Kalean nabilenean, atsegin dut balkoietako banderetara begiratzea, auzokideen aldarrikapenak argitara ateratzeko bitartekoa direlako, «Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan», gure hiriaren eguneroko eroan ezkutuan dauden arazoak bistaratzen dituztelako, «Ongi etorri errefuxiatuak», espazio publikoak okupatu eta mezu politikoz betetzeko modua direlako, «Euskal presoak Euskal Herrira», diskurtso hegemonikoetan oihartzunik apenas duten iritziak helarazten dizkigutelako, «Bolintxu bizirik», «SOS Alde Zaharra», «Tubacex salba dezagun».
Aurreko molde guztien kontrakoa delako, zalantza dut Athleticeko banderekin. Ez dakit hiriko oihal zurigorri ugariak gustatzen zaizkidan ala ez, edozein izanik haien bertsioa –ikurrinaduna, lehoiduna, kopaduna–. Hain dira normatiboak, hain dute mezu hutsala, kosta egiten zait haiek goratzea. Finaletan bai, orduan ulertzekoa da guztiok ilusioa izatea, baina gainerakoan, zerbait izatekotan, esango nuke bilbotar harrotasunaren erakusle direla, edo bilbotar harrokeriarena, kontuari zelan begiratzen zaion.
Gustuko ditut, bestalde, paretetako grafiti eta muralak. Bilbi plazakoak, esaterako: San Anton aldeko horman «ANTIFAXISTAK» idatzita duena, horrelaxe, letra larriz; haren ondoko bazterrean bozgorailua eskuetan duen neskatorena, mezu eta guzti, «mundu berri bat daramagu bihotzetan»; Xake espaziokoa, Bilbo Zaharra kaleak aldapa gora hartzen duen lekuan, San Frantzisko alderantz, «haizea libre dabil eta gu haizea pasatzen ikusten ohitu gara».
Ez nahastu aipatu grafitiak pintada hutsekin, horiekin ere dudak ditut. Atxuritik Abusurako pasealekuan idatzitako sinadurekin eta «Aberats Kutsatzaileak Are Bastards» esaldi gorri-berdearekin, adibidez. Iruditzen zait aldarrikapenak eta estetikak ez dutela zertan bateraezinak izan eta niri zaindutakoak gustatzen zaizkit, hiriari kolpe bakarrean gatza eta dotorezia ematen dioten horietakoak.
Leihoetan arropa zintzilikaturik ikustean ere poztasun txiki bat hartzen dut. Gero eta gutxiago izaten dut halakorik Bilbon, ez bada Zazpi Kaleetako kantoi estuetan, Urazurrutia kaian edo Zamakola kalean. Baliteke izatea bertako etxeetan beste erremediorik ez dutelako, baina oraindik ere badago arropa guztion bistara eskegitzen duen auzokiderik, eta nik aldarte onean begiratzen dut etxe horietara.
Ez da izango ziurrenik hiriko turistei salduko diegun irudia. Beste bat da haientzako postala: lorez estalitako Puppy, harlauza dotoreko Zubizuri, Erriberako merkatua egunsentian, Arriaga antzokia ilunabarrean. Estu-estu markatuta dugu bisitariek jarraitu beharreko gidoia.
Esan gabe doa nik ere betetzen ditudala bilbotar petoaren mandamentuak. Uribitarten egiten dut korrika, Plaza Berrian jaten ditut pintxoak eta noizean behin San Mamesera joaten naiz. Gustura asko, gainera. Gure hiria, hala ere, aurreko guztiak baino askoz gehiago da, eta komeni da oso-osorik eta mozorrorik gabe azaleratzea munduari.
Ikusten ez dena ez omen da existitzen. Horrexegatik maite dut postaletakoa bezainbeste gure eguneroko hiria –leihoetan arropa zintzilik duena, balkoietan aldarrikapen askotariko mezuak dituena eta kaleko hormetan grafiti koloretsuak erakusten dizkiguna– eta horrexegatik beraxegatik atsegin nituen Atxuriko eskola ondoko etxeetan jarri zituzten pankartak: «Atxuri eta Ibeni jendearentzat», «Gure udalak ez digu aditzen», «Kalea auzokoentzat». Horiei esker jakin nuen udalak autobus geltokia egiteko asmoa duela bertan, bestela kontu hori ikusezina nuke eta.
Azken egunotan bata bestearen atzetik kendu dituzte pankartak leihoetatik. Gustura jakingo nuke auzokideek lortu duten proiektuan aldaketarik egitea ala autobus geltokiaren egitasmoak bere horretan dirauen.