Bilbo liberalean, Zumalakarregi jeneral karlistak etorbide ezin luzeagoa du, Txurdinaga auzoan hasi eta udaletxeraino, eta Eraso jeneralak ere badu kalea bere izenean, Euskalduna zubi ertzetik Deustun barna. Biak izan ziren setiatzaileen buru, lehendabiziko gerran tropa karlistek hiria inguratu zutenean.
Bilbo euskaldunean, berriz, Bailen kalea eta Somosierra ganeko plaza ditugu. Lehenengoak 1808 urtean frantsesen okupazioaren aurka Jaengo herrian jazo zen bataila ohoratzen du eta bigarrenak urte bereko beste borroka bati egiten dio erreferentzia, Napoleonen tropek Madrilen sartu aurretik garaitu zuten azken oztopoari. Gure inguruan ez dugu nahikoa gatazka izan, antza, eta kanpokoak geureganatu ditugu.
Alta, historian sustraitu beharrean, baliteke arestiko bi kaleak penintsulako geografia oparoaren erakusle izatea. Horrelakorik ez zaigu falta gurean. Ametzolan, Jaen eta Avila kaleak ditugu; Deustun, Burgos eta Logroño kaleak; San Ignazion, Badajoz, Caceres eta Merida; Sarrikoko unibertsitate ondoan, Benidorm kalea eta haren ondoan Mediterraneo itsasoarena; Errekalden, Salou eta Moncada; Santutxun, gradu handiagoa dute Harok zein Almeriak, plaza; guztien artean, nik dakidala, Andaluziak du txapela, kalea eta plaza, biak baititu.
Bilbo errepublikazalean, errege katolikoek etorbidea dute, eta printzipeek kalea. Alfontso XII.aren omenezkoa dugu udaletxeko zubiaren alde batean, Abandon, eta Vianako printzearena bestean, Uribarrin. Horiek horrela, ez da harritzekoa 1937 urtetik monarkiko baten izena edukitzea plaza eliptikoak. Primo de Riveraren diktadurapean izan zen alkate Federico Moyua.
Orain artekoak, inkongruentzia batzuk aipatzearren. Zabalagoa da berrikusi beharrekoen zerrenda. Luze aritu naiteke erlijioaz, errosario santuaz, Pio X. eta Juan XXIII. aita santuez, Banco Bilbao eta Banco de España kaleez, bateko eta besteko politikariez, alkateez. Zenbat eta sakonago murgildu, orduan eta gaitzagoa izango zaigu gure hiriko kaleak izendatzeko irizpideak ulertzea.
Dena da disparatea, zinez, Bilboko kaleetan. Horren erakusgarri ditugu arestiko guztiak baino atsegin handiagoz irakurtzen ditudan kale-izenak. Gimnasio kaleak, Alde Zaharrean, hiriko lehen gimnasioa du aitzakia. Juan de Gardeazabal kaleak, Begoñan, futbol-epaile bat omentzen du. Georgia kaleak, Santutxun, argi uzten du bilbotarron geografia-ezagutza ez dela penintsulara mugatzen. Esperanto kaleak, Errekalden, mundu osorako hizkuntza unibertsala du amets. Txakolin kalea ere badugu Ibarrekolandan.
Tamainako asmakizunekin, agortua irudi lezake irudimenaren iturriak. Begira kale txikiei gertatutakoa. Transito izena ipini zioten kalexka bati Zorrotzan eta, are gatzgabeago, A, B eta C zeharkaleak ditugu Uribarrin. Kaleak letra hutsez izendatzea, horratx gure hiriko izendegiaren goren-asmaketa.
Ororen gainetik, Sancho de Azpeitia da gehien maite dudan kale-izena. Cervantesen liburu klasikoan On Kixotek garaitu zuen zaldun bizkaitarraren omenezko kalea. Hiriko kaleen burugabekeria ikusita, ez iezadazue esan honek behintzat atzean istorio polita ez duenik.
Niri, gainera, umetako garaiak dakarzkidate gogora Sancho de Azpeitiak eta Cervantesek. Ai! Eskolatik irtendakoan zenbat ordu eman nituen jolasean Lepanto guduaren kaleko bi palmondoen artean!