766 orriko eta 245.000 hitzeko obra mardula dugu Martutene. Ez dago dudarik, hortaz, Ramon Saizarbitoria «idazlearen gaitzak» jota dagoela, baldin eta gaitz hori ez den fikziozkoa eta benaz existitzen den. Hala azaltzen digu nobelako ahots narratzaileak: «Idazlearen gaixotasunaren ezaugarria da sormen lanaz lekora beste pozbiderik aurkitu ezina». Idazleek obsesio dutela idaztea, alegia.
766 orritan gorpuzten den gaixotasuna Saizarbitoriarena, autorearen galbiderako bezainbeste irakurleon zorionerako. Liburuan aurreraxeago, ahots narratzaileak diosku Sándor Márai hungariari hartutako ideia dela arestikoa, eta zehatzago honakoa dela aipua: «Sorlanean baizik ezin asea, berebiziko gaitza dutela idazleek irakatsi zidan emakume batek».
Ideia bera ere izan zitekeen jatorrian emakume batena. Katherine Mansfielden hitzak jasotzen ditu Martutene-k: «Atzeman dut ezin dudala idatzi eta aldi berean bizi». Beste neska batek, bien bitartean, goitik behera irauliko ditu eleberriko protagonisten bizimoduak. Donostian ostatu hartuko du Lynn soziologo amerikar gazteak, eta harekin batera murgilduko gara Abaitua eta Pilar mediku-bikotearen bizitzan, Martin eta Julia idazle-itzultzailearenean, Harrirenean eta Keparenean. Liburuan zehar azaleratuko zaizkigu haien guztien desioak eta beldurrak, bertuteak eta ahuleziak.
Bilbo Zaharra euskaltegiak apirilean obra publikatu zela 10 urte beteko direla baliatuko du eleberria 2022. urteko Klasikoen Irakurraldi Jarraian sartzeko. Hamarkada bat, halaber, ETAren jardun armatua amaitu zenetik, eta horrek ere badu tarterik nobelan, hein handi batean atzean utzi dugun mundu bat dagoenez gero Martutene-n: baserritik hirira mugitu zirenena, diktadura-garaian jaiotakoena, borroka armatua ezagututakoena.
Urteurrena aitzakia ezin hobea dugu dagoeneko klasikoa den obrara hurbiltzeko. Ez da eleberri erraza, dena esatera. Arnas luzeko ariketa izateaz gain, une oro erne leitzea eskatzen du. Irakurketan amore ematen baduzue, bila ezazue Jon Intxaurraga uriolakideak azken artikuluan esandakoa, eta hortxe topatuko duzue poz txiki bat.
Ekainaren 8an izango dugu hitzordua Arriaga antzokian. Aurtengoa, gainera, berritasun batekin datorkigu: hiriko batxilergoko ikasleek ere parte hartuko dute irakurketan eta, teknologia berriei esker, pasarteak euskarri digitalean grabatuko dituzte. Ongi etorriak izan bitez belaunaldi eta mundu berriak, euskarak denon bultzada behar du eta. Bertatik bertara batzuk, teknologia tarteko besteak, erronka dugu inoiz baino irakurle gehiago batzea Saizarbitoriaren liburua irakurtzeko.
Agur esateko eleberriko protagonistari lapurtuko diot hitza, niri ere gertatzen baitzait, Saizarbitoria irakurri ostean, protagonistari autore handiekin gertatzen zaiona «adoregabetu egiten du idazten jarraitzeko haren zapataren zorura iristen ez dela egiaztatzeak». Virginia Woolfi ere gertatu omen zitzaion, Marcel Proust irakurritakoan. Ni adoregabetu ez, baina engoitik amaitu egingo dut artikulua. Zaila egiten zait lotsaz gorritu gabe idaztea literaturako klasikoei buruz.
Sándor Márai, Katherine Mansfield, Virginia Woolf, Marcel Proust eta Ramon Saizarbitoria. Batzuek idazlearen gaitza dute, eta gainontzekook idaztearen gaitza. Zer egingo diogu, bada! Disfruta dezagun, uros eta alaiki, Martutene gurean dugun artean. XXI. mendeko klasikoa, XXI. mendeko hirian. «Benetan, Bilbo portu hiri industrial eta itsusiaren nostalgia dauka. Baina onartzen du ederra dela oraingo hau». Ederra baino gehiago, zoragarria espero dugu aurtengo Klasikoen Irakurraldi Jarraia.