zweig berak ere nazien garaian Amerikara alde egin behar izan zuen itsasontziz, Brasilera, eta hantxe idatzi zuen istorio labur hau, depresioak jota bere burua hil aurreko hilabeteetan. Haren unibertso literario oparora lehen hurbilketa egiteko modu ona da Xake nobela irakurtzea.

Badute aurrekoarekin loturarik Albert Camusen Arrotza etaHerman Melvilen Bartleby eskribatzailea eleberriek, bi hauetan ere kosta egiten baita protagonisten jokamoldea ulertzea. Obraren hasiera-hasieratik dugu zailtasuna Mersault bulegariaren ibilerak asaldatu gabe segitzeko, “Gaur ama hil da. Edo beharbada atzo ez dakit”. Irakurketak aurrera egin ahala zaigu, berriz, gero eta ulergaitzagoa Bartleby, “aukeran nahiago ez” erantzuten baitio nagusiak egiten dion eskakizun orori.

Izaki xelebreak dira biak, asozialak, eta, hala ere, lortzen dute irakurlearengan nolabaiteko enpatia sortzea. Haien jarrera ulertzen saiatuko gara, haien lekuan ipiniko dugu geure burua, eta desioko dugu bizi dituzten istorioek zorioneko amaiera izan dezaten. Baliteke hala izatea, edo ez.

Historiaren ardatzean atzeraxeago, hortxe dugu Jose Saramagok idatzitako Lisboako setioaren historia. Raimundo Silva testu-zuzentzailea da obrako protagonista –tipo normala, behingoagatik– eta, bere lanaren gainean hausnarrean, honako egoeran kokatzen du irakurlea: zer nolako bilakaera izango zukeen historiak 1147 urtean kristauek ez balute Lisboa konkistatzea lortu?

Zuzentzen dabilen historia-liburuan “bai” jartzen duen tokian “ez” ipintzeak izango lituzkeen ondorioen gaineko pentsaldiak emango dio hasiera kontakizunari. Nolabait, eleberriaren eta historia fikzioa generoaren arteko nahasketa dugu, XX. mendeko Raimundo Silva zuzentzailearen eta konkistaren garaiko istorioen artekoa. Betiere Saramagoren estilo eta puntuazio bere-berezkoan kontatua.

Honaino atzerritik hartu ditudan gomendioak. Italieraz Mazzeti, alemanez Zweig, frantsesez Camus, ingelesez Melvillen eta portugesez Saramago. Euskal itzulpengintzak duen sasoi onaren seinale argia dugu horiez guztiez euskaraz gozatu ahal izatea.

Niretzat ere badator hobby-garaia eta, uda hasiera honetan, adiskide –hau ere on– Tomasek oparitutako Vida y destino irakurriko dut, Vassili Grossman sobietarrak idatzitako 1000 orri pasatxoko liburukotea. Nik dakidala, oraindik ez dugu euskaraz klasiko handi hori, nahiz eta azken aldian errusieratik ere dezente itzuli den. Urrutira joan gabe, Grossman beraren testu batzuk ekarri zituen euskarara Felipe Juaristik eta tartean sartu zituen zituen Vida y destino laneko zatiak.

Esan beharrik ez, momentuz badut nahikoa orri irakurtzeko eta etorkizun hurbileko patua idatzirik dut. Horren ostean euskarazko libururen bat hartzeko asmoa dut. Arestian aipatu dut, dena den, horretan Jon eta gainontzekoek laguntzeko zain nagoela. Haiek esango didate nondik jo.

Erne irakurzaleok. Uda gainera dator!